Volkswagen

Urte eta erdiz, VWek 400 langile gutxiago beharko ditu Nafarroan

Lan ituna negoziatzeko lehen bileran, multinazionalak berretsi du 2026ra arte produkzioa murriztu beharko dela, baina uste baino gutxiago. UGTk «bermeak» izatea eskatu du

Landabenen ekoitzitako autoak, parkingean. NAFARROAKO VOLKSWAGEN.
joxerra senar
Iruñea
2023ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Landabenen ondo dakite auto elektrikora egokitzeko prozesua zaila izango dela. Trantsizio epe horren iraupena eta baldintzak ez dira finkoak, eta horrek ez du laguntzen zeharkaldi luze horren ondorioak zehatz-mehatz neurtzen. Urte hasieratik, Volkswagenek ohartarazi du obrek irauten duten bitartean nabarmen murriztuko dela produkzioa, baina horrek enpleguan zenbateko eragina izango zuen jakitea falta zen. Atzo, hurrengo lan hitzarmena negoziatzeko lehen bilera ofizialean, azkenik kopuru bat jarri zuen zuzendaritzak: 2024 erdialdetik 2025 amaiera arte 400 langile gutxiago beharko dira Iruñeko fabrikan. Haatik, zuzendaritzak langileen batzordeari ziurtatu dio 2027tik aurrera egungo enpleguari eutsi ahalko zaiola.

Aurten amaituko da egungo lan ituna. Hala, auto elektrikoaren ekoizpenera egokitzeko prozesuak fabrikaren antolamenduan eta lan baldintzetan izango dituen ondorioek erlazio zuzena dute, eta, hortaz, industria planaren eta lan hitzarmenaren negoziazioak bide beretik doaz. Jokaleku berezi honetan, aurrekoek baino are garrantzi handiagoa hartu du lan itunaren negoziazioak. Horregatik, enpresak eta sindikatuek inoiz baino lehenago ekin diote elkarrizketari.

Mahaia, osatuta

Iragan astean osatu zen mahaia. Alde batean, VWeko zuzendaritzako hamabi kide eseriko dira, eta sindikatuen aldean, beste hamabi —UGTk eta CCOOk hiruna ordezkari izango dituzte, eta ELAk, LABek eta CGTk, bina—. Dena den, otsaileko hauteskundeetan erakunde bakoitzak lortutako ordezkaritza aintzat hartuko da, noski: UGTk %42koa du; CCOOk, %26koa; ELAk, %16koa; LABek, %10ekoa; eta CGTk, %6koa.

Mahaia osatuta, atzo bildu ziren estreinakoz, eta zuzendaritzak berehala jarri zituen kartak mahai gainean. Obrak datorren urte erdialdean hasiko dira, eta 2025eko amaiera arte bederen irautea espero da. Bitarte horretan, VWeko langileek bi txanda eta erdiz egingo dute lan. Orain, egunean hiru txanda dituzte, eta egokitzapen hori astean nola antolatzen den negoziatu beharko da. Miguel Angel Grijalba Produkzio zuzendariaren arabera, ondorioz, «laurehun pertsona gutxiago» beharko dira urte eta erdiz. Gaur egun, Landabenen 4.500 langile daude 5.000 guztira, errelebo kontratua duten langileak gehituta—.

Testuinguru aldakorra izaki, VWek produkzio aurreikuspenak moldatu ditu hilabeteotan. Udaberrian ohartarazi zuen bazitekeela egungo auto produkzioa erdira murriztea 2025etik aurrera, eta 150.000 auto inguru egiteko erritmoan ekoitzi beharko zutela bolada luze batez. Atzo, berriz, leundu egin zituen kopuru horiek: 2024an 255.000 auto ekoitziko dira; 2025ean, 215.000 ibilgailu; eta 2026an, 200.000 inguru.

Datu horien atzean azalpen teknikoak daude. Alde batetik, obren hasiera atzeratu egingo da hilabete batzuez, 2024ko martxotik uda aldera. Bitarte horretan, Polo modeloko autoak egiten jarraituko dute, baina lanak hasten direnean bertan behera geratuko da —Iruñeko lantokiak ezingo du hiru ekoizpen linea aldi berean izan, eta 1984tik fabrikaren ikur izan den modelo arrakastatsua sakrifikatu du VWek—. Ordutik aurrera, Hegoafrikan egingo dituzte.

EBk arnasa eman dio

Bestetik, Europako Batasunak autoen emisioen gaineko Euro 7 bi urtez atzeratu izanak arnasa emango dio fabrikari. Araudiak ezarritako baldintzetara egokitzeak inbertsio handiegia eskatzen zuelakoan, VWek Taigo modeloa egiteari utziko dio, baina baliteke orain erabakia 2027ra arte atzeratzea.

Azkenik, 2026tik aurrera hasiko dira bi modelo elektriko egiten: Skoda markako bat eta VW ID2X. Hain zuzen ere, urte horretatik aurrera fabrikan auto elektrikoak eta errekuntzakoak egin ahalko dituzte —Taigoak 2027ra arte, eta TCross modeloak—. «Malgutasunez aldi berean auto elektrikoak eta konbustiokoak egin ahal izatea etorkizunerako berme bat da, merkatuaren gorabeherei aurre egiteko produkzio maila ziurtatzen baitu», esan du Miguel Angel Grijalba Produkzio zuzendariak.

Izan ere, ikusteko dago gobernuek eta industriak bultzatutako apustuaren neurri berean erantzuten duten erosleek. VWek espero du fabrikak bere ekoizpen ahalmen handiena izango duela obrak bukatu eta hurrengo lan ituna hasten denerako: 2027an 350.000 ibilgailu egitea espero du, eta 2028an, beste horrenbeste. Egungo enpleguari eusteko asmoa duela dio, eta lanpostu gehiago sortzeko aukera ez du baztertu.

UGTk nabarmendu du udaberrian iragarritakoak baino produkzio aurreikuspen handiagoak aurkeztu dituela VWek. Dena den, ez du ezustean harrapatu trantsizio epean lanpostu batzuk sobera izango direla esateak: «Bagenekien helduko zela, eta hari aurre egiteko proposamenak lantzen aritu gara», adierazi du Alfredo Morales langileen batzordeko buru eta UGTko ordezkariak. Sindikatuaren aburuz, bermeak behar dituzte: «Erremintak ziurtatu nahi ditugu datozen bi urteak ahalik eta hobekien iragan daitezen. Industria planaren eta inbertsioen bermeak nahi ditugu; enplegua bermatu nahi dugu; irteten direnei bermeak eman behar zaizkie; eta gure erosahalmena bermatu nahi dugu».

Mezu ezkorragoa transmititu du UPNko Javier Esparzak. «Oso kezkatuta nago. PSNk azalpenak eman beharko ditu. Txibitek esan zuen Landabeni ondo joango zitzaiola, eta ez da hala».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.