Epaiketen astea da hau Tubacexen. EAEko Justizia Auzitegi Nagusira iritsi da haren Arabako enpresako 128 langileren kaleratzea eragin zuen erregulazio espedientea. Gaur, Laudioko ITT adarraren epaiketa izango da, eta bihar, berriz, Amurrioko Acaralavarena. Bi epaiketa izan arren, epaia bakarra izango dela baieztatu du Justizia Auzitegiak.
Epaileek kaleratzeak baliogabetuko dituen itxaropenarekin hasi dute epaiketa Tubacexeko langile batzordeko kideek. «Epaiketara sartu gara argudioz eta arrazoiz beteak, erakusteko erregulazioak ez direla legezkoak. Espero dugu justiziak ere horrela ikusiko dituela, eta gatazka beste fase batera eramango duela, kaleratutako 128 langileak beren lanpostuetara itzulita», azaldu du Eduardo Ibernia langile batzordeko presidenteak.
Iberniak ziurtatu duenez, lan eskasiaren arazoa aldi baterako neurriekin konpontzerik bazuen Tubacexek, krisia koiunturala dela uste baitu. «Pandemiaren aurretik milioi euro askoko irabaziak izan ditu Tubacexek, laguntza publikoak jaso ditu, eta, klase politikoaren babesarekin, erregulazio espediente bat aurkezteko aukera ematen dion lan erreforma baten laguntza dauka». Hain zuzen ere, azken lan erreformen aldaketa defendatu du Iberniak, taldekako kaleratzeek berriro behar izan dezaten lan agintarien onespena.
EAEko Justizia Auzitegiaren aurrean elkartu dira Tubacexeko hamarnaka langile, Tubacex, ERErik ez zioen pankarta batekin. Ertzain asko daude inguruan.
Tubacexeko langileen gehiengoa greba mugagabean egon da azken 133 egunean. Enpresa batzordeak ez zuen onartu greba uzteko zuzendaritzak egindako proposamena —geratu diren langileen lanpostua aldi baterako bermatzea—, kaleratutako langileak berriro hartzeko aukerarik ez zuelako ematen.