Urriaren 15ean inauguratuko da IBMren ordenagailu kuantikoa Donostian

Perez Iglesias sailburuaren ustez, ordenagailuak hainbat arlotan ezagutza sortzea sustatuko du, enpresentzako aukera berriak irekiko ditu, eta kualifikazio handiko pertsonak erakarriko ditu.

IBMren System Two ordenagailu kuantikoa, New Yorken. IRUNE LASA
IBMren System Two ordenagailu kuantikoa, New Yorken. IRUNE LASA
2025eko irailaren 12a
14:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

IBM-Basque Country izena hartuko du Europako ordenagailu kuantiko aurreratuenak, eta haren inaugurazioa urriaren 15ean egingo dute, Donostian, Ikerbasquek Ibaetan altxatu duen eraikin berrian. Uda hasieran iritsi ziren Donostiara ordenagailuaren osagaiak, eta, bitarte honetan, hura osatzeko eta instalatzeko lanak egin dituzte.

System Two ordenagailu bat da, IBMren ordenagailu kuantikorik aurreratuena. Horrek esan nahi du ordenagailua handitu daitekeela moduluka eta mailaka, hasiera batean Donostiara etorri behar zuen System One motakoak ez bezala. Oraintxe bertan, konpainiak halako beste bi ordenagailu baino ez dauzka munduan instalatuta: bat AEBetan eta bestea Japonian. Beraz, Donostiakoa Europako lehena izango da.

Albistea gaur eman du Juan Ignacio Perez Iglesiasek, Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburuak, Miramar jauregian. «Inaugurazio honekin euskal sistema zientifiko-teknologikoa eta bere enpresa sarea indartuko dituen azpiegitura teknologiko bat jarriko da martxan. Hainbat arlotan ezagutza sortzea sustatuko du, enpresentzako aukera berriak irekiko ditu eta kualifikazio handiko pertsonak erakarriko ditu».

150 milioiren inbertsioa

Hilabete barru inauguratuko dute ordenagailu kuantikoa, eta erakundeek teknologia kuantikoetan egingo duten apustu zabalago baten ikur nagusia da.

Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek 150 milioi euroko inbertsioa egingo dute Basque Quantum estrategia osoa garatzeko, 2028ra arte. Horietatik 80 milioi euro konputaziorako izango dira, eta batez ere IBMrekin egingo den lanerako eta ordenagailurako. Gainerako 70 milioi euroak konputagailua hartuko duen eraikina egiteko eta Ikur estrategiaren barruan teknologia kuantikoekin harremana duten proiektuak bultzatzeko izango dira.

Bigarren iraultza betean daude teknologia kuantikoak gaur egun. Dagoeneko ez da soilik fisika kuantikoaren legeak eta egoera kuantikoak erabiltzen direla; orain, jauzi handia egin dute, eta zientzialariak eta teknologoak hasiak dira teknologia kuantikoa menperatzen.

Konputazio kuantikoari dagokionez, etorkizuneko ordenagailuen lasterketan, IBM da —Googlerekin batera—, hain zuzen, lehen postuetan doan konpainia, eta iragarri du 2029rako izango duela akatsei —konputazio kuantikoko oztoporik handiena— tolerantzia izango dien ordenagailua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!