Urrira arte 46 behargin hil dira lanean aurten, iazko epe berean adina

24 orduko grebara deitu dute Mungiako Tecnicas Hidraulicasen, azken istripu hilgarria salatzeko. Patronalaren «erantzukizunaz» aritu dira sindikatuak

Abuztuan Gasteizko Michelinen izandako lan istripu baten aurkako protesta bat. JUANAN RUIZ /ARGAZKI PRESS.
xabier martin
2016ko urriaren 14a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Beharrean hiltzen diren langileen kopurua ez da jaisten ari. Herenegun Mungiako Tecnicas Hidraulicasen hildako 42 urteko behargin donostiarrak iazkoaren parean jarri du aurtengo zerrenda beltza. Urriaren erdialdera arte 46 langile hil dira Euskal Herrian, lanerako bidean eta gertaera naturalengatik ere zendutakoak barne, aurreko urteko epe berean hil ziren bezain beste. Aurreko urteko urriaren 20an hil zen iaz 46. behargina, Ezpeletan (Lapurdi). EDF konpainiako langilea zen, eta goi-goitik erorita zendu zen. Herenegun, Mungian (Bizkaia) egokitu zen zenbaki beltz bera, Hernaniko Talleres Leorpe enpresako langile bat xafla batek emandako kolpearen eraginez hil zenean. Azpikontratatuta ari zen Tecnicas Hidraulicasentzat.

Mungiako enpresako langile batzordeak 24 orduko grebara deitu du urriaren 17rako. Horrez gain, gaur bertan protesta egingo dute sindikatuek, eguerdian, Ibarluze industrialdean, Tecnicas Hidraulicas enpresaren aurrean. ELAk, LABek eta CCOOk protesta egitera deitu dute. Sindikatu nagusiek samina eta elkartasuna agertu die beharginaren familiari eta lankideei, eta, horrekin batera, gertatutakoaren «erantzukizunaz» hitz egin dute. ELAren arabera, «lantegietan prekaritatea zabaltzea ahalbidetzen duen ereduaren ondorio zuzena dira laneko heriotzak». Adolfo Muñoz buru duen sindikatuaren ustez, «enpresek, oro har, beste ezeren gainetik irabaziak lehenesten dituzte, langileen osasuna eta bizitza arriskuan jarriz».

Irabaziak vs segurtasuna

LABen salaketa gogorra Confebask patronalarentzat izan da. «Confebaskek modu lotsagarrian errepide eta lan istripuak berdintzen ditu, zorigaitzaren ondorio balira bezala». Sindikatu abertzaleak dio lan istripuetan badaudela «erantzuleak», ikerketek erakusten duten moduan. «Ez da zorigaizto edo zorte kontua».

ELAk bezala, sokaren bi muturretan jartzen ditu LABek irabaziak eta segurtasuna. «Nazka-nazka eginda gaude, eredu honek ekartzen digun ondorioekin, egoera honen erantzuleen mezu eta hitz lotsagarriekin, irabaziak lehenesten baitira langileen osasunaren eta bizitzaren aurretik».

Gipuzkoako Batzar Nagusiek ere samina eta elkartasuna adierazi zioten atzo lanean hildako behargin donostiarraren familiari. Lan segurtasunari eta osasunari buruzko kanpaina berriak «ezinbestekoak» direla jasotzen du onartu zuten idatziak. Era berean, enpresariei eta langileei, bi aldeei, lan segurtasunari eta osasunari buruzko araudia «zorrotz» betetzera dei egiten die oharrak. «Lan istripuen aurkako babes handiena prebentzioa eta trebakuntza dira». Halaber, «lanean egindako segurtasun eta osasun delituen aurka egiteko» eskatzen die erakunde guztiei.

Lan istripuak ez dira berehala amaituko, ordea; atzo bertan beste lan istripu larri bat egon zen Zierbenako portuan (Bizkaia). 34 urteko behargin batek ebaki sakona egin zuen beso batean, eta anbulantzian eraman behar izan zuten Gurutzetako ospitalera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.