UGTk aise irabazi ditu bozak VWen, eta ELAk bi kide gehiago lortu ditu

Bi sindikatuek ordezkari gehiago lortu dituzte, eta gainerakoek 2019ko emaitza errepikatu dute

Volkswageneko langile bat bozkatzen, atzo eguerdian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2023ko otsailaren 17a
00:00
Entzun
«UGT!, UGT!». Oihuka, pozarren ospatu zuten UGTko ordezkariek atzo garaipena, Volkswageneko hauteskunde sindikaletako emaitzak pantailan azaldu zirenean. Aise irabazi zuten. Atzo, Landabenen bozkatzeko eskubidea zuten 5.000 langileetatik 4.345ek eman zuten botoa, eta UGTk 1.612 lortu zituen. Alegia, jokoan ziren 31 ordezkarietatik hamahiru eskuratu ditu, 2019an baino bat gehiago. CCOO bigarren geratu da, zortzi ordezkarirekin. ELAk jauzia eman du, eta bi ordezkari gehiago ditu. LAB eta CGT, berriz, berdin geratu dira: bata hirurekin eta bestea bi kiderekin. Kontuan izanik 2019an baino bi kide gehiago zeudela jokoan, eta Confederacion de Cuadros ez dela aurkeztu, UGTk eta ELAkjakin dute abagune hori baliatzen, langileen batzordeko kide kopurua handitu dutelako.

«Emozio, alaitasun eta ardura handia sentitzen dut». Horiexek izan ziren UGTko Alfredo Moralesek eginiko lehen hitzak. Beste lau urtez batzordeko buru izango da, eta onartu du pandemiaren eta hornidura krisiaren ondorioz «lau urte zail» utzi dituztela atzean. «Ulertzeko zailak diren erabakiak hartu behar izan ditugu, baina fabrikak ondo funtzionatu du, eta etorkizun ona du». Uste du kanpaina zaila izan dela eta «uste baino emaitza hobeak» lortu dituztela. Pozik azaldu da asteon auto elektrikora egokitzeko VWek baieztatu duelako 1.024 milioi euro inbertituko dituela. Dena den, ohartarazi du inbertsioa gauzatu arte eta 2026ra iritsi arte «basamortuaren zeharkaldia» geratzen dela, eta urte konplikatuak izango direla.

CCOOk botoen %28,4 bildu ditu: fabrikan zazpi kide eta teknikarietan bat lortu ditu. Carlos Zalduendok goraipatu du «bigarren» direla oraindik ere. «Bai fabrikan bai teknikarien artean boto kopurua handitu dugu, baina ez digu eman ordezkari kopurua handitzeko. Pena bat da, baina beti da ona boto gehiago lortzea».

ELA izan da gehien igo den sindikatua, bi ordezkari gehiagorekin. Gainera, lehen aldiz, teknikarien artean delegatu bat erdietsi dute. Gogoan izan du, gainera, duela zortzi urte bi kide zituztela. «Txiripaz lortu genuen emaitza hura, 192 botorekin. Orain, berriz, 635 ditugu. Igoera ikaragarria da, ordezkariek egunero egiten duten lanaren eta sindikatuaren politikaren emaitza». UGTren eta CCOOren aurrean «alternatiba» direla gaineratu du.

LABek460 boto eta hiru ordezkari lortu ditu. Raul Portilloren ustez, euren proiektua «berretsi» egin dute emaitzek. «Proposamen asko egin ditugu. Horietako batzuk aurrera atera dira, eta aldi berean lortu duguenpresaren politika batzuk baldintzatzea. Zeregin horretan jarraituko dugu. Lehengo ahalmen bera eta gogo berbera dugu».

276 botorekin, CGTk bi kide izango ditu. Oscar Añorberen arabera, espero zutena bete da. «Zoritxarrez, enpresak irabazi du, eta langileek galdu dute. Gu hiltzat jotzen gintuzten, eta onik atera gara. Beste lau urtez lanean jarraitzeko aukera ematen digu bederen».

Erronka handia aurrean

Ez da makala izango hautatu berri den langileen batzordeak aurrean izango duen erronka. Asteon, hauteskunde sindikalen bezperan, baieztatu du VWek 1.024 milioi euro inbertituko dituela 2027ra bitartean fabrikako instalazioak auto elektrikora egokitzeko. Ondorioz, datozen asteetan etorkizuneko plana deitu dioten industria proiektuaren nondik norakoak negoziatu beharko ditu batzordeak zuzendaritzarekin: hala nola zenbat iraungo duen fabrika egokitu bitarteko trantsizioak, zer ondorio izango dituen lanaldian eta produkzioan, zer formakuntza eta egokitzapen egin beharko duten langileek auto elektrikoaren produkzioak eragingo dituen aldaketei aurre egiteko...

Industria plan horretan, gainera, zehaztu egin beharko da Landabenek zer modelo elektriko hartu beharko dituen bere gain, eta bakoitzetik zenbat ekoitzi gutxi gorabehera. Gainera, horrek fabrika barruan eta handik kanpoko hornidura parkean zer ondorioak izango dituen ikusteko dago. Kontuan izanda, VWen hornitzaile diren enpresek 10.000 enplegu dituztela, giltzarri gerta daiteke auzi hori.

Hornitzaileez gain, fabrika barruan auto elektrikoranzko prozesuak ondorioak izango ditu lan baldintzetan, eta hori guztia hurrengo lan itunean jaso beharko da. Hain zuzen ere, aurten amaituko da lan ituna. Negoziazio kolektibo horretansartuko den gaietako bat izango da langileriaren gaztetzea. Egun batez besteko adina 50 urtekoa da, eta erretiroa aurreratzeko formulak aztertu nahi dituzte sindikatuek, Espainiako Gobernuak errelebo kontratuarekin zer egingo duen zehaztu bitartean.

Beste gai garrantzitsu bat soldata igoerak eta lanaldia izango dira. Hala nola enpresan sartu berri direnen soldata mailak igo nahi dira. Autogintzako lanaldi handienetakoa dutenez, hori ere egokitu nahi dute. Katean sortu ohi diren lesio kopuruen ondorioz, lan osasuna hobetzeko neurriak ere aintzat hartu nahi dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.