Urtarrilean iritsiko da ekhi dirua Bilbora, Bizkai osora zabaldu aurretik

Aiaraldeko diru osagarria, 'ogerleko' izenekoa, abenduaren erdialdetik aurrera hasiko dira erabiltzen

Bizkaiko eraikinak azaltzen dira ekhi billeteetan. EKHI TXANPONA.
Iker Aranburu.
2013ko azaroaren 27a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Beste bi diru alternatibo sortuko dira hurrengo asteotan. Urtarrilean erabiltzeko moduan izango da ekhi izenekoa, Bilboko Zazpikaleetan lehenik, baina Bizkai osorako dirua izateko asmoarekin. Aurretik, abenduaren erdialdean, ogerlekoak ikusiko dira Aiaraldean, Araban.

Bi urteko lanaren fruitua izango da ekhi dirua. Haren bultzatzaile Ekhi Txanpona taldea diru ekarpenen bila ari da orain, urtarrilean dirua jaulki ahal izateko. 7.500 euro bildu nahi ditu billeteen inprimaketa eta irteerako beste gastuak ordaintzeko. 2.900 bildu ditu jada.

Billeteen diseinua jada prest dute elkartekoek. 1, 2, 5, 10 eta 20 eurokoak izango dira, eta Bizkaiko eraikin esanguratsuak agertuko dira, haien artean Balmasedako zubia, Gaztelugatxe, Gorbeiako gurutzea eta Bilboko San Anton eliza.

Ekhi batek euro baten balioa izango du, eta oraingoz Bilboko Zazpikaleetako 35 saltokik eta ostalarik onartuko dute. Ogerlekoa, berriz, Amurrio, Artziniega eta Laudioko 90 saltokitan erabili ahalko da.

Ekhi, ogerleko eta munduan zehar dauden beste 5.000 diru osagarrien asmoa da diruaren zirkulazioa murriztea, tokian tokiko enpresa,negozio eta gizarteen alde egiteko. Izan ere, diru horietan ordaindutako produktua txanpon hori onartzen duten hornitzaileak ordaintzeko erabiltzen da, tokian tokikoa beraz.

Euskoak, ia urtebete

Ekhia eta ogerlekoa ez dira Euskal Herrian zirkulazioan izango diren lehen diru osagarriak. Joan den urtarrilaren amaieraz geroztik euskoa darabilte Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, eta uste baino erantzun zabalagoa jaso du. Azaroan beste hamalau enpresa edo saltokik onartu dute euskoa erabiltzea, eta jada 496 dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.