Urtarrilean galdutako bi enplegutik bat berreskuratu da otsailean

Langabe kopurua ere apur bat txikitu da: urtarrilean baino 310 langabe gutxiago daude Hego Euskal Herriko enplegu bulegoetan.

Langilea
Emakume bat lanean, Etxalarko galtzerdi enpresa batean. ANDONI CANELLADA / FOKU
Iker Aranburu.
2024ko martxoaren 4a
10:00
Entzun

Urtarrileko ohiko kolpetik erdizka berreskuratu da Hego Euskal Herriko lan merkatua. Estatistikoki hilabeterik txarrena izan ohi da urteko lehenengoa, Eguberrietarako egindako kontratu asko hausten direlako eta horrek eragiten duelako langabezia asko handitzea eta Gizarte Segurantzak afiliatu asko galtzea.

Otsailean hasi ohi da lan merkatua urtarrileko kolpetik suspertzen, eta hori gertatu da aurten ere. Urtarrilean 12.428 kotizatzaile galdu zituen Gizarte Segurantzak, eta 6.128 irabazi ditu otsailean, Espainiako Gizarte Segurantzako Ministerioaren arabera. 

Motelago joan da hilabetea enplegu bulegoetan. Urtarrilean 4.125 lagun gehiagok eman zuten izena han, eta otsailean 310 lagunek baizik ez diote ofizialki utzi langabe izateari. Gainera, Nafarroan handitu egin da langabe kopurua (+374). Beste hiru lurraldeetan jaitsi egin da, eta Gipuzkoan bereziki (-382). 

Guztira, otsailean 141.582 lagun zeuden langabe gisa erregistratuta Lanbideren eta Nafar Lansareren bulegoetan, 2023ko otsailean baino 3.078 gutxiago. 2008ko otsailera arte joan behar da hilabete horretan hori baino kopuru apalago bat ikusteko.

Emakumeak, okerrago

Langabezia erregistratuaren datuak INEren biztanleria aktiboaren inkestarekin erkatuz gero, Hego Euskal Herrian %10,2 langabezia tasa bat legoke. Kopuru nabarmen apalago bat eman zuen INEren inkestak; haren arabera, 2023 amaieran langileen %7 zeuden lanik gabe.

Inkesten eta erregistroen arteko beste aldea sexuaren araberako langabeziari dagokio: inkestetan ia ez dago alderik gizonen eta emakumeen artean, baina Espainiako Enplegu Ministerioaren datuek diote langabezia askoz handiagoa dela emakumeen artean. Horrela, langabeen %58,3 dira emakumeak, eta %41,7 gizonak. Edo bestela esanda, gizon aktiboen artean %8,2 daude lanik gabe, eta emakumeen %12,3. Otsailean, gainera, gehiago jaitsi da langabezia gizonen artean (-220) emakumeen artean baino (-90). 

539

Aurretik lanik ez zutenen artean hazi da langabezia otsailean. Zehazki, urtarrilean baino 539 gehiago ari dira orain lan bila. Jaitsierak izan dira, berriz, zerbitzuetan (-670), industrian (-122) eta eraikuntzan (-62).

Eusko Jaurlaritzako Lan Sailak gustura hartu ditu langabeziaren otsaileko datuak. Alfonso Gurpegi Enplegu sailburuordeak nabarmendu du azken hamasei urteotako kopuru apalena dela. Onartu du, ordea, arazo bat dagoela gazteekin: haien artean soilik ugaritu dira otsailean enplegu bilatzaileak. «Arreta berezia eskainiko diegu, azken hilabetean 3.742 lagun lehen aldiz agertu direlako lehen aldiz Lanbidera; %40 etorkinak ziren, emakume asko haien artean. Aurretik esan dugun zerbait baieztatu dugu: enplegua aurkitzeko espektatibak daude zerbitzu publikora joz gero».

Nafarroako Gobernuak garrantzia kendu dio otsailean langabezia bere eremuan handitu izana — «2019az geroztik, hala egiten du otsailean»—, eta nabarmendu du enplegua «maila historikoan»  jarraitzen duela eta duela urtebete baino %4,2 langabe gutxiago daudela.

Sindikatuak, ezkorrago

Irakurketa ezkorrago egin dute sindikatuek. LABek ziurtatu du sektore prekarioenetan sortzen dela enplegua, eta martxoaren 8aren atarian egonda, emakumeek lan baldintza kaskarragoak dituztela azpimarratu du. Bere datuen arabera, azken urtean emakumeei egin dizkieten kontratuen %61,4 lanaldi partzialekoak dira, eta lanaldi horrekin ari dira emakume langileen %26,8 —gizonen artean, berriz, %11,3—. Aldizkako kontratu finkoak azken hilean jaitsi diren arren, hirutik bi emakumeek betetzen dituztela ere gogoratu du LABek.

CCOOk, bere aldiz, azaldu du langabeak gutxitu arren handitu egin dela beste enplegu bat bilatzen duten landunen kopurua. Kontratazioei dagokionez, lan erreforma «neke zantzuak» ematen ari dela ziurtatu du, aldi baterako kontratuak askoz gehiago hazi direlako kontratu finkoak baino.

ELA ere ez dago pozik. «Enpleguak hilabete batzuk daramatza geldirik, eta datu horiek joera hori berresten dute berriz ere», esan du eta bi datu nabarmendu ditu: sinatu diren lau kontratutik bat besterik ez da mugagabea, eta langabezia tasa Europako Batasunekoa baino lau puntu handiagoa da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.