"Bere garaian hartu zuen konpromisoari jarraiki", industria plan serio bat eskatu diote Kayaba taldeko zuzendaritzari UGT, CCOO eta CCP sindikatuek, berme nahikoarekin lantegiak geroa izan dezan". Horren truke Orkoiengo KSS enpresan kaleratu nahi dituen 101 beharginen patuaz negoziatzeko prest daude enpresan gehiengoa ordezkatzen duten hiru sindikatuak.
"Zalantza ugari daude enpresak argudiatutako arrazoien inguruan", esan dute sindikatuen iturriek. Uste dute 101eko kopuru hori "puztuta" egon daitekeela, "bada ezpada". Enpresak aurreikusi duen ekoizpen helburuak beteko ez balira, "gehiegizko" kaleratze horiek baliatu nahiko lituzke egoera txukuntzeko.
UGTk eta CCOOk nahi dutena da zuzendaritzak aurretiazko erretiroak eskaintzea, "kaleratze traumatikoak ekiditeko, eta plantaren geroa bermatzeko lantalde gazte baten bidez. Dagoeneko 70 langilek utzi dute enpresa borondatez (53 enplegu zuzen eta zeharkako beste 17), pizgarriei lotutako baldintzetan.
LAB sindikatuak ez ditu kaleratzeak onartzen. Orain aste batzuk eskatu zuen Orkoiengo KSS eta Ororbiako Kybseren plantak fusionatzea, elkarrengandik sei kilometrora daudelako, eta biak direlako Japoniako Kayaba taldearenak. Antza, Kybsek eskulana behar duo produkzio igoera handiagatik —autoentzako motelgailuak ekoizten ditu—. Multinazionalak, gaur-gaurkoz, 101 behargin kaleratzeko erregulazioa besterik ez du jarri mahai gainean..