Tourraren atarian, Bizkaiko ostalaritzak lanuzteak egingo ditu ekainaren 29an eta 30ean

ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek antolatu dituzte lanuzteak, Hitzarmenik gabe, hotelik eta zerbitzurik gabeko Tourra lelopean.

Bizkaiko ostalaritza sektoreak ekainaren 1ean egin zuen protesta, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
Maddi Iztueta Olano.
2023ko ekainaren 12a
10:54
Entzun

Lan hitzarmena berritu ezean, egun osoko lanuzteak egingo ditu Bizkaiko ostalaritza sektoreak ekainaren 29an eta 30ean. ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek deitu du grebara, Hitzarmenik gabe, hotelik eta zerbitzurik gabeko Tourra lelopean. Izan ere, Bilbon hasiko da 2023ko Frantziako txirrindularitza itzulia, uztailaren 1ean, eta espero da egun horietan lan karga handia izango dela sektorean.

Pandemia aurretik berritu zuten azkenekoz Bizkaiko ostalaritza sektoreko lan ituna, hots, 2020ko urtarrilean. Ordutik ez da soldata igoerarik izan, eta erosahalmena «nabarmen» txikitu zaiela salatu dute sektoreko langileek eta sindikatuek. KPI kontsumo prezioen indizea %12 ingurukoa da egun, eta sektoreko prezioek %15 egin dute gora hiru urteotan. Baina, sindikatuen arabera, patronalak «uko» egiten dio KPIaren araberako soldata igoera eskaintzeari.

Horrez gain, lanaldiak kontrolatzeko fitxaketa sistema bat ezartzeko, urteko lanaldia murrizteko eta azpisektoreei berme gehiago emateko ere eskatu dute. Izan ere, salatu dute lanaldi amaigabeak «oso ohikoak» direla sektorean. Batez ere, lan karga handia izaten duten jatetxeetan eta hoteletan.

Bizkaiko ostalaritza sektorean 20.000 pertsonak baino gehiagok egiten dute lan. Eta kolektibo hori hiru azpisektoretako langileek osatzen dute: jatetxe eta tabernetakoek, hoteletakoek eta ospitaleak eta ikastetxeak hornitzen dituztenek.

Egoera, luzatzen

Sindikatuak eta patronalak otsailaren 6an bildu ziren azkenekoz. Horiek hala, sindikatuek salatu dute patronalak ez duela «asmorik» konponbide bat topatzeko, eta negoziazio mahaia «blokeatuta» dagoela.

Berriro bildu eta akordiorik adostu ezean, hil honetako bigarren greba deialdia izango dute ekainaren 29an eta 30ean. ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek bederatzi orduko lanuzteetara deitu zuten ekainaren 1erako, eta grebak eta lanuzteak egin zituzten urrian ere.

Ikusi gehiago:Akordiorik ezean, protesta gehiago izango dira Bizkaiko ostalaritzan

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Irakurrienak
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.