UGTko ordezkariak greba eske, baina buruzagiak negoziazioen alde

CCOOk eta UGTk elkarretaratzeak egingo dituzte urtarrilaren 25ean Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Mikel Carramiñana.
Bilbo
2011ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Urtarrilaren 28an erretiroa 67 urtera arte atzeratzeko dekretua onartuz gero greba orokorra iragarriko dutela ohartarazi zioten UGTk eta CCOOk Espainiako Gobernuari, abenduaren 18an eginiko protestetan. Manifestariek lanuztearen aldeko oihu eta txaloekin hartu zuten iragarpena, baina, Bilbon, Iruñean eta Madrilen eginiko elkarretaratze horietatik hiru aste igaro direla, erakunde bietako buruzagiak atzera egiten ari dira egunotan.

Espainiako Gobernuak aspaldi iragarritako erreformarekin aurrera egiteko asmoa berretsi duen arren, lehen bileren ostean grebaren mehatxua alde batera utzi dute sindikatuek. Hala egiaztatu zuen atzo, Bilbon, Javier Cubillo UGTko antolaketa idazkariak, ehunka ordezkariren aurrean.

Batzarra amaituta, UGTko ordezkariek manifestazioa egin zuten, Espainiako Gobernuak Bilbon duen ordezkaritzaraino, pentsioen erreforma salatzen zuen pankarta batekin. Buruzagiek esandakoaren aurka, greba orokorraren aldeko aldarriak izan ziren nagusi. Cubillo ere han zen.

Batzarrean UGTko ordezkariak baretu nahi izan zituen. Zapaterok mahai gainean jarritako erreformaren larritasuna nabarmendu zuen arren, gobernuaren ordezkariengan «adostasuna lortzearen aldeko joera» sumatzen dutela azaldu zuen. Jarrera horri negoziatzeko borondatearekin erantzungo diotela esan zuen. Cubilloren ustez, pentsioen inguruko akordioak egin nahi baditu, Zapaterok «hausnarketa egin eta beste aukera batzuk aztertu beharko ditu».

Negoziazioek, gehienez ere, hamabi edo hamabost egun iraungo dute, eta, azkenean akordiorik egitea ezinezkoa balitz, mobilizazioetara itzuliko liratekeela ziurtatu zuen. UGTkoak, alabaina, ez zuen greba aipatu; bai, ordea, urtarrilaren 25ean Espainian eta Hegoaldean egingo dituzten elkarretaratzeak, CCOOrekin batera.

Bilbon antolatutako batzarrean, Damaso Casado UGT-Euskadiko idazkari nagusiak ere parte hartu zuen. Gobernuak egin asmo dituen murrizketen kontra kalera ateratzeko prest dagoela esan zuen, baina, greba orokorrari dagokionez, Espainiako UGTren parte direla eta, horregatik, «grebara deitzeko erabakia erakunde konfederalak hartuko» duela.

Euskal Herriko gehiengo sindikalak hilaren 27rako deitutako greba orokorrari «erreforman inolako eraginik izango ez duen protesta» iritzi zion, eta, horrez gain, ELA eta LAB sindikatuei batasun sindikalaren aurka joatea leporatu zien, lanuzteak antolatzeko haiekin hitz egin ez dutelako.

ELAren kritika

Pentsioen erreforma negoziatzeko mahaiari buruz ere hitz egin zuen atzo Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak. Emaitza zein den aldez aurretik dakitela, UGTk eta CCOOk jokatzen duten rola zein den galdegin zien sindikatu horietako buruei, «dagoeneko, gobernuak erabaki duelako». Elkarrizketa sozialarekin, berriz, langileak «desmobilizatu» nahi izatea leporatu zien Madrilgo gobernuari eta sindikatuei. Muñozen ustez, «greba orokorretarako eta borrokarako garaia» da hau.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.