Donald Trump Amerikako Estatu Batuetako presidenteak goizaldean iragarri du %10 eta %12,5 arteko muga zergak ezarriko dizkiela 60 herrialdetatik heldutako inportazioei. Hamazazpi herrialdetatik eratorritako ondasunek %10eko muga zerga orokorra izango dute, beste zenbaitek %12,5ekoa, eta beste batzuen ehunekoa produktuaren araberakoa izango da.
Esaterako, Europako Batasuneko herrialde guztiek %10eko muga zerga orokorra izango dute. Mexikori ere eragingo dio Trumpen erabakiak, nahiz eta Mexikoko Gobernuak iragarri duen bere herrialdeko esportazioen %85 jada USMCA akordioak barne hartzen dituela. India, Japonia, Hego Korea, Taiwan, Suitza, Kanada eta Erresuma Batua ere badaude zerrendan, eta produktu motaren eta jatorriaren araberakoa izango dute tasa. Txinari %12,5eko zerga orokorra jarri dio, baina produktu gehienetan hortik gorakoak ditu, eta horiek negoziatzen jarraitzen dute bi herrialdeek.
Orain arte indarrean zen Washingtonek ezarritako %10eko behin-behineko muga zerga orokorra —otsailean jarri zuen martxan—, eta hori iraungi eta ordu batzuetara iragarri du Trumpek beste hau.
Jamieson Greer AEBetako ordezkari komertzialaren bulegoak martxoan egindako ikerketa bat hartu du erabakia argudiatzeko oinarritzat, AEBetako lege komertzialaren 301. atalaren baitan. Atal horrek aukera ematen dio AEBetako presidenteari «bidegabeko merkataritza praktikak, justifikatu ezin direnak edo diskriminatzaileak» egiten dituzten herrialdeen aurka muga zergak ezartzeko.
Muga zergak AEBetako presidentearen agenda ekonomikoaren ardatz izan dira agintaldiaren hasieratik. Saiatu izan da muga zerga orokorrak aplikatzen, baina AEBetako Auzitegi Gorenak atzera bota dizkio gehienak. Horregatik jarri ditu martxan 301. atala eta antzeko beste tresna legal batzuk.
Lan behartuak
AEBetako Gobernuak zera leporatu die zerrendan ageri diren ekonomiei, ez dituztela behar bezala betearazten lan behartuaren bidez ekoitzitako ondasunen inportazioa eragozten duten arauak. Washingtonen arabera, horrek kalte egiten die AEBetako enpresei eta langileei.
AEBetako Gobernuaren esanetan, ikerketak justifikatu egiten du halako neurri komertzial bat hartzea. Hala ere, aginduak ez du zehazten zer jotzen den lan behartutzat, ezta zein herrialdetan egiten diren ere praktika horiek. Halaber, ez du argitaratu Bruselak debeku hori behar bezala zaintzen ez duela frogatuko lukeen ikerketaren emaitzarik. Horrenbestez, Trumpek argudiatu du, besteak beste, Europako Batasunak badituela lan behartua debekatzeko arauak, baina ez dituela behar bezala betearazten.
Bruselan adi
Neurriak, gainera, tratamendu berezia ezartzen die dagoeneko merkataritza akordioak lortu dituzten bazkide batzuei, tartean Europako Batasunari, Japoniari, Hego Koreari eta Suitzari. Akordio horien arabera, hainbat produktu muga zergatik salbuetsita daude edo tasa orokorrekoak baino handiagoak, besteak beste, erdieroaleak, produktu farmazeutikoak, altzairua, aluminioa, automobilak, hegazkin zibilak eta informazio materialak.
Europako Batasunaren kasuan, oraingo honetan ere ez dago argi tasa orokorrarekin zer gertatuko den. Iazko udan Turnberryn (Eskozia) lortutako akordioaren arabera, EBko produktuei %15eko muga zerga ezarri zien Washingtonek; orduan, tasa hori lehentasunezkotzat jo zuten. Orain, ordea, baliteke Europako blokea desabantailan geratzea, beste herrialde batzuek %10eko tasa ordainduko baitute.
Dena den, Trumpek dagoeneko mehatxu egin die Google tasa ezartzen duten herrialdeei, eta ohartarazi die agian haien produktuei %100eko muga zerga ezarriko diela.