Merkataritza

Txinak Errioxako eta Nafarroako ardoak babestuko ditu bere merkatuan

EBk eta Txinak itun bat egin dute batak bestearen ehun janari eta edari ez kopiatzeko. Bost urte barru zerrenda handitu ahal izango dute

Errioxako ardoen dastaketa, Tianjin hirian. TONG YU
Iker Aranburu.
2019ko azaroaren 6a
19:50
Entzun

Txinak Europako gastronomiaren produktu ezagunen kopiak debekatzeko konpromisoa hartu du. Europako Batasunarekin atzo lortutako akordioaren bidez, Txinak agindu du ehun elikagairen eta edariren berezitasuna babestuko duela; EBk, trukean, Txinako beste hainbat produktu kopiatzea debekatuko du. Babestutako produktuen artean daude Euskal Herriko bi: Errioxa eta Nafarroa sor-markako ardoak.

Edari alkoholdunak dira babesa jasoko duten produktuetako asko: Eskoziako eta Irlandako whiskia, koñaka, Bavariako garagardoa, Poloniako eta Suediako vodka, eta hamaika ardo. Gaztak dira beste produktu babestu nagusia: parmesanoa, Mantxako gazta, Stilton gazta zuria, feta, Roquefort...
EBk babestuko dituen Txinako produktuen artean daude tea, arroza eta likoreak.

Produktu gehiago, aurrerago

Gaur iragarritako akordioa ez da berehalakoan indarrean jarriko, aurretik berrespen prozesu bat egin behar duelako. Europaren aldetik, parlamentuaren eta Europako Kontseiluaren onespena jaso beharko du. Prozesu hori 2020. urtea amaitu aurretik bukatzea espero dute.

Akordioa indarrean jarrita, agindutakoa bi aldeek betetzen dutela egiaztatuz gero, lau urte barru zerrenda zabaltzeko aukera utzi dute Txinak eta EBk. Alde bakoitzak bestearen 175 produktu gehiago babestuko lituzke bigarren prozesu horretan.

Guztira, EBk bere jatorriari eta ekoizpenaren berezitasunari lotutako 3.300 elikagai eta edari babesten ditu.
EBren produktu babestuek 74.800 milioi euroren salmentak egin zituzten iaz, eta janari eta edari esportazioen %15,4 dira. Txina kanpoko merkatu garrantzitsuenetan bigarrena da produktu horientzat, EBren mugetatik kanpo kontsumitzen diren hamarretik ia bat hara doalako. Nekazaritza produktuei dagokienez, EBk 12.800 milioi euro esportatu ditu 2018ko irailetik 2019ko abuztura.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.