Txina Kiribatira ere heldu da, mineral estrategikoen bila

Cook uharteak esploratzeko hitzarmenak sinatu ostean, Pekinek antzeko itun bat lortu nahi du Kiribatin. Oposizioak salatu du Txinak gero eta eragin handiagoa duela uhartedi horretan.

Kiribatiko Tarawa atoloia, artxiboko irudi batean. EFE
Kiribatiko Tarawa atoloia, artxiboko irudi batean. EFE
Josep Solano
2025eko abuztuaren 26a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ozeano Bareko urak aberatsak dira industria teknologikorako funtsezkoak diren mineralez. Hori dela eta, eskualde hori Txinaren hedatze geopolitikorako jomuga bihurtu da. Cook uharteetako itsas hondoak esploratzeko akordioak sinatu eta hilabetera, Pekinek oinarriak ezarri ditu Kiribatiko Gobernuarekin ere hitzarmena sinatzeko, hango itsaspeko kobalto, nikel eta manganeso erreserbak ustiatu nahian, ezinbesteko elementuak baitira bateria elektrikoak ekoizteko.

Kiribati Mikronesiako estatu txiki bat da, 30 atoloiz eta arrezifez osatua dago, eta 130.000 biztanle ditu. Hango gobernuak baieztatu berri du Txinarekin «elkarlanean aritzea» aztertzen ari direla, herrialdeko itsas baliabideak «modu jasangarrian esploratze» aldera.

Nolanahi ere, proiektuak kritikak eragin ditu, ingurumen arriskuak eta Pekinen benetako interesen gaineko susmoak direla eta. Kiribatiko Gobernua, Marawa Research estatuko filialaren bidez, elkarlanean aritu izan da Kanadako The Metals Company enpresarekin, itsas hondoko mineral hobiak aurkitzeko, baina akordio hori bertan behera utzi zuten 2024 amaieran, «bi aldeek hala adostuta», iturri ofizialek baieztatu zutenez.

Duela gutxi argitaratu diren dokumentu batzuen arabera, Kiribatiko Gobernuak Zhou Limin Txinako enbaxadorearekin eta estatuari lotutako Txinako enpresekin hitz egin du, aztertzeko ea bideragarria den nodulu polimetalikoak erauztea, zeinak aberatsak baitira kobaltoz eta nikelez, baita bateriak eta teknologia berdeak ekoizteko ezinbestekoak diren beste zenbait metalez ere. Estrategia aldaketa hori orain gertatu da, justu hotsa dabilenean Ozeano Bareko uhartediak aliantzak aldatu nahi ote dituen munduko industria teknologikorako giltzarri den sektore batean.

Altxorra itsas hondoan

The Metals Company Kanadako enpresarekin zuen akordioa amaitu ondoren, Kiribati aukerak aztertzen ari da atzerriko beste bazkide batzuekin, hango arrantza sektoreko goi funtzionario batek baieztatu duenez. Kanadako enpresak, berriz, zera esan zuen erabakia justifikatzeko, Kiribatiko meatze eskubideak ez direla «komertzialki hain onuragarriak» Ozeano Bareko beste toki batzuetan —adibidez, Naurun eta Tongan— dituen proiektuen aldean.

Hawaiiren eta Kaledonia Berriaren artean dago Kiribati; 3,5 milioi kilometro koadroko eremua du, eta munduko itsas eremu ekonomiko esklusiborik handienetakoa. Hango uretan arrain sardak, algak eta perlak daude, baina, batez ere, nodulu polimetalikoak: patata baten neurriko mineralen konglomeratuak dira, metalez kargatuak, manganesoz, kobaltoz, kobrez eta nikelez besteak beste, eta behar-beharrezkoak dira munduko trantsizio energetikorako.

Txinak, ibilgailu elektrikoen ekoizle nagusiak, mineral horien hornidura segurtatu nahi du. Dena dela, ez da Kiribatira hurbiltzen den lehen aldia: uhartediak 1975ean lortu zuen independentzia Erresuma Batutik, eta gerora, urteetan balantzaka ibili da, noiz Pekinen aldera joz, noiz Taiwanen aldera. Azkenean, Txinarekin lerrokatu zen 2019an.

Otsailean, Txinak eta Cook uharteek lankidetza hitzarmen bat sinatu zuten bost urterako, Ozeano Bareko uhartedi horren itsas hondoetako baliabide mineral baliotsuak ikertu ahal izateko. Hitzarmen horretan, ordea, ez daude jasoak lehen fasean mineralak esploratzeko eta ustiatzeko baimenak. Meatzaritza enpresek milaka milioi euro lortu nahi dituzte nodulu polimetaliko horiek erauzita —ezinbestekoak baitira ibilgailu elektrikoen bateriak ekoizteko—, funtsean ozeano zola «karrakatuz» mineral horiek biltzeko.

Txinak Ozeano Barean duen eragin gero eta handiagoaren parte da hitzarmen hori. Pekinek sarbidea segurtatua izan nahi du industria teknologikorako ezinbestekoak dituen lehengaiak lortzeko. Itsas Hondoen Nazioarteko Agintaritza (ISA), berriz, eztabaidatzen ari da nola arautu jarduera polemiko hori. Izan ere, nazioartean eztabaidagai dago zer lehenetsi: ahalmen ekonomikoa edo arrisku ekologikoa.

Atzera-bueltarik gabeko kaltea

Txinak eremu horretan duen eragina ez da atzoko kontua: azken urteetan, Txinako zenbait enpresak eskubideak lortu dituzte Kiribatiko arrantzaleku etekintsuak ustiatzeko; horixe da herrialdeko baliabide natural bakarrenetakoa, itsaspeko mineralekin batera. Gainera, duela gutxi, Txinako polizia talde bat Tarawan izan da, hiriburuan, hango indarrak trebatzen. Horrek argi erakusten du Pekinek gero eta itzal handiagoa duela Ozeano Bareko uhartedi estrategiko horretan.

KIRIBATI2
Kiribatiko herritarrak, klima aldaketaren erruz itsasoak beren uharteak irentsiko dituela salatuz, artxiboko irudi batean. NICKY PARK / EFE

Agerikoa da Ozeano Barea zatituta dagoela: herrialde batzuek —Nauruk eta Kiribatik adibidez—, lehorreko baliabide mugatuak dituzte, eta industria hori aukera aproposa iruditzen zaie garapen ekonomikorako; beste batzuek, berriz —hala nola Palauk, Fijik eta Samoak—, ohartarazi dute jarduera horrek atzera-bueltarik gabeko kaltea egin dezakeela itsas ekosistemetan, eta zera eskatu, lehenbizi ingurumenari buruzko galderak argitzeko, operazio handiak egiteko baimenak eman aurretik.

Kiribatin ere guztiek ez dute ontzat jo Pekinekin lankidetzan aritzea: Tessie Lambourne epaile ohi eta Kiribatiko oposizioko liderraren iritziz, Txinaren interes komertzialei baino ez die mesede egiten hitzarmenak. «Gure gobernua gogotik ari da Pekinen gustua egin nahian», adierazi dio Associated Press agentziari.

Taneti Maamau presidenteak —agintean dago 2016tik, eta publikoki Pekinen aldekoa da— harremana estutu du Txinarekin, hara bisitan joan eta hango goi funtzionarioak bisitan hartu baititu, hala nola Wang Yi kantzilerra, eta, 2019az geroztik, harremanik ez du Taiwanekin.

Kiribatik beste mehatxu bat ere badu: itsas mailaren igoera. Beraz, dilema bat du orain: Txinaren presio ekonomikoari men egin ala bere baliabideak —eta batez ere bere etorkizuna— babestu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.