Donald Trump AEBetako presidenteak aukera eman zien hainbat herrialderi uztailaren 9ra arte negoziatzeko ezarri nahi dizkien muga zergen inguruan. Bi egun baino ez dira falta epe hori betetzeko, eta Washingtongo gobernua gutunak bidaltzen hasia da jada, «ahalik eta presiorik handiena egiteko» akordioak izenpetu ditzaten. Guztira, ehun herrialderi bidaliko dizkiete eskutitzak. Akordiorik ezean, abuztuaren 1ean sartuko dira indarrean muga zerga berriak.
Hala jakinarazi zuen atzo Howard Lutnick AEBetako Merkataritza idazkariak. Trumpekin zegoela eman zuen horren berri Lutnickek, New Jersey hirian, kazetariek egindako galderei erantzunez. Presidenteak adierazi zuenez, «uztailaren 9rako, herrialde gehienek gutuna jasoko dute edo hitzarmena adostuta edukiko dugu haiekin». Hala ere, Merkataritza idazkariak argitutakoaren arabera, «muga zergak abuztuaren 1ean sartuko dira indarrean».
Scott Bessent Altxorraren idazkariak ere egun hori aipatu zuen atzo, CNNren State of the Union telebista saioan: «Ehun gutun horien bitartez, [ehun herrialde horien] muga zergak finkatuko ditugu. Beraz, hurrengo egunetan ehun hitzarmen izango ditugu». Izan ere, akordioak lortzeko «ahalik eta presiorik handiena egitea» da AEBen asmoa.
Muga zergei dagokienez, Trumpek adierazi zuen «%70erainokoak» izango direla» «herrialde batzuentzat; hau da, apirilaren 2an iragarri baino askoz handiagoak izango direla. AEBek dagoeneko akordioak egin ditu Erresuma Batuarekin eta Vietnamekin.
Muga zerga gehigarri bat BRICS taldeari
Donald Trumpek ez du baztertzen %10eko muga zerga gehigarria aplikatzea BRICS taldearekin bat egiten duten herrialdeei. Horixe bera adierazi zuen atzo Truth Social bere sare sozialean AEBetako presidenteak. Mao Ning Txinako gobernuko bozeramaileak, ordea, argi utzi du gaur hamaika herrialdek osatzen duten multzo hura «elkarlanerako» sortu zela, «eta ez inoren kontra egiteko».
«Txina beti egon da muga zergen eta merkataritza gerren kontra», adierazi du Ningek, eta gaineratu «muga zergak arbitrarioki ezartzeak» ez diola «inori mesede egiten».
Negoziazioak
Asko dira negoziazio bete-betean dabiltzan herrialdeak. Besteak beste, Ryosei Akazawa Japoniako gobernuko ordezkariak eta Howard Lutnick AEBetako Merkataritza idazkariak telefonoz hitz egin zuten larunbatean. Gaur egun, Japoniak %10eko muga zergak ordaindu behar izaten dizkie AEBei, baina Trumpek %30 edo 35era igotzeko mehatxua egin du.
Hego Koreak, berriz, manufakturetan oinarritutako lankidetza esparru bat proposatu dio Washingtoni azken negoziazio txandan.
Bitartean, Europako Batzordeak gaur jakinarazi duenez, Ursula von der Leyen erakundeko presidenteak eta Trump AEBetako presidenteak telefonoz hitz egin zuten atzo: «Aurrerapausoak eman ditugu hasierako akordio bat lortzeko. Gogor ari gara lanean fronte guztietan, uztailaren 9a baino lehen zerbait lortzeko», adierazi dute.