U-27ko greba orokorra

Urte gehiago lanean, eta, erretiroa hartzeko orduan, pentsio ordain eskasagoak

Espainiako Gobernuak gaur onartuko du pentsio sistema moldatzea, UGTren eta CCOOren babesarekin

Ivan Santamaria.
2011ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Espainiako Gobernuak gaur eraman nahi du pentsio sistemaren erreforma Ministro Kontseilura. Azkenean, ez du bere kasa onartu behar izango, oso gertu duelako CEOE patronalarekin eta UGT eta CCOO sindikatuekin behin betiko akordioa ixteko aukera. Oinarrian ados jarri ziren alde guztiak asteazken gauean, eta, azken orduko ezusterik ezean, Espainiako gizarte eragileen babesa izango dute erretiroa moldatzeko; hartara, pentsioa jaso ahal izateko, urte gehiagoz lan egin beharko da, eta, erretiroa hartzeko orduan, ordain txikiagoa utziko du.

1. Erretiroaren adina

Erretiroaren adin ofiziala bi urte atzeratuko da. Gaur egun, 65 urte dira, eta, erreformaren ondotik, 67 urte izango dira. Aldaketa ez da bat-batean gertatuko. Erreforma 2013. urtean indarrean sartzea espero dute, eta urtero hilabete eta erdi atzeratuko da. Hala, 2027. urtean erretiroa hartzen duen langilearentzat 67 urte izango dira.

2. Salbuespenak

Erretiroa 65 urterekin eta pentsio osoarekin jaso ahal izango da, baldintza batzuk betetzen badira. Aurreakordioari buruz zabaldu den informazioaren arabera, 38 urte eta erdi kotizatuta dituen langileak aukera izango du 65 urterekin erretiratzeko.

Era berean, lanbide gogor eta arriskutsu batzuentzat muga ez igotzeko prest zegoen gobernua, baina oraindik ez dute jakinarazi erretiro adina luzatzetik libratuko diren lanpostuak.

Espainiako Gobernuak negoziazio mahaira eraman zuen proposamenean 65 urterekin lana utzi ahal izateko 41 urte lan egin behar izateko aukera zetorren.

3. Pentsio osoa

Gaur egun 35 urtez Gizarte Segurantzari kotizatzen dizkion langileak pentsio ordain osoa jasotzeko eskubidea du. Baldintza hori bi urte handituko du erreformak. Hots, 37 urtez lan egitea eta kotizatzea beharrezkoa izango da pentsio ordain osoa lortzeko. Kopuru horretara iristen ez diren langileei koefiziente batzuk ezarriko zaizkie geratuko zaien ordaina murrizteko.

4. Ordainaren kalkulua

Erretiroa hartu eta gero langileak eskura izango duen ordainaren kalkuluan murrizketa oso esanguratsua ezarriko du gobernuak. Orain arte, kotizatutako azken hamabost urteetako ordainaren batez bestekoa hartzen zen kontuan. Hain zuzen ere, azken 24 hilabeteetako soldata izan ezik, aurreko guztiak KPIaren arabera gaurkotzen ziren.

Lege berriarekin ordaina kalkulatzeko lan egindako azken 25 urteak kontuan hartuko dira. Langile gehienen kasuan, azken urteak dira soldatarik handienak uzten dituztenak. Hori dela eta, erabaki horrek geratuko den pentsioa nabarmen murriztuko du.

Neurria justifikatzeko, lan bizitzaren azken partean beharrik gabe geratzen ziren langileei kalterik ez egiteko bidea zela argudiatu izan du Zapateroren gobernuak. Haatik, kolektibo horren egoera zuzentzeko alternatiba zehatza bilatu ordez, beste langile guztiei kalte egin eta pentsio eskasagoa utziko dien neurria hartuko du.

5. Gutxieneko kotizazioa

Pentsio publikoa eskuratzeko hamabost urtez kotizatzea ezinbestekoa da. Denbora tarte horrek pentsio ordainaren erdia kobratzeko eskubidea ematen dio onuradunari. Erreformak ez du aldaraziko puntu hori.

6. Erretiro aurreratua

Erreformaren helburuetako bat erretiroaren adin ofiziala eta erreala hurbiltzea zela adierazi izan du Lan Ministerioak. Horren haritik erretiroa aurrez hartzeko baldintzak gogortuko ditu, baina ez du aukera hori guztiz ezabatuko. Gaur egun, legearen arabera, posible da erretiro aurreratua 61 urterekin hartzea, eta, erreformaren ondoren, 63 urte izatea beharrezkoa izango da. 61 urterekin hartzeko aukera egongo da enpresa krisian sartuta badago.

7. Gazteak eta emakumeak

Pentsioa osorik jasotzeko aukera gutxien dituzten kolektiboentzat —gazteak eta emakumeak—, egoera pixka bat arintzeko bideak irekiko ditu lege aldaketak. Hala, bekadun modura egindako lanak kotizatutako gisa kontatuko du, bi urte bitartean. Hala izango da lana behin-behinean utzi eta haurrak zaintzea erabakitzen duten emakumeentzat ere. Bederatzi hilabeteko kotizazioa haur bakoitzeko, eta gehienez ere bi urte.

8. Sinadura

Espainiako Gobernuaren, patronalaren eta sindikatuen arteko akordioa otsailaren 2an sinatzea espero dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.