Tapiak ohartarazi du egungo jarduerarekin ez dela enplegurik sortuko

Industriaren egoerarekin «bereziki kezkatuta» azaldu da Ekonomia sailburua, eta produkzio gerturatzea defendatu du, hornikuntza arazorik ez izateko.

Arantxa Tapi sailburua eta Iñigo Urkullu lehendakaria enpresa batera eginiko bisita batean, koronabirusaren krisiaren aurretik. ANDONI CANELLADA (FOKU
jokin sagarzazu
2020ko ekainaren 12a
11:26
Entzun

Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburuak adierazi duenez, gaur egun Araba, Bizkai eta Gipuzkoako industria jardueraren % 55-60ra dago, eta horrek ez du enplegua sortzen. Egoera ekonomikoarekin kezkatuta azaldu da: «Unea da berriro hasteko, berriro lan egiteko, eskaria aktibatzeko eta gure enpresak funtzionamenduan eta lehiakor mantentzeko», adierazi du Onda Vasca irratian eginiko elkarrizketa batean.

Tapiak gogorarazi du ostalaritza, kultura eta turismoa bezalako sektore batzuk «erabat itxita» egon direla, eta haien egoera «beste batzuena baino askoz kritikoagoa» izango dela. Dena den, nabarmendu du industriaren egoerak «bereziki kezkatzen» duela, BPGan duen pisuagatik. «Sektore industrial indartsu batek eramango du gure ekonomiak aurrera egitera, eta modu bizi, azkar eta eraginkorrean babestu behar dugu, eta berehala suspertu».

Industriaren sektorean koronabirusaren krisia bereziki kolpatzen ari den alorra da autogintzarena. Horren harira, Tapiak gogoratu du aurreko igandean zortzi autonomia erkidegok, tartean EAEk, gutun bat bidali diotela Espainiako Gobernuari, estrategia bateratu bat eskatzeko. «Harrituta» azaldu da Industria ministroak gutuna jaso izanari erantzunik eman ez diolako.

Industriarekin loturik ere, produkzioa hurbiltzearen beharraz mintzatu da sailburua. Esan du osasun materialekin izandako arazoek erakutsi dutela ekoizpenaren «katebegi batzuk urrun izateak eta hornitzaile bakarra izateak» izan ditzakeen ondorioak. «Dibertsifikatu, maila kritikoak identifikatu eta hornidura lokalagoa izan behar dugula erakutsi digu gertatutakoak. Mundu osoan gertatu da, eta Txinan denok borrokatu gara beharrezko hornidurak edukitzeagatik, baina hori ezin da berriro gertatu», ohartarazi du. «Hornidura bermatu behar da, eta hori Euskaditik egin daitekeela ziurtatu», azpimarratu du.

Enplegua aldi baterako erregulatzeko espedienteez ere mintzatu da, Espainiako Gobernua hango sindikatu nagusiekin eta patronalekin izaten ari den elkarrizketei buruz, aldi baterako erregulazioak irailaren 30era arte luzatzeko egitasmoaz —EAEko krisi mahaian, berriz, aldi baterako erregulazioan dauden langileek jasotzen duten saria osatzeaz ari dira negoziatzen—. Tapiak gogorarazi du Iñigo Urkullu lehendakariak Espainiako Gobernuari eskatu dion neurrietako bat dela luzatzea. Haren ustez, gaur egun uztartu egin behar dira enpresek likidezia izatea eta enpleguei eutsi ahal izatea, «enpresak ahalik eta lehiakorrenak izan daitezen eta beren esparruan onenak izateko».

Cebek: «Susperraldia nabari da»

Francisco Javier Azpiazu Cebek Bizkaiko patronaleko idazkari nagusiak Herri Irratian eginiko elkarrizketa batean, esan du susperraldia «martxan» dagoela, oraingo argazkia «itsusia eta txarra» den arren; gogorarazi du Bizkaiko BPGa %7-9 jaitsiko dela aurten, eta 34.000 lanpostu galduko direla lurraldean. Susperraldiaren adibide gisa jarri du Bizkaian krisiaren hasieran aldi baterako erregulazioan zeuden langileen ia erdiak beren lanpostuetara itzuli direla, eta %80 dela kopuru hori industriaren arlo batzuetan.

Aldi baterako erregulazioak osatzeko negoziazioei buruz, esan du neurria «ideia ona» iruditzen zaiola, eta zehaztu du Cebek ados dagoela «20.000 eurotik beherako soldatak osatzearekin». Bizkaiko patronalaren ordezkaria ziur agertu da «denontzako ona den akordio interesgarri» bat egingo dutela.

Jakinarazi du negoziazioetan traba nagusia izaten ari dela zehaztea zer ekarpen egin beharko lituzketen Jaurlaritzak eta enpresek erregulazioan dauden langileen soldatak osatzeko. Alde bakoitzak %10 jarriko dutela dioten informazioei dagokienez, esan du du proposamen horrek inoiz ez duela «ibilbide oso luzerik» izan eta gobernuak ere ez zuela horrela planteatu hasieran. «Esan zigun osagarri hori berak jarriko zuela osorik». Era beran, jakinarazi du aldi baterako erregulazioan dauden langileen gizarte segurantzako kotizazioak ordaintzeko enpresentzako laguntzak ere negoziatzen ari direla.

Bestalde, azpimarratu du egungo egoera ez dela duela hamar edo hamabi urtekoa bezalakoa, ez dela «egiturazko krisi bat». Eta susperraldia gauzatzeko denbora beharko den arren, gertatuko dela. «Susperraldia jada agerikoa da, baina argi dago bi hilabete eta erdiko geldialdia izan dugula, kasu batzuetan % 100ekoa, eta horren eragina urte osoan nabarituko dugula».

Azpiazuren hitzetan, denda txikiak eta ostalaritza dira «krisia gehien pairatu dutenak»; horiekin batera, autogintzaren eta aeronautikarekin sektoreak aipatu ditu. Autogintzari dagokionez, adierazi du elektrifikazioaren eta jasangarritasunaren inguruan «batzuek zabaldutako zalantzak» alde batera utzi behar direla, uste horiek sektoreari kalte egiten diotelako eta kontsumitzaileen jarrera baldintzatzen.

Lan erreformaz ere mintzatu da Azpiazu, eta nabarmendu du egun indarrean dagoen araudiari eutsi behar zaiola. Gogoratu du aldi baterako erregulazioen tresna azken erreforman sartu zela. Horrez gain, esan du garrantzitsua dela enpresek «antolatzeko malgutasuneko elementuak» izatea, «irauteko eta garatzeko aukera izan dezaten». «Enpresek ez dute zurruntasun gehiagorik behar, ezta beren jarduera mugatzen duen elementurik ere». Azpiazuren esanetan, horrek ez luke lagunduko inbertsio eta kontratazio gehiago egiten. «Izan gaitezen zentzudunak, eta ken diezaiogun ideologia une honetan enpresek eskatzen dutenari». Hala ere, prest agertu da bi gairi buruz hitz egiteko: behin-behinekotasunaz eta enplegu politika aktiboei buruz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.