Tokio-Zangoza-Tokio, globalizazioa garraiatzeko ehun metroko kamioia

Pieza eoliko erraldoi bat daraman konboi ikusgarri bat abiatuko da gaur Pasaiatik Zangozara

Japoniako konpainiaren pieza erraldoia Zangozara daraman garraio berezia, Pasaiako portuan. GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA.
xabier martin
2016ko azaroaren 15a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Globalizazioaren adierak askotarikoak dira. Gaur gauean Pasaiako portutik Zangozara abiatuko den garraio ikusgarriarekin topo egiten duen gidariarentzat errepideko eragozpen bat izango daakaso adiera hori. Japoniako konpainia baten pieza eoliko erraldoi bat eramango du ia ehun metro luze den garraio bereziak. Tokioko multinazional ezagun batek piezaren zorroztasuna aztertu nahi du, eta Zangozara (Nafarroa) eramatea erabaki du, Cener energia berriztagarrien zentroaren LEA laborategira. Han probatu eta Japoniara eramango du berriro bueltan. Globalizazioaren adiera Tokioko enpresa horrentzat da ez dela gaindiezinezko eragozpenik ehunka tonako pieza bat munduan zehar eramateko proba batzuk egin daitezen, eta etxera ekartzeko berriro.

Nacelle esan dioten pieza hori haize errota mota baten prototipoa da, Japoniako itsasoan ipintzeko diseinatua. Nafarroako LEA munduko probaleku bakarrenetakoa da azterketa hori egiteko gaitasunarekin; ez da handiagorik, eta errota eoliko japoniarraren neurriak hala eskatzen du.

Cenerrek, Espainiako eta Nafarroako gobernuen esku dagoen zentro teknologikoak, 30.000 metro koadroko probalekua dauka (LEA), eta potentzia goreneko aerosorgailuak aztertzeko gai da. Zangozako energia berriztagarrien zentroan ohituak daude enkargu bereziekin, baina Tokioko multinazionalaren piezak errekorrak ezarriko ditu. Cenerrek ezin du informaziorik eman asteon jasoko duen enkarguaren inguruan; «konfidentzialtasun klausulak zorrotz errespetatu behar ditugu», esan zioten atzo BERRIAri zentroko iturriek.

Eta errepide sarean zer?

Horiek horrela, gaur gauean abiatzekoa da Pasaiatik Nacelle pieza daraman konboia —gauez mugituko da soilik (23:30-5:30)—. Hiru kamioik eramango dute 94,8 metro luze den garraio berezia. Bik aurretik tirako diote zamari, eta hirugarren batek atzetik bultzatuko du; laugarren bat ere alboan joango da, besteren bat matxuratuz gero erabiltzeko. 6,5 metro da zabaleran garraioa, 5,3 altueran, eta 514,4 tonako pisua dauka. Errepide sareak berak proba galanta izango du garraio berezi horrek bere bidea egin dezan Zangozaraino. 60 kilometro egingo ditu Gipuzkoan barna, eta Etzegaratetik sartuko da Nafarroan. Handik Zangozara 106 bat kilometro egin beharko ditu, 166 kilometroko ibilbidea osatu arte. Aurretik esanda doa: neurri bereziak hartuko dituzte garraio erraldoiak errepideko eremu estuenak eta bihurgune itxienak saihesteko. Batez beste orduko 15 kilometroko abiaduran joango da.

Aintzane Oiarbide Azpiegituretako diputatu gipuzkoarrak atzo azaldu zuenez, arazorik handiena garraioaren luzera da. Ehun metro horiekin ezin da pasatu zenbait bihurgune eta lotunetatik; biribilguneak oztopo larria dira, esaterako. Horregatik, ad hoc ibilbide bat diseinatu dute, ahal den neurrian horrelako oztopoak saihesteko, eta horrek esan nahi du eremu batzuetan behar duen norabidean ez, alderantziz egingo duela aurrera konboiak. Horrez gain, bi norabideak itxi beharko dituzte zenbait tartetan, eta bypass-ak jarriko dituzte. Halaber, hainbat farola eta trafiko seinale ere kendu egin beharko dituzte. Hilabete batzuk barru, LEAko probak amaitzean, operazioa errepikatu egingo da, baina kontrako norabidean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.