Txinako salgaien erauntsiari aurre egiteko legeak prestatzen ari da Europako Batasuna

Sektore jakin batzuetan konpainiak hornitzaile bat baino gehiagori erostera behartzea da asmoetako bat. Europako Batzordea proposamena osatzen ari da, ekaineko Europar Kontseiluan aztertu dezaten.

Kargaontzi bat Shanghain. ALEX PLAVEVSKI / EFE
Kargaontzi bat Shanghain. ALEX PLAVEVSKI / EFE
Irune Lasa.
2026ko maiatzaren 18a
14:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Makina-erreminta, makineria, kimikaren alorra... Txinatik datozen salgaien itzelezko lehiari eutsi ezinik, hainbat sektoreren erreguak areagotu egin dira azken hilabeteetan Bruselan, esateko garaia iritsi dela nolabaiteko hesiak jartzeko Txinako inportazioei.

Industria sektore horietan ari direnen ustez, Europako Batasunak (EB) ziurtatu beharko luke Txinako lehiakideek Europako konpainien baldintza eta joko arau berak betetzen dituztela. Patronal horiek uste dute ezen, batzuetan, esportatzaile txinatarrek gai jakin batzuk saltzen dituztela nahiz eta galerak izan, lehiakideak merkatutik kanporatzeko estrategia gisa. Txinako konpainiek jasotzen dituzten estatu laguntzak handiak ere salatu izan dituzte.

Gainera, iazko urte bukaeran Txinak kontrolak ezarri zizkien lur arraroen bere esportazio batzuei, eta Europako zenbait auto lantegitan ekoizpena eten zen; horrek ez du lagundu gauzak baretzen.

Horregatik, aurreko Kontseiluan EBko herrialdeek bazuten asmoa Txinarekiko merkataritza defizit gero eta handiagoaz hitz egiteko, baina Irango Gerrak bete zituen agenda guztiak. Orain, badirudi garaia iritsi dela Txinaren gaiari heltzeko, ekainaren 18-19ko Europar Kontseiluan.

FRANCE G7 TRADE MINISTERS MEETING
Maros Sefcovic Europako Batzordeko merkataritza komisarioa, gaur, Parisen. BENOIT TESSIER / EFE

Bilkura horri begira, jakina zen Europako Batzordea bizkor ezartzeko moduko zenbait proposamen prestatzen ari zela, eta proposamen horiek Bruselan xeheago aztertuko dituztela maiatzaren 29an. Gaur, Financial Times-ek zantzu batzuk eman ditu EBk hartu ditzakeen neurri horiei buruz.

Batzordeko bi iturri aitatuz, albisteak dio posible dela Txinari eragingo dioten lege edo arauak ezartzea zuzenean Txina aipatu gabe. Esaterako, sektore jakin batzuetan sabaia jarriko zaio hornitzaile bakarrari erosi dakiokeen kantitatean, %30-40 artekoa, hain zuzen. Gainerako osagaiak lortzeko, gutxienez beste hiru hornitzaile desberdin izan beharko lituzkete konpainiek, eta guztiak ezin dira herrialde berekoak izan.

Salgai jakin batzuetan Txinari muga zergak ezartzea ere eztabaidagai da.

Denboraren garrantzia

Brusela prestatzen ari diren neurriok ez dira Txinari aurre egiteko EBren tresna bakarrak. Europako Batzordeak jada mahai gainean jarri ditu Industria Bizkortzeko Legea eta Zibersegurtasunaren Legea, eta bi horiek jasotzen dituzte Txinako inportazioei zuzenean eragiten dieten neurriak. Baina oraindik urtebete inguru beharko da bi legeak onartu eta indarrean jartzeko.

Baina urte luze hori, edo Munduko Merkataritza Erakundean dumping-aren eta estatu laguntzen inguruko salaketak ikertu eta ebazteko beharrezkoak izaten diren bi urteak, giltzarri izan daitezke kinka larrian dauden Europako ekoizleen iraupenerako. «Gaur egun, bi urtetan industria osoa gal dezakezu», esan dio Bruselako iturri batek Financial Times-i.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE