«Tubacexen ez dago inor sobran!». Hori oihukatuz amaitu dute gaur irakurritako manifestua Tubacex Borrokan plataformako kideek, Bilbon egin duten manifestazioan. Gaur bete dituzte 60 egun greban, bi hilabete, eta argi utzi dute berdin jarraituko dutela euren helburu nagusia lortu arte: enpresak inor ez kaleratzea. Haietako 129 kaleratzea da zuzendaritzaren asmoa.
Ehunka lagun elkartu dira gaurko manifestazioan. Antolatzaileek aitortu dute badakitela borroka luze doala eta «errepikakorrak» direla, baina, haien arabera, «egungo egoerak hori eskatzen du». Lehenik eta behin, eskerrak eman dizkiete hainbat laguni eta kolektibori, eta oro har euskal gizarte osoari: «Beti esaten dugun moduan, gaur Tubacex da, baina bihar beste edozein enpresa izan daiteke».
Hoy la Gran Vía de Bilbao le pertenece a todas las familias y trabajadores de Tubacex. 60 días ya y las fuerzas siguen intactas.#TubacexBorrokan#TubacexKaleratzerikEz#NoSobraNadiepic.twitter.com/X4amVrQqzj
— TUBACEXenLUCHA (@tubace_xen) April 11, 2021
Egoeraren bilakaerari dagokionez, «elkartasunez eta adiskidetasunez betetako 60 egun» izan direla esan dute langileek, eta gehitu dute badutela indarra aurre egiteko enpresak egiten dizkien «mehatxuzko barne adierazpenei». Beste behin, gogorarazi dute enpresak «pandemiaren ondorioz sortutako krisi koiunturala» baliatu nahi duela kaleratzeak egiteko: «Gu hitzarmen kolektiboa eta lanpostuak defendatzearen arduradunak baino ez gara».
Eskariak Jaurlaritzari eta alderdiei
Tubacexeko langileen iritziz, Eusko Jaurlaritza eta alderdi politikoak «patronalaren bozeramaileak» dira: «Ezin gaituzte langileok ahaztu». Jaurlaritzari, zehazki, eskatu diote Tubacexek azkenean kaleratzeak egiten baditu enpresak diru laguntza publikoetatik jaso duen dirua itzul dezala. Alderdi politikoei, berriz, lan erreforma gaitzesteko eskatu diete. Manifestazioan izan dira, besteak beste, Oskar Matute eta Iker Casanova EH Bilduko kideak.
Langileak kaleratzea Aiaraldearen aberastasuna kolokan jartzea dela uste dute langileek, eta horregatik ari dira horren aurka borrokan: «Tubacexeko langileok enpresan sinesten dugu, zuzendaritzako kideek ez bezala».
Azkenik, argi utzi dute borrokan jarraituko dutela inor ez kaleratzeko helburua lortu arte: «Banatu egin nahi gaituzte, baina gure duintasuna, adiskidetasuna eta batasuna hazten ari dira egunetik egunera».