«Merkatuan duen tokiari eutsi ahal izateko», ekoizpena murriztea erabaki du Torraspapel taldeak. Horretarako, itxi egingo du Zornotzan (Bizkaia) duen paper fabrika. 150 langile inguru aritzen dira han, eta urtero 32.000 tona paper ekoizten ziren. Enpresako ordezkariek adierazi dutenez, plan sozial «egoki» bat aurkeztuko du langileentzat. Zornotzako Udalak enplegu programen bidez kalean geratuko diren langileei lagunduko diela jakinarazi du.
Zornotzako fabrika ez ezik, Algecirasekoa(Espainia) ere itxiko du Torraspapelek. Kataluniako Sarria de Ter herriko lantokian, berriz, paper estukatua egiteari utziko diote, eta langileak hura ere itxiko duten beldur dira. Hain zuzen, protestak egin zituzten atzo enpresaren erabakia salatzeko. Langile batzordearen arabera, enpresak dituen 328 langileetatik 204 kaleratu nahi ditu.
Enpresako ordezkariek adierazi dutenez, bi arrazoik «behartu» dituzte enpresak ixtera. Alde batetik, papergintzan mundu guztian dagoen krisiak, eta bestetik, gaur egungo egoera ekonomikoak.
Beste bi lantoki ere baditu Torraspapelek Euskal Herrian: Berrobin (Gipuzkoa) bat, Uranga izenekoa eta Leitzan (Nafarroa) bestea. Horietan orain arte adina ekoizten jarraituko dutela adierazi du enpresak. Baita Katalunian eta Espainian dituen gainerako enpresetan ere.
CVC arrisku handiko kapital taldeak kudeatzen du Torraspapel eta Bartzelonan du egoitza nagusia. 3.100 lagunek egiten dute lan dituen bederatzi enpresetan, eta urtean 902.000 tona paper inguru saltzen dituzte. Iaz, 890 milioi euroko fakturazioa izan zuen, eta 15 milioi euroren irabazi garbiak eduki zituen urte amaieran.
Torraspapelek itxi egingo du Zornotzan duen lantegia
Enpresaren arabera, papergintzaren krisiak eta gaur egungo egoera ekonomikoak eragin dute enpresaren itxiera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu