Pirotekniarik gabe baina ohi duen jarrera arranditsu eta hitzaldi zorrotzarekin ospatu du Donald Trumpek Etxe Zurira itzuli zenetik ehun egun bete direla. Detroiten egin du ospakizun ekitaldia, autogintzaren industriak pisu handia duen hiri batean —Michigango ekonomiaren %20 dago sektore horri lotua—, eta hari keinu eginez iragarri du muga zergak arinduko dizkiela autoen osagaiei, betiere ibilgailuaren muntaketa herrialdean bertan egiten bada.
AEBetako presidenteak esan du neurri horren bidez autogintza sektorea epe labur batez laguntzea duela helburu, sektore hori sufritzen ari baita Trumpek salgaiei aduanetan zerga gehiago ezarri zizkienetik. Izan ere, autoen inportazioek %25eko muga zerga ordaindu behar dute joan den martxoaren 26az geroztik, baina atzerapauso bat eman behar izan du beste behin Trumpek, sektoreak hala eskatuta. Aurrez ere men egin behar izan zien autogintza industriak egindako presioei, eta Mexikori eta Kanadari muga zergak eten.
Bi urteko arnasaldia emango dio sektoreari, baldin eta baldintza batzuk betetzen badituzte. Hau da, inportatuko diren osagaiek auto osoaren %15aren balioa izan beharko dute, eta %25eko muga zerga ordaindu. Baldintza horiek betez gero, AEBetako gobernuak konpentsazio bat aplikatuko die, dirua itzulita. Autoaren balioren %3,75ekoa izango da konpentsazio hori lehenengo urtean, 2025eko apirilaren 3tik 2026ko apirilaren 30era arte. Bigarren urtean, aldiz, %2,5ekoa izango da, 2027ko apirilaren 30era arte.
Nola nazioarteko auto ekoizleei hala estatubatuarrei eragingo die neurriak. Dena den, konpentsazioaren zenbatekoak muga zergetan ordaindutakoa gaindituko balu, tarifa horiek eragindako gainkostua soilik itzuliko litzateke. «Trantsizio aldi honetan lagundu nahi diegu, epe labur batez. Piezarik lortzen ez badute, ez ditugu zigortu nahi», esan du Trumpek hegazkinez Detroitera bidean zihoala.
Izan ere, muga zergen ondorioz muturreko ziurgabetasuna dute sektorean, AEBetan eta batez ere Europan. Stellantis taldeak (Peugeot, Citroen, Fiat, Jeep...) eta Mercedes-Benzek, esaterako, goitik behera aldatu dituzte beren aurtengo aurreikuspenak, eta zaila egiten ari zaie beren kontuetan muga zergen eragina zehaztea, Trumpen administrazioa etengabe ari baita neurriak aldatzen. Osagaien zergak apaldu izana lagungarri izango dela uste badute ere, sektoreari oso zaila zaio erabakiak hartzea.
Direnak eta ez direnak erreguka
Osagaiena, hala ere, ez da Trumpek zuzendu duen neurri bakarra. Izan ere, AEBetako presidenteak iragarri du produktu bakar bati ere ez dizkiola zerga bat baino gehiago jarriko. Prozedura bat ezarri du salgai bati zer zerga aplikatu zehazteko, produktu horrek muga zerga bat baino gehiago ordaindu behar baditu. Bereziki Mexikotik eta Kanadatik inportatutako produktuei eragingo die, baita aluminio eta altzairu inportazioei ere.
Apurka neurriak egokitzen ari bada ere, Trump harro azaldu da nazioarteko merkataritza hankaz gora jarri duten muga zergak ezarri izanagatik. Eta mundua negoziatzeko erreguka duela nabarmendu du beste behin. Zehazki, esan du zergak eten zituenetik «berrehun herrialderekin» egin duela akordioa —ezinezkoa da, Nazio Batuen Erakundeak 193 estatu independente aitortzen baititu munduan—, eta ziurtatu du Txinarekin «gertu» duela akordioa. Pekinek, ordea, ukatu egin du Washingtonekin negoziatu izana.
POWELL JOMUGAN JARRI DU BERRIZ
Haserre dago Donald Trump bere banku zentraleko presidentearekin, Jerome Powellekin. Izan ere, Erreserba Federaleko buruak ez dio interes tasak jaisteko Etxe Zuriko maizterrak egindako eskarari men egin oraingoz. Haren aurka egin du Trumpek beste behin —«egiazki ez da lan ona egiten ari»—, eta tasen inguruan Powellek baino gehiago dakiela esan du: «Ez da Erreserba Federala kritikatu behar. Nahi duena egiten utzi behar zaio, baina nik berak baino gehiago dakit interes tasei buruz». Fed-ek maiatzaren 6an eta 7an du hurrengo hitzordua, tasak jaitsi edo ez erabakitzeko.