Koronabirusa

EAEko ekonomiak %4,7 egin zuen behera konfinamendu hasieran

Eustatek ziurtatu du iragarri baino handiagoa izan zela beherakada. Urte arteko tasa -%3,2ra jaitsi da, daturik txarrena 2009az geroztik. Okerragoa izango da urteko bigarren hiruhilekoan

Iker Aranburu.
2020ko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Duela aste batzuk emandako datuak zuzendu egin ditu Eustatek, okerrerako zuzendu ere. Haren arabera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako barne produktu gordinak %4,7 egin zuen behera 2020ko lehen hiruhilekoan, 2019ko azkenarekin alderatuta. Lehen kalkuluan, %4,5eko beherakada eman zuen. Halaber aldatu du urte arteko tasa: jarduera ekonomikoa %3,2 jaitsi da, eta ez %3, aurretik esan bezala. Egoera normal batean, gehien erreparatzen zaion datua urte arteko tasa izan ohi da, joerak garbiago ikusten direlako. Oraingoan, ordea, hiruhilekoko tasak garrantzi handiagoa du, hobeto erakusten duelako bat-bateko kolpe ekonomiko baten neurria.

Datuak oso txarrak dira; halako urte arteko tasa negatibo bat ikusteko 2009ra jo behar da, finantzetan hasitako krisia ekonomia errealera hedatu zenean. 2009ko bigarren eta hirugarren hilekoan %4,7 uzkurtu zen BPGa. Oso litekeena da kopuru horiek txiki uztea aurtengo bigarren hiruhilekokoak, epe horren lehen zatian gertatu baitzen konfinamenduaren faserik gogorrena—jarduera ia guztiak geratuta izan ziren bi astez— eta luzeena.

Berez, lehen hiruhilekoaren zatirik handienean, BPGak goranzko joera zuen, eta martxoaren 15ean abiarazitako konfinamenduarekin hasi zen erorikoa.

Iragarpenak asteartean

Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ekonomia sailburuak asteartean emango ditu 2020rako aurreikuspenak. Itxialdiaren hasieran, BPGa %3,6 gutxituko zela iragarri zuen, baina gutxienez hori halako bi izatea espero da orain. Iragarpenak okertudituzte erakunde guztiek, ikusita jarduera asko geratu dela eta kosta egiten ari zaiola berriro erritmoa hartzea. EBZk, esaterako, %8,7ko beherakada iragarri zuen herenegun.

Sektore guztiek jasan dute itxialdiaren eragina. Urte artekotasan, industriak izan du bilakaerarik txarrena (-%3,6), martxoko bigarren astean itxi egin zituztelako Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako lantegirik handienak, eta besteetako askok ere bide hori hartu zuten, ez zutelako modurik langileen segurtasuna bermatzeko.

Zerbitzuak %2,8 urritu ziren, baina horren barruan oso alde handiak izan dira. Ostalaritzaren erabateko itxierak ekarri du Merkataritza, Ostalaritza eta Garraioak atalak %4,2ko galera izatea. Administrazio publikoek, ordea, jarduera handitu zuten (+%1,2), zerbitzu asko erabat geratu arren osasun zerbitzuan aparteko gastua egin behar izan zelako.

Eraikuntzak %2,7ko galera izan du lehen hiru hilabeteetan. Lehen sektoreak, berriz, %3,5eko ekarpen positiboa izan zuen, elikagaien ekoizpena oinarrizko zerbitzua izanik hari ez ziotelako eragin debeku gehienek.

Gastu publikoa euskarri

Eskariari dagokionez, administrazio publikoen gastuan ikusi da datu positibo bakarra (+%4,1), besteetan erorikoak oso handiak izan baitira: familien gastua %4,8 txikitu da, eta kapital eraketa gordina (inbertsioa), berriz, %3,6. Kanpo merkataritzaren etena askoz handiagoa izan da: %7,5 txikitu dira esportazioak, eta %7,3 inportazioak.

Enpleguak ere kolpe handia jaso du. Lanaldi osoaren baliokide diren lanpostuetan neurtuta, 2019ko azken hiruhilekotik 2020ko lehenengora %3,8 gutxitu zen enplegua, eta %2,8 urte arteko tasan.

Arabako ekonomia %3,3 txikitu da azken urtean, %3,2 Bizkaikoa, eta %3,1 Gipuzkoako
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.