Taxilariak, zatiturik

Taxirik ez da izango Araban, Nafarroan eta Bizkaian, baina bai, ordea, Gipuzkoan. Bilera dute gaur Espainiako Gobernuak eta erkidegoek

Greba egiten ari den taxilari bat, kanpin denda batean atseden hartzen, atzo, Bartzelonan. QUIQUE GARCIA / EFE.
Iker Aranburu.
2018ko abuztuaren 1a
00:00
Entzun
Taxilarien grebak hirugarren eguna beteko du gaur Bizkaian, Nafarroan eta Araban. Espainiako Gobernuak sektorearen arazoak konpontzeko nahiko konpromiso hartu ez dituela eta, atzo gauerdian amaitzekoa zen greba luzatzea erabaki zuten. Gipuzkoarrak, ordea, lanera itzuli ziren gauerdian, espero baitute Madrilek irailerako agindutako lege dekretuak irtenbide bat eman dezakeela.Nafarroako Aitan elkarteak erabakia hartu zuen iluntzean: Espainiako Elkarte Nazionalaren kide den heinean, harekin bat egin zuen.

Taxilarien grebaren iraupenean garrantzi handia izan dezake Espainiako Gobernuak eta autonomia erkidegoek Madrilen gaur arratsaldean egingo duten bilera. Irailean zen egitekoa, baina aurreratu egin du Madrilek, erkidegoek zeresan handia izango dutelako gatazkaren konponbidean,VTC autoak arautzeko eskuduntza haien esku utzi nahi duelako. Taxilarien elkarteek jakin nahi dute erkidegoek jarrera bateratua izango ote duten beren eskaera nagusia betetzeko. Hau da, esku hartuko ote duten auto gidaridunen baimenak kendu eta Espainiako Gobernuak dekretu baten bidez ezarriko duen ratioa errespetarazteko —VTC bakar bat, 30 taxiko—.

Grebaren bigarren egunak erantzun handia izan zuen atzoHego Euskal Herrian. Normal-normal bete zituzten gutxieneko zerbitzuak, batez ere mugitzeko zailtasunak dituzten pertsonentzakoak. Gutxieneko zerbitzu horiek zabaltzeko asmoa dute taxilari bizkaitarrek, taxien beharra duten herritarrei kalterik ez eragiteko.

Autoen karabana, gaur

Bezperan ez bezala, atzo ez zuten autoen karabanarik egin, eta Loiuko aireportuan bilduta izan ziren taxilari asko eta asko. Gaur, ordea, beren haserrea adierazteko ibilaldi bat egingo dute: Loiuko aireportutik aterako dira 10:00etan, eta, Areetatik igaro ondoren, Ibaizabalen ondotik Bilbo erdialdera joango dira, poliki, zirkulazioa trabatzeko moduan.

Saltsa handiagoa dago beste leku batzuetan. Bartzelonan, taxilariek ostiralaz geroztik okupatzen dituzte erdialdeko bi kale nagusi, Passeig de Gracia eta Gran Via de les Corts Catalanes. Greba bertan behera uzteko aukera aipatu zuten atzo, baina Generalitatearekin hitz egin ondoren, erabaki zuten gutxieneko zerbitzu batzuk ezartzea, erietxeei eta «behar handia dutenei» zerbitzua emateko.

Madrilen, berriz, Castellana pasealekuko hamar errailetatik zortzi okupatzen jarraitzen dute taxilariek, joan den asteburuaz geroztik.

VTCekoekin bilera

Bezperan taxilarien elkarteekin bildu ondoren, Pedro Saura Espainiako Garraio Estatu idazkaria VTC sektoreko patronalarekin elkartu zen atzo, Unautorekin. Elkarte horretako presidente Pedro Martinek eskatu zion ez men egiteko taxilarien «txantaiari», eta VTC autoen aurkako erasoak amaitzeko neurriak hartzeko. Haren datuen arabera, ehun auto txikitu dituzte.

Ikusita Auzitegi Gorenak 30/1 ratioa ontzat hartu duela, Unautoren eskaera nagusia da kopuru hori aurrera begira betetzea, eta ez eragitea 2009-2015eko epean emandako baimenei. Jose Luis Rodriguez Zapateroren Omnibus zerbitzuen liberalizaziorako legeak muga oro kendu zituen VTC sektorean, eta orduan emandako eta epaitegiek orain berretsitako baimenek ekarri dute, hein handi batean, orain 30/1 ratio hori ez betetzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.