Irailean irabazitako guztia galdu da urrian langabezia datuetan. Aurreko hilabetean 3.090 langabe gutxiago zenbatu baziren Hego Euskal Herrian, lanik gabe zeuden pertsonen kopurua atzera aurreko mailara itzuli da: beste 3.128 pertsona gehitu direnez, 147.199 langabe daude orain. Iazko urriarekin konparatuz gero, 8.394 langabe gutxiago daude Hegoaldean.
Herrialdeka begira, Nafarroan igo da gehien langabeen kopurua urrian, 1.421 pertsona gehiago; eta Bizkaian ere milatik gorakoa izan da hilabeteko igoera, 1.073 langabe gehiago baitaude. Edonola ere, urrian erroldatutako langabe gehiago zeuden Gipuzkoan (+551) eta Araban (+83) ere.
Langabeek kopuruaren igoeraren ia erdia zerbitzuen sektorean gertatu da bai Nafarroan eta bai Bizkaian. Nekazaritzan ere atzeman da goranzko joera, eta sektore horretan 707 langabe gehiago daude Hego Euskal Herrian.
Langabezia datuen aldean, hobeagoak dira Gizarte Segurantzako afiliazio datuak. Espainiako Lan ministerioaren arabera, urrian irailean baino 19.234 afiliatu gehiago zenbatu dira Hego Euskal Herrian.