Trumpek aro berri batean sartu du nazioarteko merkataritza

Gauerditik indarrean daude AEBek herrialde gehienei jarritako muga zerga berriak. EBk espero du bere botikek eta mikrotxipek ere %15eko zerga izango dutela.

Edukiontziak Berlingo gune logistiko batean. CLEMENS BILAN / EFE
Edukiontziak Berlingo gune logistiko batean. CLEMENS BILAN / EFE
Iker Aranburu.
2025eko abuztuaren 7a
15:53
Entzun 00:00:00 00:00:00

Donald Trumpek abiatutako gerra komertziala ziurtasun handiagoko fase batean sartu da. Gauerdiaz geroztik, enpresek badakite beren produktuek zenbateko muga zerga izango duten AEBetako merkatuan sartu ahal izateko. Bukatu dira, neurri batean bederen, Donald Trumpen sare sozialetako mezuetan idatzitako zenbaki apetatsuak, eta ekoizpen kateak berriro osatzeko eta inportatzaileekin prezioak negoziatzeko ordua iritsi da.

Gerra gehienetan bezala, eta modu sinplean azalduta, bi alde daude: AEBak batean, eta munduko beste 192 estatu independenteak bestean. Batetik, muga zergak inportazio gehienei handitzea politika ekonomiko ona dela uste duen gobernu bat, eta, bestetik, halako gatazka batean sartzea komeni ez dela uste dutenak.

Azken horien artean, gehiengo oso zabala dira AEBen zerga handiagoei beren neurri propioekin ez erantzutea erabaki dutenak. Multzo horretakoa da Europako Batasuna: nahiago izan du porrot politiko bat irentsi, bere sektore nabarmenei —autogintza, luxua, edariak, janariak...— min handia egingo zien erabateko gerra komertzialean sartu baino. Kalte ekonomiko ahalik eta txikiena onartu du, nahiz eta horren prezioa izan den berriro ere bere ezintasun politikoa agerian uztea.

%15eko muga zerga jasoko dute aurrerantzean Euskal Herriko eta Europako Batasuneko produktu gehienek, baina badira zergarik gabekoak (hegazkinak), baita muga zerga handiagoa ordainduko dutenak ere (altzairua). Hain zuzen ere, Europako altzairugileek uste dute horren kaltea bikoitza izango dela: oso zaila izango dute AEBetan beren produktuak saltzea, baina, bestalde, AEBetan salduko ez den altzairua EBra iritsiko da, eta bertako ekoizleak itoko ditu. Horregatik, EBri neurri babesleak hartzeko eskatu dio Siderexek, EAEko siderurgiako klusterrak.

Tarifa batzuk, airean 

Oraindik ez dago Washingtonen eta Bruselaren arteko akordioaren agiri ofizialik, eta airean dago nolako zerga izango duten produktu batzuek. Olof Gill Europako Batzordeko Merkataritza gaietarako bozeramaileak gaur esan du espero dutela AEBek beren hitza beteko dutela eta %15eko muga zerga jarriko diela EBren sendagaiei eta mikrotxipei ere.

Baina ez dago garbi hori denik Trumpen asmoa. Izan ere, jakinarazi du datorren astean zehaztuko duela botikei zenbateko tasa ezarriko dien; hasiera batean txikiagoa izango da, denbora emateko botikagileei beren ekoizpena AEBetara eramateko, baina epe laburrean asko igoko duela dirudi.

Mikrotxipei dagokienez, atzo esan zuen mikrotxipei %100eko muga zerga jarriko ziela, baina ez zuen esan noiz egingo duen hori, eta AEBetan inbertsioak egiten dituzten enpresak salbuetsiko zituela jakinarazi zuen. Azken horien artean egongo da munduko mikrotxip ekoizlerik handiena, Taiwango TSMC, planta bat baduelako Arizonan eta muga zergei izkin egiteko AEBetan 100.000 milioi dolarren inbertsioak egingo dituela iragarri duelako.

%39

 

Suitzako produktuen muga zerga. Suitzak %10eko muga zerga espero zuen, baina %39koa jarri dio Trumpek. Karin Keller-Sutter Suitzako presidentea Washingtonen izan da aste honetan, baina esku hutsik itzuli da. Gainera, bere solaskidea Marco Rubio Estatu idazkaria izan da (Atzerri ministroa), eta ez du lortu merkataritza gaiak daramatzan inorekin aurrez aurre hitz egitea. Erlojuak, sendagaiak eta harribitxiak dira Suitzaren esportazio nagusiak.

Herrialde gehienek badakite zer muga zerga izango duten beren produktuek AEBetan, baina badira salbuespen esanguratsu batzuk. Muga zergak elkarri gehiago ez igotzeko su eten bat hitzartu zuten maiatzean Txinak eta AEBek, eta hil honen 12an bukatzen da akordio bat lortzeko elkarri jarri zioten epea. Adostasunik ez bada, gerra komertzialaren fronte nagusietako bat izango da, Pekinek argi utzi baitu gogor erantzungo duela.

Bi potentzia ekonomiko nagusien arteko norgehiagokaren ondorioak jada ikusgai daude merkataritza datuetan. Muga zergei aurrea hartu nahian, urtearen lehen hiruhilekoan AEBetako enpresek handitu egin zuten Txinako produktuen erosketa, baina orduz gero txikitu dira. Ekainean, Txinarekiko defizit komertziala azken hamarkadetako apalena izan zen, baina ikusteko dago joera bat ote den, ala AEBetako enpresek oraindik biltegiak beteak izatearen ondorio. Gainera, azken hilabeteetan, berriz, Txinak gehiago esportatu du Vietnamera eta Asia hego-ekialdeko beste herrialdeetara, eta horietako produktu batzuek azkenean AEBetan bukatuko dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.