Toña: «Nahiago dut patronal bakarra egotea negoziatzeko»

Eusko Jaurlaritzako Enplegu sailburu Angel Toña, artxiboko argazki batean. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
xabier martin
2015eko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Enpresari txiki eta ertainen talde batek abiarazi berri duen Garenpatronalaren inguruan Jaurlaritzak duen posizioa argitzen hasi da Enplegu sailburu Angel Toña. «Nahiago dut herrialdeko enpresarien borondate orokorra islatzen duen erakunde bakarrarekin hitz egin». Lakuak ez du nahi egungo lan harreman korapilatsuetan beste subjekturik patronalen artean, hitz horien arabera. «Dauzkaten arazoak [enpresariek] euren artean konpon ditzatela; bestela, elkarrizketa zailagoa izango da». Toñak uste du Garen egituratzeko eskubidea baduela Iñaki Zuloaga presidentea buru duen taldeak, baina nahiago du patronal bakarra egotea negoziatzeko orduan.

Enplegu sailburuak garbi esan zuen atzo, Bilboko Forum Europan, enpresariak, sindikatuak eta politikariak «derrigortuak» daudela «interes sozialaren alde guztien sakrifizioak eskatu dituzten akordioak» lortzera. «Gehiengo nahikoa» duen «akordio orokorra» nahi du Toñak, «euskal esparrua babesteko» beharrezkoa delako.

Eredu berri baten alde

ELA eta LAB sindikatuei mezu argia helarazi zien sailburuak, haiek aipatu gabe. Lan harremanen eredu berri baterako «trantsizioaren alde» dagoela ohartarazi zien, nahiz eta onartu prozesu horrek «Euskadin zailtasun bereziak» dituela. Gobernuak sindikatuen eta patronalen «autonomia» ezin duela ordezkatu onartu zuen, halaber, baina horrek ez du esan nahi Jaurlaritzak «neutral» izan behar duela.

Horiek horrela, Confebaskek Elkarrizketa Sozialerako Mahaiaren azken bileran egindako proposamena gogorarazten duen ideia sorta mahairatu zuen. «Enpresa kultura berria eraiki behar da, ez bakarrik irabazietan oinarriturik». Toñaren ustez, «gardentasun handiagoa egon behar du enpresetan, eta langileek parte hartze handiagoa eduki behar dute kudeaketan».

Horrelako eredu bat enpresa mailako akordioan sustraitu daiteke, sailburuaren ustez, baina «sektoreen erreferentea» ezinbestekotzat jotzen du, eredu hori hedatu dadin. Beraz, itun sektorialak «enpresen baldintzekinmalgu» izan daitezen nahi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.