Udan enplegu erregulazioan diren langileen soldatak osatuko ditu Nafarroako Gobernuak

Onuradunek gehienez 450 euro jasoko dituzte, ordainketa bakarrean, urrian. 20.000 eurotik beherako soldata gordina duten langileentzat da laguntza, edo familiako diru sarrerak ez direnean 40.000 euro baino gehiago.

Maria Txibite lehendakaria, agerraldi batean. JESUS DIGES (EFE)
2020ko uztailaren 29a
17:43
Entzun

Nafarroakoa Gobernuak ere osatuko ditu udako hiru hilabeteotan aldi baterako enplegu erregulazioan dauden langileen soldatak. Osagarria jasoko dute 20.000 eurotik beherako soldata oinarria duten langileek, edo familiako diru sarrerak 40.000 eurotik beherakoak direnean. Onuradunek gehienez 450 euro jasoko dute —hilero 150—, eta jardunaldia murriztu dirua jasoko dute  —100 euro, %50tik gorako murrizketarekin —. Ordainketa bakarra egingo da: urrian. Gobernuak uste du 11.000 lagun inguruk jasoko dutela osagarria.

Maria Txibite lehendakariak eman du erabakiaren berri, asteazken arratsalde honetan, Gizarte Elkarrizketaren Kontseiluan —UGT eta CCOO sindikatuekin eta CEN patronalarekin— bilera egin ostean. Nafarroako Gobernuak hiru milioi euro aurreikusi ditu laguntza horretarako. Ekain hasieran, Nafarroan 17.632 langile zeuden aldi baterako erregulazioan, aurreko hilean baino %65 gutxiago.

Gehienezko muga horiekin, errenta apalenei laguntzen zaiela azpimarratu du Txibitek, «Errenta apalenak dituzten langileen onurarako eta familia horiei arnasa emango die», azaldu du. Baldintza hori bera nabarmendu dute UGTko zein CCOOko idazkari nagusiek.

Adostasuna lortuta, akordioaren garrantzia nabarmendu du: «Gizarte Elkarrizketaren Kontseilua elkarrizketarako erreminta da, eta esparru horretan ailegatu gara akordiora». Iraganean, kontseilu horrek izan duen funtzioa ikusita, ELAk eta LABek organo horren funtsa kritikatu dute maiz gizarte eragile horiek finantzatzeko erabilia izan dela gaitzetsiz eta elkarrizketa soziala beste esparru batean eman behar dela nabarmenduz. Sindikatu abertzaleak akordio horretatik kanpo geratu direla-eta, Txibitek azaldu du maiz egin zaiela gonbita parte hartzeko, baina uko egin diotela. «Euren burua baztertu dute» 

Epea amaituta, berriz aztertuko dute egoera. Alde batetik, ikusiko dute ea datozen hiru hilabeteetarako hiru milioi euroko aurrekontua osorik erabiltzen den, eta hala ez balitz, soberakina aurrerago erabiltzeko aukerarik izango ote duten. Bestetik, espero da aldi baterako erregulazioak erabiltzen jarraituko dela, eta oain mahai gainean diren gaietako bat da familia eta lana uztartzeko neurri gisa erabiltzea osagarria. Izan ere, hurrengo ikasturtea nolakoa izango den zehaztu zain, langile batzuek familia eta lana uztartzeko neurriak beharko dituztela aurreratu dute negoziazioko parte hartzaileek. Hori dena zehazteko dago, Nafarroako Gobernuak berak ez baitu oraindik zehaztu nolakoa izango den ikasturtea eta ikasleek zer baldintzatan hasiko dituzten eskolak.

Jaurlaritzarenak, astelehenetik

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan astelehen honetatik aurrera eska daiteke osagarria, Lanbideren webgunetik. Ekainaren 18an adostu zuten neurria EAEko Elkarrizketa Sozialeko Mahaiko kideek. Osagarria jasoko dute hilean 1.666 eurotik beherako kotizazio oinarria edo urtean 20.000 eurotik beherako soldata gordina duten langileek. Gehienez, 150 euro izango dira, eta hilero jasoko dute. Jaurlaritzaren kalkuluen arabera, 40.000 pertsona ingururi eragingo die neurriak, eta 15,4 milioi euro jarriko ditu horretarako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.