Prentsa britainiarrak hitz-joko gaiztoetarako trebezia handia duela ukatzerik ez dago. Gaiztakeria horri zor zaio PIGS laburdura borobila, kontu publikoak kontrolatzeko zailtasunak dituzten EBko herrialdeak izendatzeko erabilitakoa: Portugal, Ireland/Italy, Greece eta Spain. Izendapen horrek grazia handirik ez du eragin hala izendatutakoen artean, inor gutxik du gustuko txerria ezizena. Horregatik, ulertzekoa da prentsa ekonomiko espainiarrak asteon hartu duen arindua, Financial Times-ek esan duelako Espainiak dagoeneko ez duela merezi herrialde problematikoen zerrendan egotea, bere zorra finantzatzeko arazorik aurkitzen ari ez delako. Irlandari, ordea, gauzak okertzen ari zaizkio. Aldi batez ikasle ona izan da, gastua murrizteko hartu dituen neurriek oso-oso txiki utzi dituztelako Espainiak hartutakoak. Baina defizitaren zuloa oso handia da Dublinen -BPGaren %13ra iritsi daiteke aurten-, bankuek eta eraikitzaileek eragindakoa ere diru publikoarekin pagatzen ari direlako. Zorra itzultzeko gai ez dela izango zabaldu du Barclaysen txosten batek, eta izua hedatu da. Irlandako Gobernuak informazioa ukatu du, baina horrek ez du eragotzi haren zorraren bonuen interesak %6,35era igotzea, Alemaniak pagatzen duena baina lau puntu gehiago.
Urrea. Inoizko preziorik handiena ari da lortzen metal preziatuena, dolarraren ahultzeari buruzko kezkak bultzatuta. Atzo 1.280 dolarren bueltan salerosi zen, bezperan baino hamar dolar gehiagoan. Burbuila berria al da urrearena, Buffettek dioen moduan?
Txerrien istorioak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu