Duela hilabete batzuk arte, etorkizunaren inguruko zalantzak ziren nagusi Talgon: nork hartuko zuen enpresaren kontrola, nola konponduko ziren finantza arazoak, eta nola erantzungo zitzaion pilatutako lan kargari. Astearte honetan, ordea, bestelako mezua zabaldu du tren fabrikatzailearen jabe berriak.
Gasteizen egin duen akziodunen batzarrean —iazko abenduan euskal partzuergoak enpresaren kontrola hartu zuenetik egin duen lehenengoan—, zuzendaritzak beste lehentasun batzuk jarri ditu mahai gainean: gehiago ekoiztea, gehiago ikertzea eta Europako tren merkatuan protagonismo handiagoa izatea. Eta horretarako giharra baduela nabarmendu: 6.307 milioi euroko eskaera zorroa, enpresaren historiako handiena.
Jose Antonio Jainaga presidenteak gidatu du batzarra lehen aldiz. Haren esanetan, behar zuen egonkortasuna ekarri diote Talgori azken hilabeteetako akziodun aldaketek eta finantza berregituraketak. «Etorkizunari epe luzeko ikuspegiarekin begiratzeko aukera ematen digu horrek».
«Segur aski, Talgoren historia komertzialeko garairik distiratsuenetako batean gara»
JOSE ANTONIO JAINAGAÂ Talgoko presidentea
Izan ere, iazko abenduan euskal partzuergo batek hartu zuen konpainiaren kontrola. Operazio horren bidez, kapital handitzea eta finantzaketa berria gauzatu ziren, eta, horri esker, konpainiak egitura sendoagoa eskuratu du: 770 milioi euroko mailegu bat eta 500 milioi euroko abalen lerro bat. Horien bidez, azken urteetan pilatutako finantza estutasunak arinduko dituela uste du konpainiak.
Baina zuzendaritzaren ustez, oraindik bada konpondu gabeko auzi bat: Renferekin duen afera. Avril trenen entregen atzerapenek urte luzez baldintzatu dute Talgoren jarduna: 2024 amaieran 116 milioi euroko zigorra ezarri zion Renfek Talgori. Orain, bi aldeak akordioa ixtear daudela azaldu du Jainagak. «Datozen asteetan amaituko dugu akordioa, eta, hala, behin betiko itxiko da azken urteetan konpainiaren gainean egon den ziurgabetasun ekonomikoa».
«Langileak behar ditugu»
Hori izan da batzarreko albiste nagusietako bat. Horrekin batera, enpresaren jabe berriak akziodunen aurrean iazko kontuak azaldu dituzte, baina bereziki aurrera begira dituzten asmoak nabarmendu ditu. Talgok 100 milioi euro inguru galdu zituen 2025ean, baina azpimarratu dute gai izango direla luze gabe horri buelta emateko. Izan ere, azken hilabeteetan lortutako kontratuei esker, eskaera zorroa 4.466 milioi eurotik 6.307 milioira handitzea lortu du tren ekoizleak.
«Segur aski, Talgoren historia komertzialeko garairik distiratsuenetako batean gara», adierazi du Jainagak. Hazkunde horren atzean daude, besteak beste, Alemaniako Flix Train operadorearekin sinatutako kontratua, Suediako Trafikverket erakundearen enkargua eta Saudi Arabiako abiadura handiko tren berriak.
Rafael Sterling zuzendari nagusia antzera mintzatu da. Azaldu duenez, konpainiak aurten aurreikusita zeuzkan adjudikazio bolumenak gainditu ditu dagoeneko. Haren esanetan, mantentze kontratuek gero eta pisu handiagoa dute negozioan, eta horietako batzuk 2054ra artekoak dira. Horrek epe luzerako diru sarrera egonkorrak bermatzen dizkio enpresari.

Baina eskaera zorroaren tamainak bestelako erronka bat ekarri du: trenak garaiz fabrikatzeko gaitasuna. Azken urteetan ekoizpen ahalmenaren mugak arazo bihurtu dira Talgorentzat, eta hainbat kontratu moldatu edo atzeratu behar izan ditu. Horregatik, Jainagak argi utzi du lehentasuna ez dela kontratu gehiago lortzea, baizik eta dagoeneko sinatuta daudenak garaiz gauzatzeko gaitasuna handitzea.
Helburua anbiziotsua da: ekoizpen ahalmena bikoiztea 2028. urtea amaitu aurretik. Horretarako, konpainiak ehun milioi euro inguru inbertituko ditu Ribabellosa (Araba) eta Las Matas (Madril) lantegietan, eta ehunka langile gehiago kontratatuko. Lehen urratsak martxan daude: Rivabellosan berrehun langile berri sartzea aurreikusi zen 2027 amaierarako, eta horietatik 53 kontratatuta daude dagoeneko.
«Trenen industrian lan egin nahi duten pertsonak behar ditugu», esan du Jainagak, eta bereziki soldatzaileak, margolari industrialak eta ingeniariak erakartzeko zailtasunak aipatu ditu.
Mezua erakundeei
2026ari begira, zuzendaritzak aurreikusten du fakturazioa 700 milioi eurotik gorakoa izatea, azken urteetako handiena. Halaber, azken bi urteetako galeren ondoren, ustiapen emaitza positiboetara itzultzea espero du.
Batzarraren amaieran, Jainagak mezu zuzena helarazi die Espainiako erakundeei. Talgok parte hartu nahi du Renfek datozen urteetan egingo duen abiadura handiko tren erosketarik handienean, 4.100 milioi eurotik gorako kontratu batean.
Konpainiako buruek nabarmendu dute Talgoren trenak lehiakideenak baino arinagoak direla eta %35 energia gutxiago kontsumitzen dutela, eta herritarrek «nekez» ulertuko luketela Espainiako administrazioek Talgoren teknologiak kontuan ez hartzea eta beste herrialde batzuetako ekoizleak lehenestea etorkizuneko erabakietan.
ETORKIZUNEKO TRENENTZAKO «LABORATEGI BAT» EUSKAL HERRIAN
Ekoizpena handitzeko planarekin batera, berrikuntzaren aldeko apustua ere indartu nahi du Talgok. Akziodunen batzarrean, iragarri du Euskal Herrian ikerketa unitate berri bat sortuko duela: Talgo Tekno Rail.
Zentro berria Euskal Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Sarean integratuko da, eta konpainiaren etorkizuneko garapen teknologikoaren ardatz izan nahi du. Haren helburua izango da hurrengo belaunaldiko tren irtenbideak garatzeko gaitasun teknologikoak lantzea.
 Enpresak ez du zehaztu oraindik non kokatuko duen unitatea, ezta zenbat baliabide izango dituen ere, baina argi utzi du berrikuntza izango dela datozen urteetako estrategia nagusietako bat. Talgoko buruen ustez, lehiakortasuna ez da soilik ekoizpen gaitasunaren edo prezioaren araberakoa izango: «Energia kontsumoa, interoperabilitatea, irisgarritasuna eta material berrien garapena ere funtsezkoak izango dira Europako tren merkatuan».
Â
Â