Twingo berri bat Gerardentzat

Renault
RENAULT
Iker Aranburu.
2023ko azaroaren 19a
04:30
Entzun
Zu ere hasi zara txutxu-mutxu zaharkituekin Gerard Piqueren inguruan? Urte hasierako kontuak dira horiek, motel!

Badakizu, ni zaharruno bat naiz, eta kontu horiei buruz dakidana da dentistara noanean han dauden aldizkarietan disimuluan ikusitakoa. Aste honetan izan dut haginak garbitzeko ordua, eta zain nengoela ikusi nuen autoa aldatu zuela Piquek, eta apalago batekin omen dabil orain. Eta barkatu metafora matxista eta baldarra, baina ezin izan nuen eragotzi Bartzelonako jokalari ohiaz oroitzea Luca de Meo Renaulteko buruak esandakoa irakurri nuenean.

Hori ere Lecturas-en?

Kar, kar, kar. Ez, egunkari ekonomikoak begiratzeko ordaintzen didate, eta Bloomberg-en ikusi nuela esango nuke.

Eta hor agertzen zen Shakiraren maitea izandakoa?

Ez, baina bai Twingoa. R5 eta R4 historikoak berreskuratuko zituela jakina zen, baina asteazkenean De Meok iragarri zuen Twingo elektriko berri bat merkaturatuko dutela 2026an.

Garai hobeagoen gomuta?

Neurri batean, bai. Azken hamarkadetan Europako autogileei lehiakide gogorrak atera zaizkie —japoniarrak hasieran, hego korearrak gero, eta txinatarrak orain—, eta nostalgiaz betetako estrategiarekin erantzutea erabaki du Renaultek.

Nostalgia baino zerbait gehiago beharko du txinatarrei aurre egiteko...

Bai. Eta Twingo berriaren amua ez da soilik diseinu moñoño bat. Agian hori baino erakargarriagoa izan daiteke prezioa: 20.000 euro baino gutxiago. Ez daude auto elektriko asko hori baino merkeago; gehien saldutakoak, Tesla 3 oinarrizkoenak, hori halako bi balio du.

Twingo berriak oso autonomia txikia izango du edo, nik zer dakit, paperezko ateak...

Luxu handirik ez du izango, baina Renaultek ziurtatu du ez duela ezer faltako.

Txinan egingo dute, noski.

Ez, han egiten du Renault taldeak bere elektriko merkea —Dacia Sandero—, baina Twingo berria Europan egingo dute, Eslovaniako Novo Meston ziur aski. Izan ere, Europako Batasuna bere auto industria defendatzeko urratsak egiten hasi da, eta litekeena da Txinatik iristen diren auto elektriko merkeei muga zergak handitzea. Hori bai, De Meok erretorikarekin apaindu du erabakia: «Nire lana Europako industria defendatzea da. Ez baduzu gustuko, joan Txinara edo AEBetara».

Eta errentagarria da auto elektriko merkeak Europan egitea?

Oraindik ez, baina hala izan beharko du, gainontzean Europako autogile askok ez baitute etorkizunik. Gidari gehienek ezin dituzte Audiak eta BMWak erosi, eta badirudi beste autogileak azkenean ohartu direla arriskua dagoela auto merkeagoen merkatu osoa Txinako MGren eta BYDren esku uzteko. Horregatik, hasi dira hurrengo urteetarako modelo merkeagoak agintzen: Renaultenak, Stellantisen Citroen ë-C3,Volkswagenen ID-2...

Nola, ordea?

Kostuak gutxituz eta partekatuz. Horretarako inbertsioak handitu beharko dituzte. Renaultek, esaterako, Ampere izeneko adar elektrikoa sortu du, eta datorren urtean burtsaratuko du, funtsak lortzeko. Nissan eta Mitsubishi aliatuek jada iragarri dute 800 milioi euro jarriko dituztela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.