Urtarriletik aurrera beste bi hilabetez atzeratuko da erretiro adina Hegoaldean

Erretiro pentsioa 1.803 eurokoa da batez beste, eta 2026an 49 euro gehiago. Pentsioak kalkulatzeko sistema berria jarriko da martxan, eta Gizarte Segurantzak erabakiko du zein kasutan ezarri.

Pentsiodun batzuk, Bilboko plaza batean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Pentsiodun batzuk, Bilboko plaza batean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
jokin sagarzazu
2025eko abenduaren 26a
13:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gero eta erretiratu gehiago, gero eta pentsio hobeekin. Gizarte Segurantza tentsio horri aurre egiten ari zaio, eta egin beharko dio datozen urteetan. Hego Euskal Herrian 6.578 pertsonak hartu dute erretiroa aurten, eta horien kostua %4,9 handitu da, pentsio horien batezbestekoa handitu egin baita: 1.800 euro hilean, %3,5 gehiago. Horrek hilero beste 42 milioi euro gehiagoko kostua ekarriko du.

Urtez urte handitzen ari den zulo hori txikitu eta Gizarte Segurantzaren gastua eta diru sarrerak orekatzeko asmoz, pentsioen sisteman hainbat erreforma egin dituzte azken urteetan. Hala, 2026arekin batera, beste kapitulu bat hasiko da. Urtarriletik aurrera, horiek kalkulatzeko sistema berri bat ezarriko da, erretiro adina beste koska bat atzeratuko da, eta langileen kotizazioak igoko dira, besteak beste.

Bi sistema batera

2026ko berrikuntza nabarmenena erretiroa hartzen dutenen pentsioa kalkulatzeko sistema berria izango da. Orain arte indarrean egon denak —eta denbora luzez ere egongo denak— azken 25 urteetako soldatak eta kotizazio oinarriak hartzen ditu kontuan, hau da, erretiroaren aurreko 300 hilabeteak. Sistema berriarekin, 2026an erretiroaren aurreko 304 hilabeteetatik kotizazio handieneko 302ak erabiliko dira.

2037ra arte pentsioa kalkulatzeko kontuan hartuko diren kotizazio hilabeteak lau hilabetez gehituko dira urtero. Sistema berri hori eta egungoa 2043ra arte batera egongo dira indarrean. 2044tik aurrera, pentsioak azken 348 hilabeteko kotizazioekin (29 urte) kalkulatuko dira, eta horietatik 24 hilabeterik okerrenak baztertu ahal izango dira.

Bi sistemak indarrean egongo diren urteetan, erretiroa hartzen duenari bietako zein aplikatuko zaion, Gizarte Segurantzak erabakiko du ofizioz; kasu bakoitzean onuragarriena dena hautatuko du, hau da, pentsiorik handiena ematen duena.

Teorian, mesede egingo die lan ibilbide etenagoa izan dutenei, lana galdu dutenei eta zaintza lanengatik enplegua aldi baterako utzi behar izan dutenei. Baina kotizazio urte gehiago kontuan hartzen direnez, baliteke proportzioan pentsio txikiagoak jasotzea, lan ibilbideetako hasierako urteetan gutxiago kobratu eta kotizatzen baita.

Aurten erretiroa hartu dutenek 65,7 urte zituzten batez beste, duela hamar urte hartu zutenek baino urtebete gehiago.

Bi hilabete gehiago

2026an, beste urrats bat egingo du erretiro adina atzeratzea eragin zuen 2012ko erreformak. Horrenbestez, beste bi hilabete atzeratuko da pentsioa osorik jasotzeko bete behar den adina, 66 urte eta hamar hilabetera. 2027an, 67 urtera iritsiko da, eta hor geratuko da beste erreformarik ez badago.

Datorren urtean, 65 urterekin erretiroa hartzeko aukera mantenduko da —2013ra arte indarrean egon zen erretiro adina—, baldin eta langileek gutxienez 38 urte eta hiru hilabete kotizatuta badituzte, aurten bezala.

Hurrengoa, trantsizioko azken urtea izango da: 2027tik aurrera, erretiro adina 67 urtera igoko da gutxienez 38 urte eta erdi kotizatu ez dutenentzat; kopuru hori gainditzen dutenek, berriz, 65 urterekin hartu ahal izango dute erretiroa.

Erretiro aurreratua, atzeratuta

Erretiro aurreratua hartzeko aukera, berriz, bi hilabetez atzeratuko da datorren ostegunetik aurrera, bai borondatezkoa, bai behartutakoa. Borondatezkoa hartzeko gutxieneko adina 64 urte eta hamar hilabete izango da, betiere gutxienez 35 urte kotizatuta edukiz gero. 38 urte eta hiru hilabete kotizatu dituztenek 63 urterekin erretiro aurreratua hartzeko aukera izango dute aurrerantzean ere.

Erretiro aurreratua derrigorrezkoa bada —kaleratze baten ondorioz—, erretiroa lau urte arte aurreratu ahal izango da: 2026an, 62 urte eta hamar hilabeterekin, gutxienez 33 urte kotizatu badira; edo 61 urterekin, 38 urte eta hiru hilabete kotizatuta badaude.

Lan merkatua aurretik uzteak, ordea, badu bere kostua: borondatezko erretiro aurreratuan, pentsioa %2,81etik %21era bitarte murriztuko da, aurreratutako hilabeteen eta lan egindako denboraren arabera; behartutakoetan, murrizketa %0,5etik %30erako da.

Partziala, lehenago

Apirilean egin zen pentsio erreformaren azken aldaketa, baina 2026ko urtarrilera arte ez da indarrean sartuko. Horren arabera, erretiro partziala adin arrunta baino hiru urte lehenago hartu ahal izango da —lau urte lehenago manufaktura industriako langileen kasuan—, hau da, 62 urterekin, baldin eta 33 urteko kotizazioa egiaztatzen bada eta errelebo kontratu bat aurkezten bada.

Errelebo kontraturik egon ezean, erretiro partziala erretiro adin arruntetik aurrera hartu ahal izango da: 65 urterekin, gutxienez 38 urte eta hiru hilabete kotizatu dituztenek; eta 66 urte eta hamar hilabeterekin, kotizazio epe hori betetzen ez dutenek.

PENTSIODUNAK
Pentsiodunen mugimenduko kide bat, gutxieneko pentsioa SMIarekin pareka dadila eskatzeko mobilizazio batean. GORKA RUBIO / FOKU

Pentsioen igoera

Pentsioak %2,7 igoko dira urtarrilean, urteko batez besteko inflazioarekin bat eginez. Hego Euskal Herrian, erretiro pentsioen batezbestekoa 1.803 eurokoa da (hamalau ordainsaritan); urte hasieran 49 euro gehiago jasoko dituzte, 1.852 eurora iritsita. Autonomoen artean, batez besteko pentsioa 1.190 eurokoa da gaur egun, eta datorren urtean 32 euro gehiago jasoko dituzte. Alargunen pentsioak, berriz, apalagoak dira: urtarriletik aurrera 1.158 euro jasoko dituzte.

KPIaren gainetik egingo dute gora gutxieneko pentsioek ―%7,07 eta %11,4 artean―, eta nahikoa kotizatu ez dutenenek ere bai (%11,4).

Gutxieneko pentsioak zenbatek jasotzen dituzten ezin da zehazki jakin. Baina 80.000 pentsio inguru dira Hego Euskal Herrian, horiek baitira gutxienekoetara iristeko osagarri bat jasotzen dutenak. Pentsio guztien %11. Emakume pentsiodunen %15,7k jasotzen dute, eta gizonen %5,3k.

Zenbatekoari dagokionez, kontuan hartzen da eskatzen duenak zer adin duen —65 urte baino gehiago ala gutxiago dituen—, eta bakarrik bizi den ala ezkontiderik edo bere kargu seniderik duen ala ez.

Erretiro pentsioen kasuan, bakarrik bizi eta 65 urte edo gehiago dituztenek %7,07ko igoera izango dute, eta hilean 936 jasoko dituzte gutxienez —hamalau ordainketa urtean—, 62 euro gehiago hilero. Igoera handiagoa izango dute, %11,4koa, beren kargu senideren bat badute, hilean 1.257 euro gutxienez.

Bestalde, zahartzaroko eta elbarritasunetarako nahitaezko saria (SOVI) %7,07 igoko da datorren urtean. Hilean 600 euro jasoko dituzte beste pentsiorik jasotzen ez dutenek, eta 582 euro besterik jasotzen dutenek.

Nahikoa kotizatu ez dutenen pentsioek ere, pentsio ez-kontributiboek, %7,07ko igoera izango dute. Hego Euskal Herrian 16.000 bat lagunek jasotzen dute. Datorren urtean 629 eurokoa izango da hilean, aurten baino 64 euro gehiago.

%45

SMItik beherako pentsioak dituztenak Batez besteko pentsioa 1.600 euro izan zen abenduan Hegoaldean, baina hori ez da pentsio ohikoena. Pentsiodunen mugimenduaren arabera, 240.319 pentsiodunek jasotzen dute SMI lanbide arteko gutxieneko soldata baino gutxiago, pentsiodun guztien %45. Gaur egun SMIa 1.381 eurokoa da. Espainiako Gobernuak oraindik ez du ezarri datorren urterako igoera; hori negoziatzen ari da.

Bizitzeko gutxieneko diru sarrerak, berriz, igoera handiagoa izango du: %11,4koa. Hego Euskal Herrian 691 euro izango dira batez beste, jasotzen duena bakarrik bizi den ala ez kontuan hartuta. 37.000 lagunek jasotzen dute, eta hamarretik sei emakumeak dira.

Beste pentsio guztiak bezala, gutxieneko diru sarrera bateragarria da Eusko Jaurlaritzak ematen duen DSBE diru sarrerak bermatzeko errentarekin eta Nafarroako errenta bermatuarekin. Gutxieneko diru sarreraren kasuan, Espainiako Gizarte Segurantzak ordaintzen du dagokion zatia, eta besteek DSBEa eta errenta bermatua osatzeko gelditzen den tartea.

Gurasotasun osagarria

Beste berrikuntza bat dakar 2026ak. Urtarriletik aurrera, erretiroa hartu duten gurasoek ez dute igoera gehigarririk jasoko seme-alaba bakoitzeko. Laguntza horri pentsioen igoera orokorra (%2,7) aplikatuko zaio soilik: 35,9 eurotik 36,9 eurora igaroko da. Hego Euskal Herrian mota horretako 43.866 pentsio ematen dira, eta 73 euro batez beste.

Osagarri hori 2021etik dago indarrean, baina Espainiako Gobernuak aldatu beharko du, aitek ere baldintza berberetan jasotzeko aukera izan dezaten, Bruselak hala aginduta, eta oraingoz eten egingo du igoera.

Bestalde, 2026tik aurrera, haurren jaiotzagatiko edo adopzioagatiko lan etenaldiak izan dituzten emakumeek eta gizonek aukera izango dute kotizatu gabeko epeak osatzeko. Orain arte, Gizarte Segurantzak gehienez 48 hilabete hartzen zituen bere gain %100ean; aurrerantzean, 60 hilabete %100ean osatuko ditu eta beste 24 hilabete %80an.

Kotizazioak gora

Bigarren urtez jarraian, kotizazioak igoko dira, baina zehazteko dago oraindik zenbat igoko den, lanbide arteko gutxieneko soldataren (SMI) neurri berean handitzen baita, eta hori negoziatzen ari baitira oraindik.

Gehieneko oinarritik (4.909,5 euro) gora kotizatzen dutenen kasuan, berriz, jakina da zenbat igoko den: %3,9, eta gehieneko oinarritik gorako zatian gehigarri bat aplikatuko da —%1,15 eta %1,46 artekoa, elkartasun kuota deiturikoa—. 2024. urtea baino lehen gehieneko oinarrian kotizatzen zuten langileei ez zitzaien inolako igoerarik aplikatzen.

Horrez gain, langile guztiek —autonomoek barne— gehiago ordaindu beharko dute belaunaldien arteko ekitate mekanismoaren (MEI) igoeragatik: %0,80tik %0,90era pasatuko da. Horren %0,75 enpresaren kontura izango da, eta %0,15 langilearen kontura.

Autonomoenak zehazteke

2022an adostu zuten autonomoen kotizazio sistema berria eta 2025ean jarri da indarrean. Horren helburua da errendimendu garbien arabera kotizatzea. Gaur egun, hamabost tarte daude, eta autonomoek horietako bat aukeratu behar dute, beren diru sarreren aurreikuspenen arabera. Tarte horiek hiru urtean behin berritzen dira, eta 2032ra arte eguneratuko dira.

2026-2028 eperako, gobernuak proposatu du gutxien irabazten duten autonomoen kuotak izoztea, eta diru sarrera handiagoak dituztenentzat %1etik %2,5era arteko igoerak aplikatzea —hilean 2,5 eta 14,75 euro artean—, belaunaldien arteko ekitate mekanismoaren eguneraketarekin batera. Autonomoen elkarteek ez dute proposamena ontzat eman, eta negoziazioek irekita jarraitzen dute. Bitartean, tarte guztiak izoztuta egongo dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.