Trump berriro hasi da mehatxuka zerbitzu digitalen gaineko zerga dela eta

Zergak eragina du AEBetako teknologia enpresa handietan, hala nola Google, Meta, Amazon eta Applen, eta diru iturri garrantzitsu bat dira Europako herrialde batzuentzat.

Sakelako telefono bat Europako Parlamentuan, Google tasa eztabaidatu duten saioetako batean. PATRICK SEEGER / EFE
Sakelako telefono bat Europako Parlamentuan, Google tasa eztabaidatu duten saioetako batean. PATRICK SEEGER / EFE
2025eko abuztuaren 26a
18:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Donald Trump AEBetako presidenteak mehatxuari ekin dio berriro. Oraingoan, zerbitzu digitalen gaineko zerga izan du hizpide, ez baitzaio gustatzen. Izan ere, zerbitzu horien gaineko zergek zuzenean eragiten diete AEBetako teknologia enpresa handienei, hala nola Googleri, Metari, Amazoni eta Appleri.

Zerga hori enpresa teknologiko handienen diru sarreren gainean aplikatzen da. Finean, gobernuek zerga jartzen diete enpresa teknologikoei, beren herrialdeko erabiltzaileekin lortutako dirua oinarri hartuta. Publizitatearekin, streamingarekin edo datuen salmentarekin lortzen dute enpresa teknologikoek dirua. Multinazional horiek gehienbat digitalki ematen dute zerbitzua, eta, beraz, gobernuek argudiatzen dute ez dela jada eraginkorra zergak egoitza fisikoen arabera ezartzea.

Erresuma Batua, Frantzia, Espainia eta Italia dira gaur egun zerga aplikatzen dutenetako batzuk, eta Trumpek mehatxu egin die herrialde horiei muga zerga gehiago eta handiagoak ezarriko dizkiela eta esportazioak murriztuko dituela. Truth Social sare sozialean egin du Trumpek salaketa: «Zerga eta erregulazio digitalak AEBetako teknologiaren kontra egiteko diseinatuta daude», esan du, eta mehatxua ere bota du: «AEBetako presidente gisa, kontra egingo diet gure enpresa teknologiko eredugarriei eraso egiten dieten herrialdeei».

Europako Batasunak, berriz, herrialdeek zerga horiek ezartzeko duten eskubidea defendatu du. «EBren eta bere estatu kideen eskubide subiranoa da gure lurraldean gure balio demokratikoekin bat datozen jarduera ekonomikoak arautzea», adierazi du Paula Pinho Europako Batzordeko bozeramaileak.

Ez da lehen aldia Trump haserretzen dela zerga horiek direla eta. Lehen agintaldian, 2020an, mehatxu bera egin zuen. Orduan, adibidez, Frantziako produktuen gaineko %25eko muga zergak ezartzeko planak aurkeztu zituen, baina, azkenean, ez zuen mehatxua bete. Orduan, OCDE Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundearen erantzunari itxaron zion. Erantzuna oraindik ez da iritsi. 

Frantzia izan zen lehenengotariko herrialdea zerbitzu digitalen gaineko zerga ezartzen, 2019an, eta enpresa teknologikoek herrialdean lortutako diruaren %3 jasotzea lortu zuen. Ehuneko bera aplikatzen da oraindik ere, eta gainontzeko herrialdeek ere kopuru hori dute ezarria gutxi gorabehera —Espainiak, %3koa; Erresuma Batuak, %2koa...—. OCDEk hortik beherakoa ezarriko balu, behar baino diru gehiago jaso duten gobernuek dirua bueltatu beharko liekete multinazionalei.

Arautzea falta

Europako gobernuek hartutako neurriak, gainera, behin-behinekoak dira, eta onartzen dute ez dela guztiz zuzena zergak diru sarreren gainean ezartzea eta ez irabazien gainean. OCDEri itxaroten ari dira, tributazio arauak noiz eta nola ezarriko, baina prozesua motela izaten ari da. Oraingoz, EBk ez du zerbitzu digitalen gaineko zerga bateraturik. Herrialdeen artean desadostasunak daude, eta bakoitzak erabakitzen du zerga ezarri ala ez.

AEBek eragindako merkataritza gerra betean, Kanadak zerga hori kendu zuen ekainean, negoziazioak errazteko. Erresuma Batuak, berriz, %2ko zergari eustea lortu zuen, AEBekin lortutako akordioan. Zerga honek diru sarrera gero eta handiago bat bermatzen die gobernuei. François Bayrou Frantziako lehen ministroak adierazi du aurten bere gobernuak ia 775 milioi euro jasotzea espero duela zerbitzu digitalen gaineko zergarekin.

ERRESERBA FEDERALA ERE JO PUNTUAN

AEBetako Erreserba Federaleko gobernadoreetako bat, Lisa Cook, kargugabetzea erabaki du Donald Trump presidenteak, eta Cookek erantzun dio ez duela kargua utziko, besteak beste, AEBetako Gobernuak ez duelako eskumenik Erreserba Federalean esku hartzeko. 

Trumpen arabera, Cookek bere etxebizitzari buruzko datu okerrak eman zituen mailegu bat eskatzean, baina oraingoz ez dago inongo auzibiderik zabalik horrekin. 

Ez da Trumpek AEBetako banku zentralari egindako lehen mehatxua, hilabeteak daramatza-eta Jerome Powell Erreserba Federaleko presidenteaz gaizki esaka, eta bankuari interes tasak jaisteko exijitzen. Orain, Powellek zerbait esan beharko du Cooken auziaz. 

Erreserba Federalaren independentzia kolokan dela, merkatuetan dolarraren balioak behera egin du, besteak beste, presioaren ondoriozko interes tasen jaitsierak aurreikusten. Hala ere, epe luzerako bonuen salmentak erakusten du inbertsiogileek espero dutela epe luzera inflazioa igotzea eta hari aurre egiteko interes tasek gora egitea.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.