Dragoi Bolarekin gertatzen zen gauza bera gertatzen da AEBen eta Txinaren arteko merkataritza gerrarekin: atal batean borrokan utzi Goku eta Vegeta, eta handik bi edo hiru astera —streamingik ez zegoen garaian behintzat— berirro hasi marrazki bizidunen telesail hori ikusten, eta hantxe jarraitzen zuten biek, izpiak jaurtitzen, kamehameha-ka, eta... borroka hiru aste lehenagoko bera zen.
AEBen eta Txinaren norgehiagoka komertzialari erreparatzeak sentipen bera eragiten du, adierazpen harroxkoz jositako borroka luzeegi baten lekuko izatearena. Izan ere, bi aldeek asteak, hilabeteak daramatzate elkarri mehatxuka eta azpijokoka; apiriletik, hain zuzen, Donald Trumpek gatazka piztu zuenetik muga zergen harira.
Joan den astean, agerraldi batean, Trumpek iragarri zuen Xi Jinpingekin bilduko zela, eta, gero, kategorikoki ezetz esan, eta %100eko muga zergak ezarriko zituela adierazi. Txinako Merkataritza Ministerioaren ordezkariak, aitortzekoa da, estoikoago agertzen dira; hori bai, ohartarazpenez mozorrotutako mehatxu mezuak helarazten dituzte, lur arraroen bazukari eutsita beti.
Hala ere, badirudi oraingoan askatuko dutela merkataritza gerra hotz honen korapiloren bat. Azkenean, bihar ikusiko dute elkar Trumpek eta Xik, Hego Korean, eta espero da bilkuran zerbait adostea. Hori da bi herrialdeetako negoziatzaileek —Scott Bessent Altxorreko idazkaria eta Jamieson Greer Merkataritza ordezkaria AEBen aldean, eta He Lifeng lehen ministrordea eta Li Chenggang Txinarenean— joan den asteburuan Malaysian egindako negoziazioetan hitzartutakoa.

Zabaldu diren informazioen arabera, Txinak urtebetez atzeratuko du lur arraroentzako lizentzien erregimena, eta hala, atzeratu egingo lirateke AEBetako industriako alor guztiak —armagintza bera ere— gogor joko lituzketen hornikuntzen gaineko mugak. Lur arraroen neurriari erantzunez, Trumpek Txinaren kontra ezarri asmo dituen %100eko muga zergak ez dira indarrean sartuko azaroaren lehenean.
Su eten moduko baten itxura guztia du akordio horrek. Eta hari beste menia baten luzapena gehituko zaio ziurrenez: apirilean Trumpek Txinako salgaiei ezarritako %125eko muga zergak %10ekoak dira gaur egun, maiatzean bi aldeek hiru hilabeteko su eten bat adostu zuten eta —berez %30ekoak dira, aurretik ezarritako %20ko muga zergak gehituta—. Abuztuan menia hura luzatu zuten berriz ere, azaroaren 10era arte. Orain, espero da beste luzapen bat hitzartzea bi liderren arteko bilkuran.
Akordio zehatzagoei erreparatuta, zenbaitek espero dute Txina berriz hastea AEBetako soja erosten. Eta baliteke Pekinek berrestea Tiktok sare sozialaren AEBetako negozioa inbertitatzaile estatubatuarren eskutan utziko duela —Byte Dancek %20ko parte hartzea izango luke—.

Iturri batzuen arabera, baliteke AEBek amore ematea Txinatik heldutako itsasontziei ezarritako tasetan eta fentaniloaren harira ezarritako zigorretan. Adituren batek aipatu du Trumpek asmoa duela Joe Bidenen gobernuak mikrotxip aurreratuenen Txinarako esportazioei ezarritako mugak kentzeko, Nvidiaren Blackwell txipekin besteak beste.
Hori bai, baretze seinaleen atzean, hau da, hala alde baten nola bestearen kontzesio eskasen atzean, Xiren eta Trumpen arteko keinuei buruzko interpretazio guztien itzalean, inor gutxik jartzen du zalantzan AEBen eta Txinaren arteko merkataritza gerrak aurrera jarraituko duela eta ez batek ez besteak ez daukala asmorik amore emateko.
Bitartean, hor jardungo dute hurrengo hilabeteetan, elkarri mehatxuka, eta informazio, lehengai, sare, bezero ahalik eta gehien eurenganatzen; ahalik eta ondoen armatzen, beste askorentzat — adibidez Europarentzat— gehiegi luzatzen ari den borroka batean murgilduta.