Tentsio autonomikoa

Defizit eta zor muga berriak salatzeko, plantoarekin erantzun diote Kataluniak eta Andaluziak Espainiako GobernuariJaurlaritza ere ez dago ados, baina beteko duela dio, %0,1eko superabita duelako orain

Iker Aranburu.
2012ko abuztuaren 1a
00:00
Entzun
Espainiako Gobernuaren eta haren menpeko autonomia erkidegoen arteko borroka gogortzen ari da. Madrilek lortu du PPren esku dauden autonomia erkidegoen matxinada hasi aurretik zapuztea, baina beste alderdien kontrolpekoek ez dute hain erraz amore eman. Ezarri dizkieten defizit eta zor mugak salatzeko, Kataluniak uko egin zion atzo Zerga eta Finantza Politikako Kontseiluan parte hartzeari. Andaluziako Juntako ordezkariak bilera hasi eta ordubetera egin zuen alde.

Zerga eta Finantza Politikako Kontseiluaren atzoko bileraren ondotik, autonomia erkidegoek asko jota BPGaren %1,5eko defizita eduki ahal izango dute aurten, eta %0,7koa datorren urtean. Gehienez ere %16ko zor publikoa izango dute. Asturiasek (PSOE) eta Kanariek (CC) aurkako botoa eman zuten, eta aldekoa PPren kontrolpean daudenek.

Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernuak ez zuen botorik eman, alde biko harremana dutelako estatuarekin. Hala ere, praktikan onartu egin dituzte mugak. Jaurlaritzak, gainera, azaldu du muga horiek betetzeko moduan izango dela. EITBri egindako adierazpenetan, Carlos Agirre Ogasun sailburuak iragarri du urteko lehen erdia %0,1eko superabitarekin bukatu duela. «Horrek esan nahi digu urtearen amaieran ziur aski beteko dugula %1,5eko defizit helburua». Urteko lehen hiruhilekoan %0,25eko superabita izan zuen Jaurlaritzak. Nafarroak ez du artean bere emaitzaren berri izan, baina urtearen hasiera nola joan zitzaion ikusita —%1,44ko defizita zuen jada—, lanak izango ditu muga betetzeko. Berdintsu zorrari dagokionez: %10,2koa du Jaurlaritzak eta %14,5ekoa Nafarroak.

Egoera are okerragoa da udalentzat eta foru diputazioentzat, datorren urtean debekatuta daukatelako defizita izatea. Helena Franco Gipuzkoako Ogasun diputatua kexatu da muga horiekin praktikan esku hartuta daudela diputazioak, ez dutelako marjinarik gastu murrizketak ez den beste ezer egiteko.

Marjin osoa, Espainiarentzat

Haserrea are handiagoa da ikusita Europako Batzordeak beste urtebeteko epea eman diola Espainiako Gobernuak bere defizita %3tik behera uzteko, eta aurtengo muga %5,3tik %6,3ra igo diola. Tarte gehigarri hori, ordea, beretzat gorde du Madrilek. Jarrera horren aurka mintzatu zen Agirre atzoko bileran.

Urrunago joan da, berriz, Kataluniako Gobernua, Andreu Mas Colell Ekonomia kontseilariaren Madrilerako hegazkin txartela aurreztea erabaki baitu. «Ez du zentzurik bilerara joatea dena aurretik erabakia badute PPren egoitzan», salatu du Francesc Homs Generalitateko bozeramaileak. Haren ustez, Espainiako Gobernuak arduragabekeriaz jokatu du erkidegoei defizitaren mugak ez handituta. «Aho txikia- rekin hori uste dute erkidego guztiek, eta horregatik deitu zituzten atzo [herenegun] PPk kontrolatutakoak diziplina ezartzera».

Generalitatearen jarrerak agerian utzi du Katalunia eta Espainiako gobernuen arteko tentsioa handitzen ari dela. Generalitateak hutsik ditu kutxak, eta daukan diru apurra soldata publikoak ordaintzeko erabiliko duenez, hilaren amaierarako utzi du zerbitzu kontzertatuen ordainketa —zaharren etxeak, adingabekoenak, ospitale pribatuak, drogazaleak artatzeko zentroak...—. Atzerapen horren errua Madrili egotzi dio Kataluniako Gobernuak, agindutako 500 milioi pagatzen ez dizkiolako. Irtenbidea finantzaketa sistema berria dela esan du Homsek, eta horixe aldarrikatu zuen, hain zuzen ere, joan den astean Kataluniako Parlamentuak. Zehazki, Hego Euskal Herriko moduko kontzertu ekonomikoa eskatu du Kataluniak. Espainiaren erantzun ofizialaren zain dago, baina ezezkoa espero duenez, alde bakarreko neurriak hartuko dituela iradoki du.

Andaluziarekin ere arazoak ditu PPren gobernuak. Bilera uztean, Carmen Martinez Aguayo Juntako Ogasun sailburuak salatu du Madrilek zorpetzea ere mugatu nahi diela. Andaluziaren kasuan, BPGaren %15,1etik %13,2ra jaisteko 3.000 milioi aurreztu beharko ditu Juntak. «Horrek esan nahi du kontuetan %2ko superabita izan beharko dugula; neurriz kanpoko eskaera da hori».

Espainiako Gobernua bera defizitari eutsi ezinik dabil: urteko lehen sei hiruhilekoetan %4,04ko defizita pilatu du, urte osorako jarritako %3,5eko mugatik gora. Hein batean, erkidegoei funtsak aurreratzeak eta langabezia saria pagatzeko diru gehiago jartzeak eragin dute desbideraketa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.