Urte hastapenean sorturik, jada hasi da espekulazioaren aurka jarduten Lurzaindia sozietatea. Sei hilabetez, laborantza sailkapena galtzeko arriskua zuten zazpi lur saltze tratuetan erosle gisa agertu da, logika espekulatiboa oztopatzeko asmoz. Horie- tariko hirutan helburua bete du: Safer egiturari prezioa berriz kalkularazirik, salmenta prezioa askoz merkeago finkarazi dute, edo lurrak laborantzarako atxikiarazi dituzte. Beste lau kasuetan afera ez da oraindik trenkatua.
Balorapen oso baikorra egin zuten atzo sozietatearen ordezkariek, Baionan egindako prentsaurrekoan. Herritarrek, elkarteek eta egitura publikoek egin diru ekarpenei esker dabiltza laborantza lurrak salbatzen. 170.000 euro dituzte bildurik eta orotara 350.000 euro dituzte helburu. «Ipar Euskal Herrian laborantza mantentzeko eta azkartzeko tresna beharrezkoa da Lurzaindia, lur eremu bat laborantzatik abian denean ez delako sekula berriz itzultzen», Eduard Exilar laborariak ohartarazten zuenez.
Lurren kudeaketaz arduratzen den Safer egiturarekin «izpiritu aski goxoan» lanean dabiltzala ikusirik pozik agertu ziren ere. Hain zuzen, Lurzaindia aurretik, helburu eta ibilmolde berdinarekin jarduten ari zen GFA Lurra oztopatzen aritu zen Saferra behin baino gehiagotan. «Elkarren beharra dugu, guk haien beharra dugu, baina haiek ere ikusten dute prezioen berrikustea beharrezkoa dela, bai haientzat bai laborantzarentzat», Marie-Christine Elizondok zioenaz.
Safer-arekin egiten duten gisara, hainbat eragilerekin elkarlanean aritzeko gogoa dute. Besteak beste, EPFL Lurraren Erakunde Publikoarekin. «Etxaldeen salmentetan espekulatzen denean, gu lurrez arduratuko ginateke eta EPFL etxebizitzaz».
Botere publikoekin elkarlana
Botere publikoei ere elkarlanerako deia egin zieten. Bien artean sortu indarraren isla gisa eman zuten Gamere-Zihigako kasuaren adibidea. Zuberoako herri horretan lanean zebilen laborari bat kanporaturik, etxalde bat «izugarri kario» salgai jarri zuen jabeak. Salmenta oztopatzeko ahalik ez ukanki, Lurzaindiaren eskaera sostengatzeko mozio bat bozkatu zuen herriko kontseiluak. «Finantza saileko dugun pisua eta herriko hautetsien borondate politikoa uztartu dira ama lurra atxikitzeko. Horrek frogatzen du Lurzaindiak eta lekuko erabakitzaileek lan komuna eta baliagarria egin dezaketela», Marie Claire Leurgorriren hitzetan.
Beste bi eragileri ere bidali zieten mezua. Batetik, lurraren merkatuan dabiltzan agentzia, notario eta ondasun saltzaileei: «Ezin da zernahi egin!». Laborariei ere ardura handia dutela ohartarazi zien Exilarek. Urtero, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoko 1.000 hektarea dira laborantzatik desagertzen.
Lehen zazpi kasuetariko bat Baigorrin kokatzen da. Bi hektarea kendu dituzte espekulazio merkatutik. «Pentsa daiteke soilik bi hektarea direla, baina espekulazioari segi proposatu prezioan saltzen utziz, ondotik prezio hori da erreferentzia bilakatzen». Safer-ak prezioa %75az apaldurik, jabeak merkatutik kentzea erabaki du.
Urte hasieratik zazpi espekulazio kasu oztopatu ditu Lurzaindia sozietateak
170.000 euro dituzte bildurik, laborantza lurrak kolektiboki erosteko eta bertan laborariak ezartzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu