Lan itunak

Urrian astebeteko greba eta mobilizaziora deituko du ELAk

"Confebaski zilegitasuna kendu behar zaio; ez dauka gizartearekin inolako konpromisorik", esan du Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak patronalaren Bilboko egoitzaren aurrean. "Diru publikoaz lagundutako 'lobby' bat baino ez da, helburu bakar bat duena: lan eta gizarte eskubideak suntsitzea".

xabier martin
2013ko uztailaren 23a
18:51
Entzun

ELA sindikatuak greba eta mobilizaziora deituko du astebetetez, urriaren 21ean hasita, negoziazio kolektiboaren alde. Hala jakinarazi du sindikatuak Bilbon, Confebasken egoitzaren aurrean egindako elkarretaratzean. Adolfo Muñoz idazkari nagusiak oso hitz gogorrak esan ditu patronalaren aurka, zilegitasuna eztabaidaren muinean jarrita: "Diru publikoaz lagundutako lobby bat baino ez da, helburu bakar bat duena: gizarte eta lan eskubideak suntsitzea". Horregatik, Muñozek dio enpresaburuek ez dutela "inolako konpromisorik" gizartearekin, "zilegitasuna kendu" behar zaiela. 

Confebaskek ez duela negoziazioa nahi adierazi du ELAko buruak, "legearekin nahikoa duelako". Espainiari begira dagoela uste du Muñozek, "made in Spain akordioak" nahi dituelako, "mamirik gabekoak, lotzen ez dutenak". Negoziazio kolektiboan dagoen blokeoa "Confebasken kontua" dela dio Muñozek, eta erantsi du Confebaski ordezkaritza besterik gabe ematen zaiola. "Ez daude hauteskundeak zein enpresa ordezkatzen duten bermatzeko". "Jarrera autoritarioa" izatea, "xantaia" praktikatzea eta langabezia baliatuta "beldurraren estrategia" zabaltzea leporatu dio ELAk. Confebaskek jasotzen dituen kritika eta erasoak bere jarreraren "parekoak" dira, Muñozen arabera.

Ultraaktibitatearen amaiera iritsi denetik enpresak "erasoan" ari direla esan du ELAko buruak, orain arteko lan baldintzak aldatzeko. Kontratazio berriak lan baldintza okerragoetan egiten ari direla salatu du, langileen artean diskriminatuz, gutxieneko soldatak aplikatuz. Hala, mobilizazio astea antolatu du ELAk urrirako, enpresen barruan sindikatuen kokalekua indartzeko eta enpresa akordio gehiago egiteko. Apiriletik ELAk 120 itun sinatu dituela eman du ezagutzera. Enpresaz enpresa azalduko du sindikatuak sektoreko itunak ez direla jadanik derrigor bete beharreko gutxienekoa eta lan baldintzei eusteko enpresa ituna egin behar dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.