TTIParen aurkako nazioarteko protestaren egunaren atarian, Europako Batasuna eta AEBak negoziatzen ari diren merkataritza libreko akordio horren alde azaldu da Eusko Jaurlaritza. Arantza Tapia Ekonomia Garapen eta Lehiakortasunerako sailburuaren ustez, akordioak mesede egingo die Arabari, Bizkaiari eta Gipuzkoari. Bere esanetan, merkataritza harremanak liberalizatu diren bakoitzean, «irabazi» egin du hiru herrialdeen ekonomiak. Gogoratu du AEBak direla esportazioen hirugarren helmuga handiena, eta handitu daitezkeela akordioaren bidez.
TTIPari buruz EH Bilduk egindako galdera bati erantzun behar izan zion atzo Tapiak Eusko Legebiltzarrean. Itzulingururik gabe mintzatu zen: bere gobernua haren alde dago. Mundua orain «globala» dela nabarmendu zuen, eta itun horrek merkataritza, inbertsioak eta trukea hobetuko dituela.
Ia bi urte daramatzate bi aldeek Atlantikoaren bi aldeetan «benetako merkatu bateratu bat» sortzeko eginahaletan. Itun horrek mesfidantza handia sortu du Europan; ez hainbeste mugasarien balizko desagerketarengatik, baizik eta haren puntu batzuek botere handia eman diezaieketelako enpresei estatuen aurrean.
Akordioaren gaineko kontrol demokratikoa izango dela esan du, ordea, Tapiak, eta kritikoei ohartarazi die egungo egoeran ezin direla «autarkia eta muga itxiera» aldarrikatu.
Protestak gaur
Sailburuaren azalpenek ez dute Oskar Matute EH Bilduko legebiltzarkidea konbentzitu. Haren iritziz, lanaren, osasunaren eta herrien burujabetzaren kontrako «eraso zuzena» da TTIP akordioa. Itunaren onarpenari buruzko galdeketa bat antolatzea eskatu zion Jaurlaritzari.
TTIParen aurkako lau ekitaldi daude deituta gaur Euskal Herrian: Donostian 12:00etan bilduko dira Bulebarrean; Baionan 14:00etan elkartuko dira Askatasunaren plazan; manifestazioak izango dira, Iruñean —18:00etan, autobus geltoki zaharrean—, eta Bilbon —20:00etan, Moiuan—.
Tapiak ziurtatu du TTIPa «onuragarria» izango dela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu