Donald Trumpen egoak burtsan kotizatzen du. Etxe Zuriko maizterrak begi bat Persiar golkoan dauka eta bestea Wall Streeten. Gatazka militarra piztu zenetik, Ormuzko itsasartea bihurtu da haren kezka nagusietako bat: munduko petrolio eta gas garraioaren arteria nagusietako bat da, eta han gertatzen denak berehala astintzen ditu merkatuak. AEBetako presidentearen helburua argia da: hornidura ez etetea, krisi energetiko batek finantza lurrikara handiago bat eragin ez dezan. Halako kontuekin Trumpi ez baitzaio dominoan jokatzea gustatzen.
Hala, bi neurri iragarri ditu du Ormuztik petrolioaren eta gasaren zirkulazio askea bermatzeko: ontzi konpainientzako aseguru babesa eta AEBetako armadaren eskolta. «Gertatzen dena gertatzen dela, Estatu Batuek bermatu egingo dute energiaren joan-etorri librea munduan», adierazi du Trumpek.
Iragarpen horiek eragin zuzena izan dute merkatuetan. AEBek eta Israelek Iranen aurkako erasoaldia hasi zutenetik, gasaren prezioa %72 garestitu da; gaurko saioan, ordea, %11 inguru apaldu da haren kotizazioa, 50 euro ingurura. Petrolioak %13rainoko igoera izan du aurreko egunetan, baina gaur behera egin du, %0,5 inguru; egun 82 dolar inguruan dabil Brent upela —70 dolarrean zegoen krisia hasi aurretik—.
Burtsetan ere tentsioa baretu da, bereziki Europan: aurreko egunetan %5erainoko galerak izan zituzten; gaur, berriz, %1 eta %2 arteko susperraldia izaten ari dira. AEBetako merkatuak egonkorrago ibili dira, eta igoera apalak dituzte gaur. Bitcoinaren kotizazioak, berriz, %5 inguruko igoerak izan ditu gaur.
Inflazioaren mamua
AEBetako energia sektorea izan da, oraingoz, Iranen aurkako gerraren irabazleetako bat. Petrolio eta gas likidotuaren esportazioek indarra hartu dute. Hala ere, prezioen gorakadak ez dio mesederik egiten Trumpi etxe barruan, eta interes tasak jaitsi gabe inflazioa kontrolpean izateko ahaleginek ez dute espero zen emaitza eman. «Jendeak uste zuen zerbait egin behar zela Iranen. Petrolioaren prezio garesti samarrak ditugu, baina hau amaitu bezain laster jaitsi egingo dira», esan du Trumpek.
Bien bitartean, Ormuzko itsasartean tentsioa ez da baretu. Berriz ere erasoak izan dira ontzien eta findegien aurka, eta munduko aseguru etxe handiek gerra arriskuen estaldura kendu diete eremu hartan dabiltzan ontziei; ondorioz, esportazioak moteldu egin dira, eta Persiar golkoko findegietan biltegiak azkar betetzen hasi dira.
Azkeneko bidalketak gerra hasi aurretik egin ziren. Europako portuetara iristeko, hilabete behar izaten da eta aurki izango dira, bide erdian gelditu eta prezio hobeagoa eskaini dien beste portu baterako bidea hartzen ez badute behintzat, bereziki Asiara. Momentuz, Europako biltegietan ez da alarmarik piztu.Â
Egoera desblokeatzeko, Trumpek finantza tresna bat aktibatuko duela iragarri du: Garapenerako Nazioarteko Finantza Korporazioa (DFC). Azaldu duenez, erakunde horrek «arrazoizko prezioan» eskainiko dizkie aseguruak itsasontziei. DFCk kapital pribatua mobilizatzen du, eta garabidean dauden herrialdetan inbertsioak laguntzen ditu, gerrengatik eta bestelako egoerengatik sor daitezkeen arrisku politikoak arintzeko. Etxe Zuriak ez du xehetasunik eman mekanismo berriaren inguruan.
Bestalde, AEBetako armadak eskolta emango die ontziei Ormuzko pasabidea zeharkatzean, eta lan horiek «ahal bezain pronto» abiatuko dituztela ziurtatu du Trumpek. Astelehenean, edukiera handiko petroliontzien eguneko alokairua 423.736 dolarrera iritsi zen: gerra hasi aurretik halako ia bi.
CIAren txostena
Baina bi iragarpen horiekin batera, beste albiste batek ere ekarri du lasaitu txiki bat merkatuetara. CIA AEBetako Inteligentzia Agentzia Zentralaren txosten batean oinarrituta The New York Times egunkariak argitaratu duen informazio baten arabera, Irango agintariek harremanak izan omen dituzte Washingtonekin gatazkari amaiera negoziatzeko. Zehazki, erasoak hasi eta egun batera, Irango Inteligentzia Ministerioaren agenteek zeharkako mezua helarazi zioten CIAko kideei gatazkaren amaiera negoziatzeko baldintzei buruz.
Israelek AEBei eskatu die proposamena ez aintzat hartzeko, eta Washingtonek oraingoz ez du eskaintza serio hartu. Teheranek jendaurrean ukatu du negoziazio zuzenik egongo dela.
Â