2024. urtea ohiko enplegu galerarekin hasi da

Abenduan baino 4.125 langabe gehiago daude Lanbiden eta Nafar Lansaren. 12.428 afiliatu galdu ditu Gizarte Segurantzak.

Nafar lansare
Nafar Lansareren bulego bat, Iruñean.
Iker Aranburu.
2024ko otsailaren 2a
10:30
Entzun

Urtero bezala, urtarrileko aldapa iritsi da lan merkatura. Enpleguak gora egiten duen eta afiliazioak behera egiten duen hilabetea izan ohi da urteko lehenengoa, besteak beste, Eguberrietako kanpainarako kontratatutako langile askori enplegua amaitzen zaielako. 2024. urtea ez da salbuespena izan: gora egin du langabe kopuruak, eta behera, berriz, lana egiten dutenenak.

Datu kaskarren irakurketa baikorra egin du Eusko Jaurlaritzak. Urtarrileko igoera gorabehera, langabezia tasa azken hamabost urteotako txikiena dela nabarmendu du Alfonso Gurpegi Enplegu sailburuordeak, eta hasi berri den urtea enpleguarentzat ona izango dela gaineratu du: «Analisi guztiek adierazten dute urtean zehar enplegua sortuko dela, enpresek kontratatzen jarraituko dutela, eta konfiantza maila mantendu egiten dela».

Datuen alde onena atera nahi izan du Miriam Marton Nafar Lansareko zuzendariak ere: «Ohi baino mugatuagoa izan da igoera, kontuan hartu behar dugulako igoera txikienetan hirugarrena izan dela serie historikoa dagoenetik [2008tik]».

Irakurketa negatiboagoa egin dute, berriz, sindikatuek. «Joera kezkagarria» ikusi du ELAk, eta ohartarazi du agian ez dela koiunturala. «Gainera, behin-behinekotasuna hazi egin da; urtarrilean erregistratutako kontratuen %75,9 aldi baterakoak izan ziren. Bien bitartean enpresa handiak mozkinen hazkunde handien berri ematen ari dira».

Enpleguaren prekaritatea azpimarratu du LABek. Haren esanetan, Hego Euskal Herrian bi herritarretik bat prekaritate ekonomiko egoeran bizi da, «enplegua eduki arren, diru sarrera ez-nahikoekin». Horregatik kritikatu ditu «langabeziaren beherakada marketin kanpaina gisa baliatzen dutenen erantzukizun axolagabea», bere iritziz, egiturazko prekaritate egoera ezkutatzen baitute.

Nafarroako CCOOk aldarrikatu du helburua izan behar duela guztientzat enplegua izatea, eta babes neurri hobeak eskatu ditu «langileek ez ditzaten merkatuaren gorabeherak pairatu».

UGT-Euskadik, bere aldetik, ziurtatu du «premiazkoa» dela aldizkako langile finkoen eta lanaldi partziala duten langileen egoera hobetzea, eta oroitarazi du kontratu horiek dituzten askok ez dutela beren borondatez hautatzen.

Langabezia: 4.125 langabe gehiago

SEPE Espainiako enplegu zerbitzuen arabera, Hego Euskal Herrian 141.892 lagun zeuden langabe gisa erregistratuta Lanbideren eta Nafar Lansareren bulegoetan, 2023ko abenduan baino 4.125 gehiago. Iazkoa baino galera handiagoa da, orduan 2.495 langabe batu baitziren zerrendetara urteko lehen hilabetean.

Batez ere Bizkaian (+2.454) eta Gipuzkoan (+1.128) handitu da langabezia. Nafarroan 675 gehiago dira; Araban, berriz, abenduan baino 132 langabe gutxiago daude erregistratuta.

Lau lurraldeetan, ordea, duela urtebete baino langabe gutxiago daude: 1.335 gutxiago Nafarroan, 939 gutxiago Araban, 399 gutxiago Bizkaian eta 338 gutxiago Gipuzkoan. Nolanahi ere, azken lurralde horretan daude, proportzionalki, langabe gutxien, bai SEPEren datuekin, baita INEren eta Eustaten datuekin ere.

Ohi bezala, zerbitzuetan handitu da gehien langabezia urtarrilean (+3.803), orain lana galdu duten gehienak Eguberrietarako aldi baterako lana aurkitu zutenak baitira. Aurretik lanik ez zuten 385 lagunek eman dute izena langabeen erregistroan. Industrian, ordea, ia ez da aldaketarik izan (-12), eta eraikuntzan apur bat jaitsi da langabeen kopurua (-89).

Zerbitzuetako langabeziaren igoerak islada izan du, noski, sexuen araberako banaketan: hamarren bat egin du gora emakumeek langabe guztien artean duten portzentajea, %58,3raino.

Gizarte Segurantza: ohiko galera handia

Gizarte Segurantzak, bestalde, batez beste 12.428 afiliatu gutxiago izan zituen urtarrilean. Azken hamar urteotako batez besteko enplegu galera da hori, eta iazkoaren oso antzekoa (-12.237). Edonola ere, egoera duela urtebete baino hobea da, orduan baino 24.192 kotizatzaile gehiago baititu Gizarte Segurantzak, eta 1,3 milioitik gora jarraitzen du.

Hiru arlok biltzen dituzte urtarrileko enplegu galera: 2.700 kotizatzaile gutxiago daude osasun eta gizarte zerbitzuetan, 1.900 gutxiago ostalaritzan, eta ia 1.800 gutxiago merkataritzan.

Esanguratsua da autonomoen galerak ez duela etenik. Duela urtebete baino 2.000 gutxiago dira, eta duela bost baino 6.500 gutxiago, nahiz eta 2019 hasieratik Gizarte Segurantzak 72.000 kotizatzaile irabazi egin dituen.

Kontratazioa: lautik bat mugagabea

Azken bost urteotako beste aldaketa bat da kontratazioan gertatutakoa. 2021eko lan erreformak zailtasunak jarri zizkion aldi baterako kontrataziori, eta kontratu mugagabeak bultzatu zituen. Horrela, 2019ko urtarrilean egindako kontratuen %8,6 baizik ez ziren mugagabeak izan, eta aurtengoan, berriz, %24,1 izan dira. Igoera handia da, eta lanaren behin-behinekotasuna txikitu du: 2019ko urtarrilean langileen %50,4k zuten lanaldi osoko kontratu mugagabea, eta %56,9 dira bost urte geroago.

Baina kontratu mugagabeen artean asko handitu dira lanaldi partzialekoak (%9,7tik %12,8ra) eta aldizkako kontratu finkoak (%1,7tik %3,6ra) ere. Prekariotasun handiago hori batez ere emakumeek pairatzen dute, haienak baitira mota horretako hamar kontratutik zazpi baino gehiago.

Gainera, Hego Euskal Herrikoak dira kontratu mugagabeen portzentaje txikienak dituzten autonomia erkidegoak. Katalunian, esaterako, urtarrilean sinatutako kontratuen %42,5 izan dira mugagabeak, %37,8 Errioxan, eta %34 Galizian.

Langabezia saria, erdientzat ere ez

Langabeen %28,4k jaso zuten abenduan langabezia saria joan den abenduan (ordukoa da azken datua), eta beste %18,4k subsidioa eskuratu zuten. Ez dira kopuru handiak, baina are okerragoak ziren duela bost urte (%25 eta %13,5, hurrenez hurren).

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.