Egunkariakoa, absoluzio eta guzti ere, tragedia izan den bezala, Greziakoa ere hala da. Bidegabekeria izan da bat, bideragarritasungabekeria izan liteke bestea. Euroak 1,36ra jauzi egin arren eta periferiako merkatuek (tartean geureak) ospatu arren, oxigeno pittin bat baino ez da luze joko duen estualdirako. Oraingoz ospatzea erabaki zuten bankuek eta Santander (+%2,05) erraldoiak eta dibidendua ordaindu zuen BBVAk (+%1,13) bultzada burutu zuten, Bankinterren (+%2,81) laguntzaz. 2.181 milioiren salerosketa izan zen Ibex-35eko (+%0,58) akziotan. %2na pasako galerak izan zituzten Iberia eta Telecincok baina, gainontzean, irribarrea izan zen nagusi akzio azokan nahiz Andoainen, tragediaren nondik norakoak ezagutu arren. Ikuskizun dago Greziari emandako 30.000 milioiren absoluzioak zenbat irango duen. Auzi ekonomikoa edo politika ekonomikokoa, zehatzago. Ferrovial (+%3,19) izan zen indizeko txalotuena.
Edurnezurik (+%0,53) Telecom Italiarekin (+%1,86) ez bategiteko araudi eta politikako trabak nabarmendu dituzte Deutsche Bankeko (+%0,4) analistek euren azken txostenetan. Aire garraiokoak baino zailagoak dira, itxuraz, bategiteok.
BBVAk eta Santanderrek milana milioi euroren zorra jaulki zuten atzo nazioarteko merkatuan. Finantza erakunde gutxik dute Espainian horrelakorik egiteko ahalmena gaur-gaurkoz. Sala i Martin ekonomialariak tsunamia iragarri die, berregituraketarik ezean.
Tragedia (izan) da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu