Greban eta gero eta kezkatuago jarraitzen dute Tubos Reunidosen Amurrioko (Araba) lantegiko beharginek. Martxoaren 16tik greba mugagabean daude langileak, enpresak egin nahi dituen 242 kaleratzeak salatzeko, eta gaur manifestazioa egin dute Bilbon. Bertan, sindikatuetako ordezkariek SEPIrekin bilera bat egiteko nahia agertu dute. SEPI Espainiako Industria Partaidetzarako Estatuko Sozietatea da, hain zuzen, enpresaren hartzekodun nagusia, zorraren erdia baino gehiago baitu.
Astelehenean jakin zenez, Tubos Reunidosek 118 milioi euroren galerak izan ditu, eta 263 milioi euroren zor finantzarioa dauka. Kanpo auditoria horren arabera, «ziurtasun falta materialak zalantzak zor ditzake enpresaren jarraipenari buruz».
Sindikatuek espero dute aste honetan bertan biltzea enpresaren zuzendaritzarekin, eta ostegunean hitzordua dute Eusko Jaurlaritzako Industria Saileko ordezkariekin. Azken bilera horretan, batez ere, Tubos Reunidosek SEPIrekin duen zorraren berregitura posibleaz informazio gehiago lortzeko asmoa dute sindikatuek, eta, Industria Sailaren bitartez, SEPIri bilera eskatzekoa ere.
Grebarekin jarraitzeko asmoaz gain, ELAk, LABek eta ESK-k adierazi dute datozen egunetan auzitara eramango dutela enpresaren enplegu erregulazioa.