Tubos Reunidoseko langile bat zauritu du Ertzaintzak, pikete lanetan ari zela

Bederatzi puntu eman dizkiote ezpain ondoan; ertzainen «neurriz kanpoko oldarraldia» salatu dute langileek

Tubos Reunidoseko langile bat ertzainekin hitz egiten, atzo eguerdian. BERRIA.
Erredakzioa
Gasteiz
2012ko apirilaren 19a
00:00
Entzun
Amurrioko Tubos Reunidoseko langileek 24 orduko greba egin zuten atzo, enpresak lan erreforma aplikatu nahi duela salatzeko. Ertzaintzaren «gehiegizko oldarraldia» salatu dute. Pikete lanetan ari ziren bi lagun atxilotu zituzten, eta horietako bat zauritu. Ospitalera eraman behar izan zuten, masailezurrean golpe handia du, eta bederatzi puntu eman dizkiote ezpain ondoan. Beste hainbat langile identifikatu egin zituzten.

05:15 inguruan izan ziren liskarrak. «Aldez aurretik iragarritako greba zen, egiteko modua ere, betikoa. Inongo gatazkarik ez zegoen, ezta probokaziorik ere. Ertzaintzak indarkeria erabiliz istiluak sortu ditu, eta zaurituak, atxilotuak eta identifikatuak egon dira», adierazi du langile batzordeak ohar baten bidez. Zuzendaritza jo du egoeraren erantzuletzat. Langileek gogoratu dute azken urteetan hainbat lanuzte izan direla enpresan. «Inoiz ez da istilurik izan, ezta Poliziaren presentziarik ere, aurreko zuzendaritzek ez zutelako horren beharrik ikusi. Agerian geratu da zein den oraingo zuzendaritzaren jarrera».

Ertzaintzak, beste bertsio bat

Bestelako bertsio bat eman du Herrizaingo Sailak. Haren arabera, ertzainek esku hartu behar izan zuten, «piketeek langileei enpresara sartzen utz ziezaieten». Bi lagun atxilotu zituztela baieztatu du, bat «erresistentziagatik» eta bestea «desobedientzia larriagatik». Haietako batek «zauri arin bat» izan zuela dio, eta Amurrioko osasun etxera eraman zutela. Herrizaingo Sailaren arabera, ertzainek ere jaso zituzten «ostikadak eta golpeak», baina ez zuten medikutara joan beharrik izan.

Goizeko liskarren ostean, egun osoan izan ziren protestak. Langile batzordearen arabera, «oso erantzun handia» izan zuen grebak. Datorren asteazkenerako eta larunbaterako ere iragarrita daude lanuzteak, sindikatu guztien babesarekin. Iaz 19 milioi euro irabazi arren Tubos Reunidosek lan erreformaz baliatuta soldatak jaitsi nahi dituela salatu dute langileek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.