Txinaren erantzun posibleak

Denentzat onuragarri izango diren merkataritza agertokiez hitz egin du oraintsu arte Txinak, eta elkarrizketarako borondatea agertu. Baina, bitartean, EBri erantzuteko neurri batzuk ere hartu ditu, eta baliteke gehiago hartzea.

Aste honetan Bruselan bilera egin dute Ditte Juud Joergensen Europako Batzordeko Merkataritza zuzendariak eta Ling Ji Txinako merkataritza ministroordeak.
Aste honetan Bruselan bilera egin dute Ditte Juud Joergensen Europako Batzordeko Merkataritza zuzendariak eta Ling Ji Txinako Merkataritza ministroordeak.
Irune Lasa.
2026ko ekainaren 14a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Txinak «arrazoiaren ahotsei entzutera» deitu du EB azken egunetan, gutxi gorabehera esanez Txinaren eta EBren arteko merkataritza desorekei buruz hitz egitea gauzak oker ulertzea dela. Gehiegizko ekoizpen ahalmenaz ez, beren industria politiken arrakastaz hitz egiten dute txinatarrek, eta protekzionismoaren arriskuez.

Pekinek kontrolatzen dituen hedabideetan dei are gordinagoak ere agertu dira: adibidez, esan dute EBk ez lukeela merkataritza gerrarik hasi behar Txinarekin, ez delako gai. Gainera, Txinan uste dute AEBen diskurtsoa dagoela EBren jarreraren oinarrian.

Oraintsu arte, elkar ulertzeaz eta guztientzat onuragarri izango diren agertokiez (win-win, ingelesez) hitz egin du Txinak. Baina, aldi berean, neurriak ere hartu ditu; besteak beste, Txinako konpainiei agindu die ez betetzeko EBko ikerketak eta zigorrak.

Lur arraroetatik txipetara

Eta baliteke beste neurri batzuk ere hartzea. Erantzun posibleen inguruko kezka nabaria da EBko agintarien artean; arrazoizkoa, ikusita, besteak beste, Txinak zer-nolako kontrola duen hornikuntza kate jakin batzuen gainean eta europarrak haien mende daudela ia erabat.

Maila globalean ia osorik berak kontrolatzen du lur arraroen ekoizpena, eta haien txorrota nahi bezala itxi edo zabaltzen die herrialdeei. Lur arraroena da, esaterako, Txinak AEBei aurre egiteko duen karta onena. Orain, adibidez, Pekinek mugatuta dauzka lur arraroen AEBetarako eta Japoniarako esportazioak.

Baina karta apalagoekin ere jokaldiak irabazteko gai izango litzateke Txina EBrekin. Nexperia aferarekin, adibidez, ikusi da Europako automobilgintza geratzeko puntuan utz dezakeela Txinak, autoetan erabiltzen diren txip arruntak hornitzeari utzita.

Esportatzaileen kezka

Izan daitezke beste neurri batzuk. Adibidez, Xi Jinpingen gobernuak behin eta berriz aipatzen ditu Europako konpainiek Txinan dituzten lantegiak. Ziurrenez, Alemania duda-mudatsua konbentzitzeko saiakerak dira —Europako Batzordearen arabera, sekulako lobby lana egiten ari da Txina Europan—, baina halako adierazpenek tentu handiz ibiltzera bultzatu ditu Europako konpainia horiek.

Tentuz dabiltza, halaber, Europako luxuzko gaien ekoizleak edo ardogileak ere, ikusita ageriko merkataritza gerra batean arriskua egongo dela haien esportazioetan muga zerga handiak ezartzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA