Tecnaliak hogei milioi inbertituko ditu enpresen berrindustrializazioa sustatzeko

Hiru urteko plan estrategikoa abian jarri du Tecnaliak. Ikerketa eta garapen zentroak fabrikazio adimenduan, mugikortasunean eta digitalizazioan erabiltzen diren instalazioak zabalduko ditu.

Jesus Valero Tecnaliako zuzendari nagusia eta Alex Belaustegi presidentea, 2024ko datuen balantzearen aurkezpenean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Jesus Valero Tecnaliako zuzendari nagusia eta Alex Belaustegi presidentea, 2024ko datuen balantzearen aurkezpenean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
14789412 kepa
Bilbo
2025eko maiatzaren 5a
14:45
Entzun 00:00:0000:00:00

Merkatuetako gaur egungo ziurgabetasun eta konplexutasun egoera kontuan hartuta, enpresekiko lankidetza indartu nahi du Tecnaliak. «Aldaketa hain bizkorra da, ezen enpresa sarea tenkatzen ari baita», adierazi du gaur Jesus Valero ikerketa eta garapen zentroko zuzendari nagusiak, iazko ekitaldian izandako jarduerari buruzko datuen aurkezpenean. «Berrindustrializazioa beharrezkoa bihurtu da, merkatuaren eskakizun berrietara egokitzeko. Horrenbestez, I+Ga inoiz baino estrategikoa eta globalagoa da, eta Tecnaliak erronka hauei erantzuteko lan egin behar du, industriarekiko harremana sendotuz».

Hori posible egiteko, abian jarri dute 2025etik 2027ra arteko plan estrategikoa. Bide horretan, aurten, Tecnaliak hogei milioi euroko inbertsio plana egingo du ekipamendu estrategiko eta azpiegitura berrietan, eta lehendik dauden azpiegiturak eguneratzeko.

«Berrindustrializazioa beharrezkoa bihurtu da, merkatuaren eskakizun berrietara egokitzeko. I+Ga inoiz baino estrategikoa eta globalagoa da, eta Tecnaliak erronka hauei erantzuteko lan egin behar du, industriarekiko harremana sendotuz»JESUS VALEROTecnaliako zuzendari nagusia

Horretaz gain, behar dituzten erronketara egokitzen lagunduko ditu «bikaintasun foku estrategikoak»; eta fabrikazio adimenduan, mugikortasunean eta digitalizazioan erabiltzen diren instalazioak zabalduko ditu. Hain zuzen ere, ikerketa eta garapen zentroak bikaintasun gune estrategikoen artean kokatu ditu: automatizazio malgua, zibersegurtasuna, sare elektrikoen digitalizazioa, hidrogenoaren sorkuntza eta banaketa, eraikuntzaren esmartizazioa eta sendagaiak fabrikatzeko teknologiak. Baina, horiek sustatzeaz gain, «teknologia kritikoak» garatu nahi dituzte, hala nola adimen artifiziala, zientzia kuantikoa, robotika adimenduna eta material aurreratuak.

Eragin soziala

«Planaren helburua da Tecnaliak enpresen eraldaketa eragile gisa duen zeregina indartzea eta haiei etorkizuneko erronketara egokitzen laguntzea», Valerok azaldu duenez. Besteak beste, berrindustrializazioa eta talentu bikaintasuna sustatuko dituzte, industria sarearen arazoei aurrea hartzeko.

Estrategia horrek, alderdi ekonomikoan ez ezik, alderdi sozialean ere eragin nahi du: «Gure lehentasuna da BPGan, industria sarean, haren fakturazioan eta sortutako enpleguan dugun eragina areagotzea. Eta, aldi berean, enpresekiko jardueran hazi nahi dugu, enpresen eta gizartearen zerbitzura dagoen tresna bat garelako». 2024an, Tecnaliaren jarduerak 793 milioi euroren ekarpena egin zion iaz Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako BPGari.

«Gure lehentasuna da BPGan, industria sarean, eta enpleguan dugun eragina areagotzea. Eta, aldi berean, enpresekiko jardueran hazi nahi dugu, enpresen eta gizartearen zerbitzura dagoen tresna bat garelako» JESUS VALEROTecnaliako zuzendari nagusia

Inpaktu ekonomikoa eta soziala ikerketa teknologikoaren eta berrikuntzaren bidez indartu nahi ditu Tecnaliak: «Horiek izan behar dira enpresen eta gizartearen eraldaketa eragile nagusiak, etorkizuneko erronketara egokitu daitezen: fabrikazio adimentsura, eraldaketa digitalera, trantsizio energetikora, mugikortasun jasangarrira, osasunera, elikadurara, hiri ekosistemara eta ekonomia zirkularrera, alegia».

Plan estrategiko horren beste erronketako bat da balio erantsi handiko teknologietan oinarritutako industria sare berria sortzea, ingurunea berrindustrializatzen laguntzeko eta berrikuntzako hub-en sorrera sustatzeko, enpresa berriak sortuz eta Tecnaliak sortuta zeuzkan enpresen eragina eta balioa bultzatuz.

2024ko balantzea 

Europako hegoaldeko ikerketa eta garapen teknologikoko zentro handiena da Tecnalia, Valerok nabarmendu duenez. 2024a jarduera handieneko urtea izan du: 4.600 soluzio teknologiko baino gehiago garatu ditu, enpresa sareari etorkizuneko erronketara egokitzen laguntzeko, merkatuen egungo ziurgabetasun eta konplexutasun egoera betean.

Garapen horien kopurua %10 handitu da azken bi urteetan, eta enpresen berrindustrializazioa sustatzea izan dute helburu. Besteak beste, adimen artifiziala, hidrogenoa, konputazio kuantikoa, zibersegurtasuna, fabrikazio malgua, deskarbonizazioa, ekonomia zirkularra eta mugikortasun jasangarria sustatu dituzte.

Tecnaliaren estrategia hori I+Ga enpresetara transferitzean oinarritzen da. Horren haritik, proiektu berriak gauzatu ditu: dagoeneko 10.200 enpresarekin baino gehiagorekin egin du lan zentroak hamalau urteko ibilbidean.

1.525

Tecnaliak zenbat langile dituen. Tecnalia ikerketa eta garapen zentroak 1.525 adituz osatutako talde bat du gaur egun. Horrez gain, beste 208 pertsonak lan egiten dute zentroaren partaidetza peko enpresetan. Langile kopurua bikoiztu egin zen 2024an.

Jabetza Intelektualaren salmentaren atalean, jabetza industrialaren salmentari eta patente eskaerei esker, 2024an zazpi milioi euroren diru sarrerak lortu zituen ikerketa eta garapen zentroak, eta hogei deeptech enpresa berritan parte hartu zuen. Horren bitartez, hamazazpi milioi euroko fakturazioa lortu zuen, hau da, %83ko hazkundea izan du aurreko urtearekin alderatuta. Gainera, 683 patente eta 323 software erregistro ditu zorroan.

2024an izandako erronka teknologiko nagusien artean, energiaren arloan, laborategi aitzindari bat abian jarri zuen hidrogenoa sortu, biltegiratu, garraiatu, banatu, erabili eta haren segurtasuna bermatzeko teknologiak garatzeko. Gaur egun, 50 proiektutik gora daude martxan hidrogenoaren teknologiak ikertzeko eta baliozkotzeko, baita industrializazioa bizkortze aldera teknologia horiek garatzeko ere.

Digitalizazio industrialaren esparruan, berriz, hiru plataforma disruptibo jarri ditu martxan, superkonputazioko zentro bat, datu laborategi bat eta hodei pribatu bat konbinatzen dituztenak, enpresen transformazio digitala bizkortzeko. Hori garatzeko, enpresa sareen digitalizazioan nazioarteko liderrak diren Arista, Dell, Nvidia eta Red Hat enpresekin lankidetzan jardun du Tecnaliak. Gaur egun, superkonputagailu hori hirurogei enpresa baino gehiagoren ehun proiektu baino gehiagotan ari da lanean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.