Merkataritza

Txinak muga zergak murriztu dizkie hainbat inportaziori

Herrialdeak bere ekonomia «zabaldu» nahi du, eta hazkunde motelagoa bultzatu. 850etik gora produktuk izango dituzte zerga txikiagoak, tartean txerriki izoztuak. Txerri izurri afrikarraren ondorioz, txerriki eskasia dago Txinan.

Txerri izurri afrikarrak milioika txerri hil ditu Txinak. Txerriki eskasiak inflazioa handitu du. WU HONG / EFE
Irune Lasa.
2019ko abenduaren 23a
12:29
Entzun

Elikagaiak, kontsumo gaiak, smartphone-entzako osagaiak... Guztira 859 produktuk muga zergak txikiagoak ordainduko dituzte urte hasieratik Txinako merkatuan sartzeko. 2018ko Txinaren inportazioei datuei begira, neurriak 350.000 milioi euroko ondasunei eragingo die.

Txerriki izoztua da Txinako merkatura merkeago iritsiko den elikagaietako bat. Txerrikia oinarrizko jakia da txinatarren dietan, baina azken hilabeteetan txerri izurri afrikarrak milioika txerri hil ditu herrialdean, eta txerriki eskasia nozitzen ari dira. Oinarrizko elikagai garestiagoek inflazioa handitu dute Asiako herrialdean. Ahuakate izoztuari eta laranja zuku izoztuari ere muga zergak apaldu dizkiete.

Txinako Finantza ministerioak gaur plazaratu du zerrenda, eta, haren inguruko analisten arabera, erabakiaren xedea herrialdeko ekonomia are gehiago «zabaltzea» da, merkataritza askearen alde egiten jarraitzen dutela erakustea. AEBekin gerra komertzialean dago oraindik Txina, nahiz eta orain bi aste nolabaiteko su-eten bat lortu zuen.

Barne kontsumoa

Herrialdeko barne kontsumoa suspertzeko modu bat ere izan daiteke hainbat inportaziori muga zerga txikitzea. Besteak beste, Donald Trumpen AEBek bultzatutako zigorrei asko igarri die ekonomia txinatarrak. Hazkunde erritmoa datorren urtean %6ra edo beherago apalduko dela aurreikusten da, eta hazkunde hori pizteko era bat kontsumogai merkeagoak izan daitezke.

Erdieroaleak, memoria txipak eta smartphone-entzako osagaiak ere badaude zerga txikiagokoen zerrendan. Asmarentzako sendagaiei eta diabetesarentzako botikak egiteko lehengaiei, berriz, hutseko tasa ezarriko diete.

Beste produktuei muga zerga zenbat apalduko zaizkien ez du argitu Txinako gobernuak, baina hori bai, zehaztu du haien jatorriak izango duela eragina; izan ere, funtsean, gaur aurkeztutako zerrendaren atzean arrazoi politikoak eta diplomatikoak ere badaude. Printzipioz, Munduko Merkataritza Erakundeko herrialde guztietatik inportatutako ondasunek izango dituzte muga zerga txikiagoak, baina abantaila handiagoa izango dute Txinarekin merkataritza libreko itunak dituzten herrialdeetako gaiek. Taiwanekin harreman diplomatikoak aldatu dituzten Erdialdeko Amerikako eta Ozeaniako zenbait herrialde sarituko ditu horrela Txinak.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.