Karrikara itzuliko dira Frantziako sindikatuak. Hala iragarri dute Sebastien Lecornu Frantziako lehen ministroarekin Matignonen izan duten bilkuraren ondotik. Bi ordu baino gehiago iraun du elkarrizketak, baina ez du sindikatuek espero zuten «erantzun argirik» eman. Urriaren 2rako grebara eta mobilizaziora deitu dute sindikatuek. LFI Frantzia Intsumisoak, PS Alderdi Sozialistak, Ekologistek eta Frantziako Alderdi Komunistak babesa adierazi diete berehala.
CFDT, CGT, FO, CFE-CGC, CFTC, Unsa, FSU eta Solidaires batera agertu dira prentsaren aitzinean bilkura hondarrean. Irailaren 18ko mobilizazio «arrakastatsuaren» ondotik langileek «igurikatze zilegiak» zituztela erran du Maryse Leon CFDTko idazkari nagusiak. «Sindikatuek hitza hartu ahal izan dugu, baina lehen ministroak ez du erantzun argi bakar bat ere eman», deitoratu du. Aurrekontu proposamenaren lehen bertsioa eskuratu nahi zuten sindikatuetako ordezkariek, baina Lecornuk ez die halakorik eman. «Aukera galdu bat da», Leonen hitzetan.
«Haustura» iragarri zuen Lecornuk, «edukian zein forman», baina ez dute halakorik ikusi sindikatuetako ordezkariek. «Haserrea» agertu du Sophie Venetitay FSU sindikatuko idazkari nagusiak. «Lehen ministroak ez dio neurria hartu herrialdearen egoerari, lehengo astean gertatu zenari». Irakaskuntzako sindikatuko eledunak gaitzetsi du Lecornuk ez duela erretreten erreforma aipatu ere egin bere lehen hitzartzean: «deskonexioa erabatekoa da». Aberatsenen zergapetzeari buruz, sare sozialetako polemiketatik atera behar dela erran die. «Ongi landutako diskurtsoa da, baina ez dio larrialdi egoerari erantzuten, hala nola justizia fiskala eta justizia soziala, zerbitzu publikoak diruztatzeko».
Sindikatuen erranetan, Lecornuk adierazi die Frantziako V. Errepublikan inoiz izan den lehen ministrorik ahulena dela. «Horrek erakusten du indar posizio batean gaudela», ondorioztatu du Sophie Binet CGTko idazkari nagusiak. «Irailaren 18an milioi bat herritar mobilizatu ziren karriketan, baina ez dute erantzunik izan haien arrangurari eta eskaerei dagokienez». Urriaren 2ko mobilizazioa indartzera deitu du Binetek.
Ikasturtea hasi denetik, Emmanuel Macron presidentearen politikaren kontra antolatzen den hirugarren mobilizazio sozial handia izanen da.