Tubos Reunidosek buruzagi berria izango du bizi duen krisi gogorretik ateratzeko. "Nazioarteko merkatuetako zurrunbiloek" eta "alde sozialetik dauden zailtasunek" eragin dute Ulaziaren ordezkapena. "Dimisioa" izan dela ziurtatu du Arabako hodi egileak prentsara igorritako ohar batean, baina aldi berean onartuta enpresak "lidergo berria" behar duela, "oraindik definitu ez diren merkatuaren ezaugarri berrien aurrean".
Petrolioaren prezioaren beherakada handiak gogor astindu zuen Tubos Reunidos, hidrokarburoen industria baita bere hodien bezero nagusietako bat. Donald Trumpek Europako altzairu eta aluminio inportazioei jarritako %25eko muga zergak are gehiago zaildu du Amurrioko taldearen egoera, AEBetan baitu negozioaren zati esanguratsu bat, orain galtzen ari dena. Gauzak horrela, galera handiak izan ditu azken urteetan, eta 2018. urtea ere ez doakio ongi: 11,9 milioi euro galdu ditu lehen seihilekoan —iaz baino %11 gehiago—.
Emaitza txarrei aurre egin eta galerak txikitzeko, Tubos Reunidos berregituraketa prozesu batean dago, eta, horren barruan, Productos Tubulares Traparagango filialetik 157 langile kaleratzeko asmoa adierazi zuen apirilean. Langileek grebarekin erantzun zuten, eta erregulazio espedientea atzera bota zuten Ulaziak eta haren taldeak. Edonola ere, PTko lantaldea txikitzeko asmoa du oraindik.
Ulaziaren eta sindikatuen arteko harremana oso tirabiratsua izan da. Joan den astean, PTko enpresa batzordeak Ulaziari egotzi zion konpainiaren kudeaketa "negargarria".
Gabiola, etxeko gizona
Tubos Reunidos ez da urrun joan Ulaziaren ordezkoaren bila. Etxeko gizon bat aurkitu du, Gabiola enpresako langilea baita 1986. urteaz geroztik. Administrazio kontseiluan sartu zen 1996an, eta organo horretako koordinatzaile izan da iaztik. Haren alboan, Carlos Lopez de las Heras arituko da, zuzendari nagusi gisa. Hura ere aspaldi sartu zen Amurrioko konpainian, 1999an.