Toñak salatu duenez, lan erreformak ez du agindutako ezer bete

«Enplegurik ez du sortu, eta are gutxiago kalitatezkoa», kexu da Jaurlaritzako sailburua, erreforma onartu zutenetik hiru urtera.Eragile sozialei eskua luzatu die lan erreformari aurre egiteko

Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2015eko apirilaren 16a
00:00
Entzun
Zalaparta sortu zuen proposamenak, eta Hego Euskal Herrian greba orokor zabal bat onarpenak. Mariano Rajoyk, boterera iritsi eta gutxira, lan erreforma jarri zuen martxan, eta aurkako ahotsek ozen egin zuten oihu. Hiru urte pasatu ondoren, apaldu da zalaparta, eta orain hausnarketa egiteko garaia dela uste du Raul Arza UGT-Euskadiko idazkari nagusiak. Horretarako, sindikatuak jardunaldi batzuk antolatu ditu, Juan de los Toyos eta Largo Caballero fundazioekin batera, eta bertan iritzi bilketa egin dute. Lehen egunean, Angel Toña Jaurlaritzako Enplegu sailburuari egin diote gogoeta egiteko gonbita, eta hark egin du berea: «Erreformak ez du balio izan esan zen horretarako». Eta, gero, bete gabeko promesak zerrendatu ditu: enplegurik ez da sortu; sortu direnak ez dira kalitatezkoak, eta gizartean ezberdintasuna areagotzen ari da. «Kaleratzeak erraztu egin dira, eta lana eta familia uztartzeko trabak jarri». Hori Toñak utzi duen hausnarketa.

Lan munduan ezberdintasunak areagotu direla ere esan du sailburuak. Eta datua jarri die ezegonkortasun horiei. Azaldu duenez, lanaldi osoan lan egiten duten beharginen kopurua 3,4 puntu jaitsi da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta lanaldi murriztua dutenen langileen kopurua %20ra igo da. Bestetik, azken hiru urtean Gizarte Segurantzan izen emanda dauden langileak 23.000gutxiago dira. Toñak larritzat jo ditu lan erreformak hiru urte hauetan utzi dituen datuak.

Baina enplegu sorrerari ez erantzuteaz gain, lan baldintzak arautzen dituen negoziazio kolektiboa ere bertan behera utzi duela azaldu du sailburuak. «Negoziazio kolektiboan, lan esparruko harremanak desorekatu egin dira, sektoreko hitzarmenen gainetik enpresakoak jarrita». Hori onartuta, trabak gainditzeko deia egin die eragile sozialei, «guztiei». Gogorarazi du gobernuaren helburua «pertsona guztiak» direla, interes kontrajarriak izan arren, eta dei egin du denen artean erreformari aurre egiteko: «Lan erreformaren ondorioei aurre egiteko eragile guztiek zabalik daukate nire bulegoko atea».

Baina sailburuak aipatu duenpuntu hori izan da, beste behin ere, sindikatuak elkarrengandik bereizteko giltza. Arzak, behinik behin, ELAk negoziazio kolektiboaren inguruan duen jarrera kritikatu du: «Iaz 25.000 pertsonari eragiten dieten 200 enpresa hitzarmen inguru sinatu ziren. Eta hori ez da ezer kasik 400.000 langile hitzarmenik gabe edo berritzeko zain dauden honetan». Gogorarazi du hitzarmenak sinatzeko ezintasuna daukatela, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako enpresa gehienak txikiak direlako, eta horregatik azpimarratu du, berriro ere, sektoreko itunen garrantzia.

Lan erreformaren balorazio txarra egin du Arzak ere: «PP gobernura iritsi zenean baino okerrago gaude. Langabezia handiagoa da; langile gutxiago dago; soldatek behea jo dute, eta langileen arteko oreka apurtu egin da». Gizarteari dei egin dio, ekonomia berpizten ari den honetan egoera duela hiru urte baino okerrago dagoela esanez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.