Trumpek %30era igo du EBri ezarritako muga zerga, negoziazioetan estu hartzeko

Abuztuaren 1era arteko epea eman dio akordioa egiteko. Bruselak era berean erantzuten badu Trumpek muga zerga handitu egingo duela ohartarazi dio.

Donald Trump AEBetako presidentea, ostiralean. YURI GRIPAS / EFE
Donald Trump AEBetako presidentea, ostiralean. YURI GRIPAS / EFE
jokin sagarzazu
2025eko uztailaren 12a
17:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Egindako mehatxua bete egin du Donald Trumpek. Hitzez, behintzat. Baina hori benetan hala izango den ala ez abuztuaren 1ean jakingo da. AEBetako presidenteak larunbat honetan Bruselari jakinarazi dio egun horretatik aurrera %30eko muga zerga orokor bat ezarriko diela Europako Batasuneko esportazioei, aurretik merkataritza akordio bat edo horren trazak dituen tratu bat egiten ez badute, edo hori egin arte.

Iragarrita zegoen Trumpek aste honetan halako ohartarazpen bat egingo zuela, eta larunbat honetan bete du; hala, agerian utzi du baldintzatu egin nahi dituela abian diren negoziazioak. Berak sortutako Social Truth sare sozialaren bidez esan du gutun bat bidali diola EB Europako Batasunari, eta Bruselak baieztatu egin du erabakiaren berri egun bat lehenago izan zuela. Kezkatuta mintzatu da Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidentea: «EBko esportazioei %30eko muga zergak ezartzeak izugarri kaltetuko lituzke hornidura kateak, eta horren eraginak Atlantikoaren bi aldeetako enpresek, kontsumitzaileek eta gaixo direnek nabarituko lituzkete». Negoziazioak bizkortzearen alde azaldu da, baina akordiorik ezean, EBk «erantzun irmoa» emango duela ohartarazi du.

Trumpen arabera, Mexikori ere bidali dio gutun bat, eta hari ezarritako muga zerga orokorraren berri eman dio: %30koa da hura ere. Bi herrialde horiez gain, aste honetan beste 24k jaso omen dute antzeko abisu bat. Orain arte, AEBek birekin baino ez dute lortu aurretiazko akordio moduko bat: Erresuma Batuarekin eta Vietnamekin. Adibidez, %10eko muga zergak ezarri dizkie britainiarren ia esportazio guztiei. EBri ere horrelako muga zerga ezarriko dion ustea oso zabaldua dago Bruselan, jendaurrean inork halakorik onartu ez duen arren.

Txinarekin ere abian ditu negoziazioak Etxe Zuriak. Hari ezarri asmo dizkio muga zerga handienak — %115eko tasa orokorra— , baina Pekinek neurri berean erantzun die orain arteko mehatxuei. Hala, bi aldeek su eten moduko bat hitzartu zuten maiatzean, Genevan. Abuztuaren 12an amaituko da Trumpek Xi Jinpingi jarritako epea. Hari, baina, ez dio gutunik bidali oraingoz.

Arre eta so

Etxeko Zuriko maizterrak aste honetan ezarri nahi zizkien muga zerga berriak gainerako herrialdeei. Trumpek apirilaren 2an hasi zuen merkataritza gerra mundu osoarekin. EBko esportazioei %20ko muga zergak ezarriko zizkiela iragarri zuen, baina erabakia behin-behinean eten, eta hiru hilabeteko epea jarri zuen merkataritza akordio berri bat negoziatzeko, aste honetako asteazkenera arte. Epea bukatu baino egun bat lehenago, abuztuaren 1era arte luzatzea erabaki zuen.

Azkenean bere mehatxua beteko balu, apirilean iragarritakoa baino hamar puntu handiagoa izango litzateke muga zerga orokor berria. Gainera, Trumpek larunbat honetako mezuan ohartarazi duenez, EBk kontraerasora joko balu, %30etik gorakoa izango litzateke. Hala ere, akordio bat egiteko prest azaldu da mezu berean.

Apirilean, Trumpek bere asmoen berri eman zuenean, Brusela erantzun bat diseinatzen hasi zen; horren arabera, 26.000 milioi euroren balioa duten AEBetako esportazioei muga zergak jarriko lizkiekete —besteak beste whiskia, motozikletak eta ehungintzako artikuluak zergapetuko lituzkete—. Etxe Zuriko negoziatzaileek plan hori baztertzeko eskatu diete Bruselakoei.

EBk eta AEBek aste batzuk daramatzate negoziatzen, eta, jakin denez, muga zerga orokorra apaltzeaz gain, zerga batzuetan salbuespenak ezartzea eskatu du Bruselak. Adibidez, Alemania presio handia egiten ari da autoei eta autoen osagaiei dagokiena apaldu dezaten, eta gauza bera egiten ari da Frantzia sektore aeronautikokoekin. Gogoratu behar da zerga orokorrez edo elkarrekiko muga zergez gain AEBek badituztela beste muga zerga batzuk indarrean: autoen eta autoen osagarrien gainekoak (%25), eta aluminioari eta altzairuari jarritakoak (%50).

Horrez gain, Trumpek mehatxu egin du beste hainbat salgairi sektoreko muga zergak ezarriko dizkiola, eta aukera hori ikertzen ari direla adierazi du. Aste honetan adierazi duenez, kobreari %50eko muga zerga ezartzea aztertzen ari da, eta sendagaiei, %200ekoa.

Ikusi beharko da zer gertatuko den abuztuaren 1era bitarte. Trumpek epe muga hori jarri izanak badu arrazoi bat. Haren plana AEBetako botere judizialaren esku dago, eta epaileek uztailaren 31ra arteko epea dute legezkoa den ala ez ebazteko. Izan ere, larrialdietarako boterea erabiliz ezarri zituen muga zerga berriak AEBetako presidenteak, eta kongresuaren babesa beharko luke hori egiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.