Tubacexen bigarren espedientea onartu du Eusko Jaurlaritzak

Amurrio eta Laudioko lantegietako 878 langileri eragingo die, eta sei hilabetean egongo da indarrean

Erredakzioa
Gasteiz
2010eko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Bat bukatu bezain pronto bestea. Maiatzaren 4an hasi eta ostegunean amaitu zen enplegua erregulatzeko lehen espedientea Tubacexen. Atzotik, indarrean da bigarrena, Eusko Jaurlaritzak baimena eman baitio. Sei hilabete iraungo du, eta Amurrio eta Laudioko lantegietako langile guztiei eragingo die, 878ri hain zuzen. Horietako 294 TTI lantegikoak dira, 167 TTI Amurriokoak eta 158 Aceralavakoak. Gainerakoak bulegoetan eta mantentze lanetan aritzen dira.

Amurrioko lantegiko 150 langilerentzat 80 eguneko espedientea aurkeztu du enpresak, eta gainerako langileentzat 60 egunekoa. Laudioko dosierrak 40 eguneko iraupena izango du. Posible da 58 urtetik gorako langileei lanaldi osoa erregulatzea espedienteak iraun bitartean. Soldaten %90 osatzeko prest dagoela esan du enpresak.

Tubacexeko zuzendaritzak, TTIkoak eta Aceralavakoak aurkeztu zuten espedientea, eta UGT, CCOO eta STAT sindikatuek ere sinatu zuten. LABek eta ELAk ez zioten oniritzirik eman. Azken horrek gaitzetsi egin du Jaurlaritzak baimena eman izana. «Ez du bermatzen langileek etorkizunean lana izango dutenik», esan du. Sindikatuak jakinarazi duenez, sinatu ez zutenak espedientearen jarraipen batzordetik bidali nahi zituzten. Lan Sailak ez du onartu, legearekin bat ez datorrelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.